Oiartzungo Udalak otsailean Arkaleko legez kanpoko tiro zelaia itxiko du

Sahiesteko, Ehiza Federazioak ingurumenari lotuta zenbait gai justifikatu beharko ditu
AISIA_CAZA_12_MAYO_2011

Oiartzungo Udalak, herri honetako legez kanpoko tiro zelaiaren legeztatze prozesua gelditu izana baikortzat jotzen du Eguzki talde ekologistak. Oiartzungo Gurutze-Arkale auzoan kokatuta dagoen eta Gipuzkoako Ehiza Federazioa jabe duen tiro eremuak zigorgabetasun osoz legeaz gaindik jardun izana behin baina gehiagotan salatu izan du mugimendu ekologistak.

Orain arte abian zeuden Trapadako Plan Bereziaren, tiro eremua ( erabilgarri eta legez kanpo aspaldiko urtetan) barne duen ehiza eskola bat legeztatzeko helburua duena, izapide edo tramiteak behin behingoz geratzea erabaki du Oiartzungo Udalak eta ehiza federazioari bide edo alternatiba berriak kontuan hartzea proposatu dio, Plangintza ez garatzearena edo/eta kanpoko tiro zelairik gabeko ehiza eskola garatzearena tarteko.

Era berean udalak, Eguzki talde ekologistak salatu duen beste gai bat aztertu eta ebaluatu behar duela adierazi dio Ehiza Federazioari: urtetako legez kanpoko tiro zelaiaren jarduerak eragin duen lurraren kutsadura aztertu beharko du, beruna bezalako metal pisutsuen kontzentrazio handia nagusiki.

Ehizaren lobbyak bere jarduera korporatibismo eta ingurumenaren aurkako zigorgabetasunean oinarritzen ohituta gauzka: legez kanpoko ehiza postuak, isilpeko ehiza, mendi eta muinoetan segurtasun eza, arriskuan dauden espezieak tiroz akabatzea, gune babestuak sortzeko aurkako jarrera, neurrira egindako legeak, bioaniztasuna kudeatzeko herri erakunde naiz politikoen artean infiltratzea e.a.

Dena den, gure alegazioen artean garrantzitsuenetakoa den argudio bat ez du aipatu ere egin Oiartzungo Udalak bere erantzunean: zaratarena. Gure ustez, 2012an indarrean sartu zen araudiaren arabera, tiro zelaiak ez luke legeztatzeko aukerarik izango Trapadan.arkale

Librean eraikitzen diren mota honetako azpiegiturak eragiten dituzten ingurumenarekiko naiz gizartearekiko kalteen eraginez, orain baino lehen ere eragin dute tiro zelaien itxiera, Ulia (Donostia) eta Listorreta (Orereta) gertuenak aipatzearren. Beraz, zaratak eragindako etengabeko kalteak, nekazal ingurunean pilatutako berun eta beste zenbait metal pisudunen kontzentrazioak ibaia naiz erreketan eragindako kutsadura nahikoa arrazoi dira horrelako jarduerak ixteko. Oiartzungo kasuan, Arkaleko tiro zelaiaren ezkutuko eta legez kanpoko izaerak, ehizaren lobbyaren zigorgabetasunaren salaketa indartzen du. Beste behin ere interes pribatuak herriarenaren gainetik.

Oiartzungo Udalak hiru hilabeteko epea eman dio Ehiza Federazioari dokumentazio osagarria aurkezteko eta hala egin ezean, udalak Arkaleko legez kanpoko tiro zelaia itxi egingo luke.

Bukatzeko, lur hauek EAEko lur kutsatuen inbentarioan sartzeko eskatu du mugimendu ekologistak, hala nola lur hauen garbiketa Ehiza Federazioaren eskutik edo kontura. Eguzkik, legez kanpoko, kaltegarri eta kutsatzailea den tiro zelai hau berehala eta behin betirako ixtea eskatzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude