ETAren amaieraz harago

ETAren amaieraz harago –

 “Zenbat ETA izan dira sei hamarkadatan? Egungo ETAk hitz egin al du ETA guztietan aritu direnen izenean?”. Galdetzen zuen ARGIAn Mikel Asurmendi kazetariak. Badago bertsio ortodoxo bat erakunde armatuaren iraupena ahalbideratu dutenen aldetik nola edo hala kontatua, beste bertsioekin bat ez datorrena. Nirea horietako bat litzateke.

ETAren amaieraz haragoJadanik urte franko Emilio Lopez Adan Beltza-ren juzkua nire egin nuen: “ETAren historia ez da koskarik gabeko lerro zuzena. Terrorismoa onartzeko erabakia haustura handi bat izan zen. Estatua makurtzeko jende zibilaren aurkako atentatuak dira terrorismoa (300 biktima baina gehiago) eta larrutik ordaindu: herriaren konfiantza galdu, etsaiei jokoa eman, estrategia politiko-militarraren porrota areagotu, jendartean ikaragarrizko zauriak ireki”.

Izan ere, ETA jaio zenetik bere jarduera amaitutzak eman zuen arte, aldaketa estrategiko nabarmenak izan dira, hori ezin uka. Hastapeneko ETAk, bere idatzietan Vietnamgo edo Aljeriako “herritar-gerra” ereduaren alde azaldu bazen ere, berehala baztertu zuen halako asmo handiuste estrategikoa eta askoz xume eta pragmatikoago bihurtuko zen herri borroka suspertuko omen zuen “ekintza-zapalketa-ekintza” kiribil famatuaren aldeko bideari, ia diktatura amaitu arte iraungo zukeena.

Trantsizio garaian, berriz, ETAk Estatuarekin negoziazioa lortzea helburu zuen estrategia garatu zuen, inoiz baino oldartze gaitasun handiena erakutsiz. Atentatu odoltsuen kopurua biderkatzeko gai izan zen, beti ere, salbuespenak salbuespen aparatu errepresio desberdinetara kolpatzea mugatuz edo lehenetsiz (artean, izan ziren jomugatzat hartutako politikari eta enpresariak, baina ez modu sistematikoan).

Eta azkenik, negoziaziorako aukerak gutxitzen joan ziren heinean muga etikoak, politikoak eta operatiboak gainditu ziren.

Zein urruti geratzen ziren biolentziaren erabileraren inguruko hasierako zalantzak eta balantzak, zeinetan helburuak eta bideak nola uztartu izaten zen kezka nagusia. Hots. Eibarko El Correo Español-ren egoitzan bonba jarri zuten militante berberek konturatu zirenean langile bat zegoela lanean bonba desaktibatzen saiatu ziren istripu larria jasanez. Artekaleko erorketatik ihesi zihoan militante zaurituak taxilari bat hil izanak Erakundean eta herrian sortu zuen harridura eta ezinegona, azpimarratzekoak dira. Ezin sinetsi gutako batek langile bat hil zezakeela, nahi gabe edo istripu batean izan ezik.

La Navaleko atrakuan parte hartu zuen taldeak agindu garbia zuen: “Gertatzen dena gertatzen dela, mehatxatu bai, baina ez egin tiro langileei. Eta horregatik harrapatu zuten La Argentinitakomandoko andrazko bakarra. Langileek inguratu zuten, segur aski neska zelako, baina militanteak ez zien erantzun tiroka. Zer esan, ETAk Rolando kafetegian egindako sarraskiaren ondorengo nahasketa eta aztoramenaz. Oraindik sinesten zen etsaiaren eta erakundearen biolentzian bazegoela alde etiko bat, eta herriak ondo bereizten zuela. “Estatua indartsuagoa zen militarki, ez ordea etikoki”. Hori zen abiapuntua.

Angel Berazadi enpresari jeltzalearen bahiketa eta ondorengo hilketak ere harridura sortu zuen, baina gutxiago. Apurka-apurka, kontzienteki edo dinamikak nahi baino harago eramanez aldaketak ematen ari ziren ETAren baitan.

Hala ere, Komando Autonomoak Casas PSOEko senataria hil zutenean, Herri Batasunak desmarkatu ez ezik gaitzetsi egin zuen ekintza hori. Azkeneko aldia, ziklo armatua bukatzeko erabakia hartu arte, ezker abertzaleak ekintza armatu bat gaitzesten zuela.

ETAren amaieraz haragoETAren jarduera armatua geroz eta militaristagoa bihurtu zen, estrategia politikoaren kalterako. Geroz eta politikoki ahulago orduan eta bortitzago! Bihotzak irabazi eta elkartasuna erakartzearen ordez, bazirudien jenderen nazka eta asperdura bereganatzea zuela helburu, horrek gizartean negoziazioaren aldeko giroa sortuko zuelakoan.

Hasieran salbuespen zena ia lege egin zen. Ekintza doilor harekiko gaitzespena ez zitekeen desegokitasun politikora mugatu, zilegitasuna ere jarri behar zen auzitan. Hipercor-ekoa mugarritzat jo genuen, eta Miguel Angel Blancorena eta antzekoenak ETAk amildegiko bidea hartzen ari zenaren baieztapena. Eta okerrena, deriba onartezin harekin Ezker Abertzaleari ere izugarrizko kalte egiten ziola geroz eta argiagoa zen guretzako. “Sufrimenduaren sozializazioa” aldarrikatu edo teorizatu zutenean, eta “bonba-auto”-en ia bereizi gabeko erabilerara jauzi eginez, gure desadostasuna erabateko eta totala zen. Ahaztu gabe gatazkaren iraupenak nekea eta bukatzeko gogoa indartu zuela.

Bilakaera horren aurrean, ezker muturrean, denok ez ginen isilik egon. Ez horixe! Ez zen izan gauza gozoa. Izan ere, nola bereiztu ETAren jardueratik, beste askoz ez bezala (EPK, EE) estatua eta sistemaren esparruan harrapaturik izan gabe. Hor zegoen gakoa. Eta hor dago gakoa, ETAren ondorengo garaiotan.

Berandu, baina zorionez, hori dena bukatu da. ETAk bere kabuz (hori oso garrantzitsua eta azpimarratzekoa da) bere ibilbideari amaiera eman dio eta frankistar oinordekoak edo gerra zikinak bultzatu zutenek ez bezala, eragindako kaltei buruzko autokritika egin; nahikoa edo eskasa hori eztabaidagarria da baina ez da idatzi honen hizpidea.

Nola egin aurrera asmatu beharko da, baina zaila iruditzen zait urte luze horietan ikasitakoaz hitz egin gabe: abertzaletasunaren baitan, indarrean egon diren bi estrategi nagusiek, (Gernikako Estatutuarenak, alde batetik, eta borroka armatuenak, bestetik) kasu bakoitzean arrazoi desberdinengatik, jakina, porrot egin dute.

Garaia da bide berri bati hasiera emateko, “aterabidea” izango dena, Kataluniarenarekin “kalko eta kopia” ezin izango dena, baina, antzeko ezaugarriak izango dituena: Euskal Errepublikaren aldeko herri mugimendu indartsu eta autoeratua ardatz izango duena. Zeinak kaletik zen erakundeetatik (daudenak eta sortu beharko direnak) bultza egingo duena eta lehenago edo beranduago Estatuarekin talka egin beharko duena.

ETAren amaieraz harago  ETAren amaieraz harago  ETAren amaieraz harago

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

15 pentsamendu “ETAren amaieraz harago”-ri buruz

  • Ene Bikila jauna:

    Begibistakoa da ETAren porrota politiko-militarra.

    EAJrena ez dago hain argi: berak beste alderdi batzuen laguntzaz eraikitako eredu instituzionala baitago gaur egun indarrean hiru probintzietan.

    Gauza ona da desioak eta errealitateak ez konfunditzea.

