Eugenio Ibarzabal: “Abertzaletasuna gustura sentitzen da Madrilen kontra”

“Gizon moderatua naiz”. Zertan lan egin duen baino zer ikasi duen estimatzen du gaur egun Eugenio Ibarzabalek (Donostia, 1951). Halere, beharrik ez zaio falta izan sigi-saga kontzientean egindako ibilbide luzean. Bankuko zenbakietatik kazetaritzara egin zuen jauzi, ‘Aurtiz’ ezizenarekin, Anaitasunan eta Zeruko Argian idazteko. Geroago sortu zuen ‘Muga’ aldizkari abertzalea, ideologien arteko eztabaidak puri-purian zebiltzan diktadura osteko garaian. Baina, Ibarzabalen aurpegia ezagun bazaizu politikan egin zituen urte apurrengatik izan liteke.

Eugenio Ibarzabal
Eugenio Ibarzabal

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile lanak egin zituen 80ko hamarkadan, Ardanzaren legealdiaren hasieran. Aitzitik, karguei kateatu ordez, PSE-EAJ akordioa eta Eusko Alkartasunaren sorrera tarteko, pertsonalki higatu egin zuen politika errotik utzi zuen: “erabaki hartaz asko pozten naiz”. Hedabideetara itzulita, EITBtik eta TVEtik igaro ostean, bere enpresa sortu eta aholkularitza lanak egin ditu azken bi hamarkadetan, dozenaka enpresa eta instituzioentzako. Harreman pertsonalek duten garrantzian jarri ditu lantaldeen hobekuntzarako zutabeak. Hainbat liburu idatzi ditu garapen pertsonalari buruz azken hamarkadan, eta politikoagoak gazteagoa zenean, Manuel de Irujo eta Koldo Mitxelenari buruz. Harreman estua du Euskal Herriko enpresa sarearekin, eta horienganako mirespena adierazten du, lehiakortasun zein elkarlan pribatuaren onura kolektiboa azpimarratuz.

2014 urterako liburu berri bat idaztea jarri du helburu: biolentziaren jatorriak eta bikote harremanak landuko ditu.  Hain zuzen ere, orain dela 25 urte idatzi zuen ‘La Trampa’ liburuaren gaiak jorratuko ditu beste behin. “Politikaz idazteko gogoa dut, baina fikziotik”. Berriz argitaratu du orain edizio elektronikoan politika-fikziozko eleberria den ‘La Trampa’, liburuak gaur egun sor dezakeen interesaz jakinminez. Orriz orri markatuta gelditzen den bezala, Euskal Herriaren historia hurbil odoltsuak sakonean mindu du Ibarzabal; “hankasartze ikaragarria izan da. Bagenekien gertatuko zela”. Gogoeta irmo horren lekukoa da 1989an Egin-en egin zioten elkarrizketa hau: “biolentzia da gehien kezkatzen nauena”.

Idazlan berria osatu bitartean ‘Pensamientos, vidas y letras’ gaztelaniazko bloga elikatzen dihardu. Elkarrizketaren oinarrian daude gizon polifazetiko honek  sarean idazten dituen gogoetak, iraganeko publikazioak eta ‘La Trampa’-ko gaiak.

[galdera-erantzunak soilik bideoan ikusteko]

1. ‘La Trampa’ eleberrian politika azpijoko eta traizioz deskribatzen duzu. Horrela bizi zenuen zuk?

“Harritu ninduen

EAJren zatiketak sortu

zuen gorrotoak”

2. Politikari eta kazetari ibili zara. Ospe txarreko bi ofiziotan.

Merezi ditugun kazetariak eta politikoak ditugu. Badirudi herria edo jende normala hobea dela. Hori ez da egia, ehunekoak berdinak dira toki guztietan. Ez dakit zergatik beti goian daudenak gaiztoak diren, eta gainontzekoak ez. Hori tontokeria eta gezurra da. Gauza bat gertatzen da, zuhaitz gainean dagoen tximinoari ipurdia ikusten zaiola. Baina, zuk zeurea ez duzu ikusten. Besterik ez da.

3. 1982an ‘Muga’ aldizkariko editoriala abertzaleei: ‘Zer dakigu egiten, kontra egoteaz gain?’. Eta orain?

