Eta bitartean galduta (eta III)

Berri Txarrak musika taldeak abesten duenez, “ez dut ilunegi azaldu gura“. Ilun ez agertzeko arrazoi handirik ez dago, haatik. Urkullu lehendakariak 2013a gure “Historian” izan dugun “urte txarrena” izango dela iragarri berri du. Ez dakit murrizketa handiagoak sustatzeko amua bota edo zintzo jokatu duen Lehendakariak. Dena den, ez du ematen egoera sozio-ekonomikoak hobera egingo duenik. BEZa igo eta erretiroa hartzeko adina atzeratzeko azpimarratu dio Espainari Bruselasek. Horrek ekartzen duen guztiarekin. Euria egingo du goitik behera, beraz.

Hala eta guzti, krisiek aukera berriak zabaltzen ei dituzte. Ez dakit esaldi hau egokiena den, edo idei hau zehatzago adiera litekeen. Aukera berriak baino, iragana kritikoki aztertu eta zer edo zer ikasteko balio duela esango nuke. Orain arte izan ditugun eskubide sozial eta politikoak “ederto batean” galtzea posiblea dela erakutsi digu krisi honek. Areago, 35 orduak bezalako eskubideak belaunaldi askoren borrokaren ondorioa izan direla “ikasi” dugu. Eta orain guri dagokigu lekukoa hartzea. Halabeharrez, gainera.

Manifestación, Antonio Berni (Buenos Aires, Argentina)

Aitor dezadan, borrokarako deia zabaltzea nahiko erraza dela. Oso polita geratzen da. Iraultzailearena jokatzea gustuko dugu; zinemaren eraginez, agian. Are gehiago, gaztetan eta blog batean. Halere, joku hutsa iruditzen zait. Izan ere, nork bere interesak dauzka, beraz, nork bere borrokari ekingo dio. Ez gaitezen engainatu, enpresaburu eta beraien langileek ez dituzte helburu berdinak erdietsi nahi. Beraz, ez dezagun pentsa “denok batera sistema puta hau” suntsituko dugunik. Are gutxiago, legearen aurrean langileriak duen ahultasuna kontuan hartuta. Kontrakoa esatea nork bere buruari tranpak egitea besterik ez da. Populismorako jana, bestela.

Bestelako mundua posiblea dela” erakutsi du azken hamarkadak. Bizi dugun krisi ekonomiko-sozial eta politikoa inork gutxik aurreikusi zuen. Hamar urte barru mundua bestelakoa izango dela errealitate hutsa da, beraz. Datorren mundu honen ezaugarriak ezarriko ditugu gaurko gazteok. Geure esku dago bestelako erreferentzi edo baloreetan oinarritutako gizartea(k) eraikitzea. Hau da, gaurko mundu kontsumista eta materialistari eustea edo-ta bestelako gizarterantza abiatzea deliberatuko dugu. Hausnar dezagun, beraz. Galduta ibili arren, inork ez du egingo geure ordez.

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.