  • joxe iriarte bikila 2018-05-11 17:47

    Kaixo.
    Bistan da, irakurle zuhurra zaitudala
    Kontua da nolako betaurrekoekin begiratzen dugu. Zuk diozunetik atera kontuak: hiru herrialdeko instituzio bat Espainiar eskuduntza mugatuekin eta Espainiar estatuarekiko menpekoa. Nola lortu Zazpiak bat osaturiko herri libre eta burujabea? Aipatu bi estrategiekin (arrazoi desberdina gaitik jakina)bisitan da ezinezkoa dala. Nola egin aurrera? Ez dago formula magikorik. Katalanak bide berri bat hasi dute, ikustekoa dago noraino egingo duten aurrera; guk ziurgabetasun gabeko Euskal bide berri bat gauzatzen ikasi beharko dugu. Horren inguruan eztabaidatzea mereziko luke.
    Ondo izan

  • Ene Bikila:

    Goizetan jeikitzen naizenean pozik arnas egiten dut zeren eta baitakit Adur ibaietik Ebroraino zazpi probintzi euskaldunak badirela. Errealitate horrek biziki suspertzen nau.
    Beste gauza bat da zazpiak batuko lituzkeen eraikuntza politiko batean amestea eta errealitatea molde horretan sartzen saiatzea: orduan bai botako nituzkeela arnas estuak eta izerdiak. Beraz, oraingoz oso pozik nago hiru probintzi biztanletsuenen euskal elkarte bat badelako non eta gainera euskal herriaren konstituzioaz aurreko eskubideak onartu egiten diren. Espainiaren barnean baina burujabetza neurri on batekin. Hori gabe ez genituzteke hainbeste gauza funtsezkoak izango (hezkuntza euskaldun bat, euskal polizia, kontzertu ekonomikoa…).
    EAJk jatorrian eta oinarrian zuen egitasmoa bete du eta gainera aukera ematen dio nafar elkarteari beste hiru probintziekin elkartzeko. Hori lorpen objetibo bat da eta irabazi bat guztiontzat.
    Katalanek ez dute biderik aukeratu baizik eta amildegi luze eta sakon bat. Proposamen maximalistek hausturako bidetan hori dute: kontrakoa lortu dezakezula. Hori lortu dute independentistek.
    Ni ziurtasunezko euskal bide baten aldekoa naiz, Bikila laguna. Eta uste dut euskal herritar gehienok, azken hamarkadetako betegabeko promesak eta espektatibak direla merio, horretan direla ere bai.

  • joxe iriarte bikila 2018-05-11 18:24

    Politikan, bizitzan bezala ez dago ziurtasunik. Hala ere arriskatu behar ahalik eta zuhurrenik eta akatsetik ikasiz. Atzera begira, ai ama. Aurrera begira ilusioz beterik eta zailtasunaz jabeturik.
    Beno, usten dut gure arteko erretolika ez dela hemen amaitzen. Izango dugu okasio gehiago

  • Eskerrik asko zuri, Bikila, hain adeitsuki erantzuteagatik.

  • joxe iriarte bikila 2018-05-11 19:46

    Ez horregatik. Eztabaidetan norberak bere ideiak zorrotz eta tajuz defendatu behar ditu. Baina giza-legez. Elkarrekiko errespetua falta gabe.

  • Eztabaida beharrezkoa dugu, baina aspadian hila ez ote dagoen nago ni. Berpizten ez badugu galduak gaude aurrea egiteko. Atzera begiratu beharko dugu aurrera jotzeko eta ez ibiltzeko ibili ditugun bide antzuak edo, hobeki esan, estrategia okerrak

  • Aupa! Bat nator Erakundearen historiaren zure ikuspuntuarekin hein handi batean. Beste mugimendu politiko askok bezala bere funtzioa handietsi zuen, pixkanaka Herriarengandik urrunduz eta borroka armatuaren endekapen negargarri bat eskainiz azken belaunaldiei. Bere garaian bukatzen asmatu izan balute orain heroitzat hartuak izango lirateke, baina ikus zer nolako desastrean bukatu den borroka duin bat izan zitekeena.

    Baina artikuluaren amaierak garraztu dit irakurketa. “Bide berri bati” ekiteko diozu, Procesaren antzekoa, askatasunaren bidean. Errespetu guztiz, nik ez dut hortan sinesten. Estatua indartua atera da talka horretatik, eta frogatu da XXI. mendeko EBren bihotzean ez dagoela estatu berrientzako lekurik. Bide antzua da. Bestalde, ez dut Herria horrelako indarrekin ikusten, inolaz ere. Hamarkadetan zehar, hizketagai dugun horren zentralitateak Herria indartzeko funtsezkoak diren beste aspektu batzuei (demografia, lurralde kohesioa, euskara…) kasurik ez egitera eraman gaitu, eta orain ikusten ari gara ondorioak.