4. Orain 25 urte Egin-en zenioen biolentzia zela zure kezka nagusia…

“Banekien hau guztia

nola bukatuko zen:

oso gaizki”

5. Zein da zure kezka handiena orain?

Hemengo enpresa. Botere batzuk nahi baditugu, langabeziaren kontra joan nahi badugu, egonkortasuna lortu… enpresarik ez badago, akabo. Enpresaren aurkako eskema ideologikoa sortu da, mundu pribatua txarra edo susmagarria balitz bezala. Mundu publikoa, aldiz, ona, denen interesak betetzen dituena, eta pribatua berekoikeria. Eskema ideologiko horrekin ez goaz inora. Jakin badakigu lana nola sortzen den. Horretarako enpresak behar dira. Ez naiz multinazionalez ari, beste auzi bat da hori. Kezkatuta nago hemengo betiko enpresa txikiekin. Jende langile amorratua, dirua jartzen duena, eta arriskutan sartzen dena. Benetan diot une batean etsipena datorrela. Ahaleginak merezi ote duen galdetzera, nekatu egiten du eta. Beti aurretik tiratzen, beti tiratzen, azkenean leher eginda amaitzen duzu. Nire kezka handiena hori da une honetan, ideologikoki zer sortu den enpresa pribatuaren aurka.

6. Yoyes eta Kubatiren aitek mezetan elkarri bostekoa ematen dietela idatzi duzu. Hori da bakea?

“Gorrotoak biktimari

ematen dio min gehien”

7. Biolentzien zauriak itxiko dira?

Oraindik ez. Ez da denbora kontua bakarrik, beti zauriarekin biziko gara. Espainia mailako Gerra Zibilean, adibidez, bazirudien konstituzioarekin dena itxiko zela. Ez da egia. Zauriak pertsonalak dira. Ni ez naiz inor damua eskatzeko, ez dut autoritatea hori eskatzeko. Baina, esango nuke, besteekin zerbait egiteko jakin behar dudala aldaketa eman dela. Bestela ez dut haiekin egingo. Hori gure herrian arazo handia da. Gauzak benetan aldatu direla ikusi nahi dut. Konfidantza falta ikaragarria dago. Hori sendotzen ez bada zauriek jarraituko dute. Gauzak ezingo dira elkarrekin hain erraz egin, konfidantza falta ikaragarria dagoelako.

8. Enpresa mundua zergatik ez da euskal estatuaren alde agertu? Confebask-eko presidente Lujuak gogor egin berri du aurka.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

8 pentsamendu “Eugenio Ibarzabal: “Abertzaletasuna gustura sentitzen da Madrilen kontra””-ri buruz

  • Ibarretxe eta Otegi matxakatu zituztenak, liburu bat erderaz idatzi zutelako, non daude orain abertzale zintzo eta fin honek liburu guztiak gazteleraz eta blogean hitz bakar bat ere euskaraz ez daukala salatzeko?

    • Eta nor da Eugenio Ibarzabal hau? Otegi eta Ibarretxeren laguna dela diok? Ez diat ezagutzen…
      Lastima, abertzale ‘fin eta zintzo’ guztien eguneroko jarduna segitzeko gai banintz, hori boterea!
      Kontxo, utziguk denbora pixka bat, eta larrutuko diagu bera ere.
      Zeren, ez duk oso abetzale ‘fin eta zintzoa’ izango, espainola besterik ez badarabil…
      Edo akaso uste duk gizon honek espainolez jarduteak Otegi eta Ibarretxerena zuritzen duenik?

  • Oso interesgarria iruditzen zait independentziaren aurka esaten duena. Hurrengo batean, Santiago Abascal izeneko morroi baten iritziak ere jaso beharko zenituzkete.
    Nazio guztietan ( bereziki Polonia, Hungaria, Algeria, Kuba, Estatu Batuak eta Errusian ) oso ariketa sanotzat dute bere nazioaren independentziaren aurkako iritziak hedatzea.
    Segi bixkor.

  • Barkatu, Danimarka aipatzea ahantzi dut.

  • Xabier Eskisabel Sampedro 2014-01-17 10:32

    Elkarrizketa oso ona da. Asmatu duzu Iñaki (Larrañaga).
    ZuZeun elkarrizketak egiteko darabilkizuen formatoa ere oso agila da elkarrizketatuaren pentsaera di-da batean jasotzeko.
    Chapeau Iñaki.

    • Formatua bikaina da. Elkarrizketaren edukia… salbuespenak salbuespen, aberrazio kolaborazionista bat.
      Lotsa ere ematen du.

  • Independentzia da herriaren arnasa, ez baza idenpentea desagerpenarako bidea hasi duzu. Dependentzia da minbizia, eta metastasis heltzen denean berandu da bizitzera bueltatzeko. Nola den posiblea euskaldunen artean hori zalantzan jartzea? Libre edo esklabizatuak bizitzea… Noraino heldu den kolonizatuaren sindromea….

  • Iñigo Balerdi 2014-01-18 15:49

    Zorionak elkarrizketagatik!