    Herria lur jota dago, eta noizbait aske izan nahi badugu, sartuta gauden gainbeherari buelta eman eta ildo egokian zuzentzea dagokigu. Ondo izan

  • ganbaratxotik 2018-05-12 18:27

    Bikila ados nago egin duzun kronikarekin. Gertatutakoaren analisi bat da. Iruditzen zait hala ere, hemendik aurrera, benetan gertatu dena ulertzeko apur bat gehiago sakondu beharko genukeela. Alegia, borroka armatuaren zikloa hain luzea izatearen zergatiak azaltzeko ez direla nahikoa orain arteko arrazoibideak. Azalpen batzuk borroka armatua erabili duten erakundeei dagozkie eta besteak haien aurka borrokan jardun dutenei. Esan nahi dudana da, sufrikario guzti honetan eragile ugari izan direla, denak eragile, pasibo zein aktibo. Horrela ba ardurak ere banatu beharko dira. Eta ez dira noski berdinak. Denboran zehar aldatuz joan da erantzunkizunaren banaketa hori. Zein da nik erabiliko nukeen “tresna” erantzunkizun-maila hori egokitzeko? Iniziatiba-neurgailua. Gatazka armatuaren jarraikortasunean nork izan fase bakoitzean “botere”, gaitasun edo ahal gehiago gelditzeko, ba haretxeri egokitu ardura gehien. 60-70-80-90 hamarkadetako ardura-banaketa ez da inola ere bera. Nere ustez argi desplazatuz joan da ETA-ren adar desberdinetatik estatuko aparatuetara eta hau oso nabarmen egiten da XXI.mendean.

    # Nik gerra biologikoa deitzen diot: Denak izan gara gazte. Gazteak iraultza nahi du. Hormonak agintzen dute bere baitan. Ilargia eskatu behar du gazteak, eta hala behar du. Gazteak dira gerretako fronteetan hiltzen direnak eta hiltzen dutenak. Baina asunto txarra gazteak gerra zuzentzen badu. Estrategia eta taktika nahasten ditu. Errealitatea bere begi gazteegiekin ikusten du. ETAren ibilbidean jeneral gazte gehiegi izan dira. Arma eta diruen kontrola goizegi etorri zaie. Iruditzen zait ez dela izan hau militante zaharrago eta gurasotuen nahia izan, baina aurkarien jeneral profesional zaharragoek ederki baliatu dute sufrimendua luzatu eta etekin politiko-ekonomikoak lortzeko.

  • Ene Ganbaratxo:
    Oso desberdina da nik egiten dudan azterketa arazoari buruz. Eta nik piska bat sistematizatu nahiko nituzke.

    1, ETAk aspaldi-aspaldian utzi zion gazte erakunde bat izateari. “Juvenismoa” ideologia iraultzaile bezala eduki bai, baina Josu Txekorra jauna zen hor goiburu eta jakin badakigu berak erregeak kendu eta jarri ibili dela beraz bera zen errege, gure Arnaldorekin batera. Josu ia ETAren haseratik hor dago kupulan, Sobiet Batasuna ala Kuba komunistako aparatchnik baten antzera.
    2. 2006an Ezker Abertzaleak, ETAk barne, borroka armatuarekin bukatzeko aukera duin bat eduki zuen non eta prozesu konstituziogile bat eratu eta presoak askatu zitezkeen gradualki. Arnaldok pentsatu zuen gerora beste negoziaketa prozesu batean lortuko zituela horiek eta gehiago eta puskatu zuen Loiolako akordioa. Orduan esan dezagun, bada, Ezker Abertzaleak gutizi gehiegigatik (oso listoa izateagatik) galdu zuela aukera hori eta hobeagorik ez zaiola bidean tokatu.
    3. Ezker Abertzaleak 4 bake prozesu montatu ditu. Gehiegizkoa iruditzen zait niri, espektatiba frakasatu gehiegi. Hor baziren batzuk pentsatzen zutenak borroka armatu-politikoa altxor bat zela eta gorde egin behar zela. Dogmatismo guzti horrek ekarri du oraingo derrota negargarria.
    4. Ideologia ezker-iraultzailea lakra bat da. Ezker abertzalea ardatz geopolitiko nazkagarri batekin jartzen du harremanetan eta nazionalki espainoltu egiten du, Espainiako ezkerra baita gaur egun “iraultza”ren eramaile, Podemos delakoa. Iraultza klase horri ezker abertzaleko jendeak dion sinesmen talibana oso ekarpen negatiboa iruditzen zait. Euskaldunak gutxi gara baina zatituak eta elkar-borrokan egon behar dugu ideologia horren ondorioz.

    Ulertzen dut foro honetan askoren iritzietatik aldentzen naizela, baina pertsona batek euskaraz idazteagatik eta “independentzia” aldarrikatzeagatik ez da nire “anaia” estatuen aurrean edota ez da derrigor estatua baino hobea bere jarrera. Nik kale gorrian ikusten ditut benetako harreman politikoak eta niri “anaia” deitzen didatenak, hurrengo egunean ahostiatu egin naute beste batzuek agindua eman dielako. Ezker Abertzaleak barkamena eskatu eta belauniko jarri beharko litzateke gure herrietan sortu duen giro gaizto eta ergelarengatik. Eta nola hori ez den gertatuko horiek ez dira niretzat sekula anaiak eta bidaikide izango. Besterik gabe, jakina da beren aldaketa derrota batek ekarri du eta etikoki pentsatzen dute eman dituzten palo eta tiro guzti horiek ondo zirela. Hori ez da aldatuko hortaz joan daitezela antzarrak perratzera niri dagokidanez.

  • ganbaratxotik 2018-05-13 12:01

    Zein xinplea da errealitatea beraz. Gaizto-gaiztoak batetik eta santu akatsgabeak bestetik. Zuria eta beltza. Hain erreza balitz gatazka hau aspaldi legoke bideratua. Errealitatearen azterketa begi bakarrekoa. Zuk hainbeste egurtzen dituzun horiek egin duten(gun) gauza bera urte gehiegitan. Hainbeste sufrimendu ekarri duen akats politiko larria. Uste dut batzu-batzuk ohartu garala horretaz eta okerrak zuzentzeko borondatea badagoela. Bistan da beste batzuk denbora gehiago behar du(zu)tela. Errealitatea konplexua, koloreanitza baita eta gainera denborarekin muturren aurrean azaltzen zaigu ikusi nahi ez badugu ere. Eskerrak gorrotoak iraungitze-dataduna duela kasu larrienetan ere.

    Bentazar, zintzoki esanda, zure ekarpenak eskertzekoak dira. Errealitate poliedriko horren isla baitira. Baina egia esanda sarri gainaktuatzen zaudenaren irudipena daukat. Alegia, EAJko bozeramaile askori nabarmentzen diedan jarrera antzeztuegi bera Azkenerako gehiegizkoa bezela gelditzen dela. Ageriegian geratzen da ez duzuela ezer jakiterik nahi korronte politiko horrekin. Ez duzuela interlokutore modura homologatzerik nahi. Hain zuzen zuen betiko bozka emaileek ez dezaten hala ikusi, alternatiba erreal baten modura. Boterea galtzeko izua dakusat. EAJk erakundeak besteen eskuetan erortzeko beldurrez da eta izan da. (esan gabe doa jarrera oso humanoa dela, eta izugarri hedatua Euskal Herrian, enpresa elkarte eta hainbat egitasmo txiki nahiz handietan non izua etortzen bait zaigun “geronek” sortutakoa beste baten eskuetan uzteko unean datorkigunean, “ni kontrolatu ezik hau pikutara joango da”. Erreleboari beldurra hain zuzen ere ) Eta uste dut hori ere izan dela beste faktore bat (txikiena agian, baina zerrendan egotekoa hau ere) gatazka harmatu honen luzapena ulertzeko unean. Eta ez errepikatzekotan present beharko genukeena beste agerikoagoekin batera.

  • Baina Ganbaratxo, nola deituko diot nik “anaia” eta nola izango dut bidaikide ahostiatu eta insultatu nauen bat eta bere alderdia?
    Agian horiek ez dira gaiztoak. Baina gauza bat zertifikatuko dizut: goizean EAJko jendea jeikitzen zenean ez zuela pentsatzen nola lagun urkoa izorratu. Horrelakoak barra-barra ezagutu ditut nik ezker abertzalearen aldetik. Nola izorratuko dugu hau eta bestea pentsaketan ari zirenak eta ari direnak, oposizio lana ezker abertzalearentzat hori baita, susmo gaiztoa eta giro txarra zabaltzea herri eta hirietatik. Kontrakoa bada esaidazu zergatik, Ganbaratxo.
    Gauzak maila batean xinpleak dira, gogorkeria eta setakeriari dagokionez behintzat. EAJko jendea konzentrazioak egiten al zituen alkatearen atearen aurrean? Alkatea eta zinegotziak kaletik insultatzen zuen EAJko jendeak? Balak jartzen zituen buzoiean EAJko jendeak? Tabernan hostiak ematen zituen EAJko jendeak beste partido batekoa izateagatik?
    Ezker Abertzaleak alternatiba izateko aukera izan du eta herriak aukera hori eman dio Gipuzkoan eta ikusi dugu zer gertatu den: kudeaketa magikorik ez zegoela, aitzitik, zabor sistema kakazartsu bat inposatu nahiez diru publikoa samaldaka gastatu duela.
    Ganbaratxo, zer nahiko nuke nik Euskal Herriak benetan ezker abertzale abertzalea izango balu, benetan, ezker demokratiko bat, Txillardegi eta ESBkoek montatzen saiatu ziren antzekoa, EAJrekin edozertarako moldatu zitekeena abertzale izatez bete legokeelako. Baina ez dugu horrelakorik.
    Ezker Abertzalea gainera EAJren kontrako herra eta gorrotoa ideologikoki lantzen saiatu da bere historia osoan. Ganbaratxo, herri txikitxo bat gara eta indarrak batu behar dira baldin eta iraunbizi eta burua altxa nahi badugu. Hortarako ezker abertzaleak izatez eta bihotzez aldatu beharko litzateke eta ez dut Arnaldo eta bere koadrilla horretan ikusten inolaz ere.

  • joxe iriarte bikila 2018-05-13 21:00

    Eztabaidakideok. Pozten nau nire artikuluak eztabaida piztu izanak. Baina, oraingoan ere hari asko mataza beretik tiraka. ETAri buruzkoak luze emango luke, dena ez baita, estrategia, etika eta politika… eta literatura. Historia horren barruan istorioak ere garrantzia izango dute, eta . Nago, orain hasiko direla kontu kontari. Beraz…
    Independentzia Europa barruan, posible ote? Kataluniakoaz zer esan. Ba gai horiei buruz biz pa hori iritzi artikuluak idatzi ditut WEB honetan eta ez naiz arituko presaka eta korrika. Ai…iraultza hitzak sorten duen espantua batzuen bihotzean. W. Benjaminek idatzi zuen abiada bizian amildegira doan trenari (kapitalismoari) galgak jartzea zela iraultza. Eta ni zentzu horretan naiz iraltzazale. Beno horrek ezbaidarako emanten du, baina nire aldetik, beste baterako utziko dut idatziko dut.

  • PNVko gazteak ere egon ziren haserako mobidan, alde batera eta bestera ibilitakoak, nazionalista, independentista, marxista, troskista, eta utopiazale-ista askorekin, sigla berri onddo denbora haietan, reboluzio giroan, opresio luze baten ondoren, biolentzia-sistema horren aurka biolentzia zilegi zen giroan eta garaian. Anaiak.

  • Gauza gehiago relato-ratze aldera, justifikazio eta testuingururatze artean ezberdintasunik bada, … 1940-50-60-70-80-90-2000-10-20… Orain dela bastante, neure aitonek, PNVkoa bata eta Rojo nafarra bestea, herriarengatik armak artzera deituak (edo) gerran, eurekin konbertsazio intimo horietako baten, halako zera esan zidaten: “Gerra egunetan baina askoz biolentzia gehiago egon zen hurrengo 40 urteetan, ministro, militar, guardiazibil, eliza eta juezen eskutik. Transizioan eta demokrazia berrian ministro, militar, guardiazibil, eliza eta juezak berdinak dira. Baina lasai, zaharrak gara eta gu bezala eurak ere hilko dira, eta orduan hasiko zarete herri berri bat sortzen, 2020ean edo…”. Horixe, jakin dezazuen.