“Ni ere, UEU” kanpaina jarri du abian UEUk

Udako Euskal Unibertsitateak “Ni ere, UEU” kanpaina abian jarri du, erakundeak bizi duen garai gogor honetan, UEU ezagutara eman eta proiektuarekiko atxikimenduak jasotzeko helburuarekin. Uda bitartean egingo den kanpaina honetan, paper garrantzitsua jokatuko dute sare sozialek eta hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izango ditugu bertan: Pedro Miguel Etxenike, Juan Mari Arzak, Ilaski Serrano, Kirmen Uribe eta Gorka Otxoa, besteak beste.

ZERGATIK KANPAINA?

Iaz, UEUren Udako Ikastaroek 40 urte bete zituzten. Tamalez, urtemuga ospatzeko aukera gehiegirik ez genuen izan. Jaurlaritzak 1998 urtez geroztik esleitzen zion dirulaguntza izenduna kendu egin zion, eta horrek erakundea kinka larrian jarri zuen.

Testuinguru honetan aurkezten dugu “Ni ere, UEU”. Kanpaina honek hiru helburu ditu: alde batetik, UEU eta bere lana ezagutzera ematea, bestetik, bere beharrezkotasuna aldarrikatu erakundeen aurrean eta azkenik, proiektuarekiko atxikimenduak lortzea.

UEUk azken lau hamarkada hauetan euskal gizarteari ekarpen handia egin diola uste dugu: euskarazko goi-mailako formazioak eskainiz, goi-mailako adituak euskaraz trebatuz, euskarazko unibertsitate-testuak ekoitziz, euskara-teknikoa definituz, hainbat proiektuentzat mintegi izanez eta jakintza-alor desberdinetako adituentzat topagune izanaz, besteak beste.

UEU beharrezkoa dela sinisten dugu eta egiten duguna ezagutarazi nahi diogu gizarteari, eta horrekin batera, jendearen eta erakundeen atxikimendua eta babesa lortu nahi dugu gure proiektuak aurrera egin dezan bizi ditugun garai zail hauetan.

(Bide batez, kanpaina ere baliatu nahiko genuke UPV/EHUrekin dugun nahasketa argitzeko. Izan ere, askok, izenak tarteko, bi erakundeak nahastu egiten dituzte).

 

KANPAINA

Ni ere, UEU

Gurea, euskalduna

Lelo honen bidez jendearen atxikimendua lortu nahi dugu, hau da, UEUk izaera soziala eta izaera partehartzailea duenez, UEU guztiok osatzen dugula eta bertan lan egiteko gonbita luzatu nahi dugu.

Euskalduna kontzeptuak, berriz, gure izaeraren alderik adierazkorrena azaltzen du. Gure jarduera guztia euskaraz da; euskaraz sortu, formatu, erakutsi, ikasi, idatzi eta dibulgatzen dugu. Horrek egiten digu besteengandik desberdin eta horrek egiten gaitu, azken batean, UEU izatea.

 

Bideoak

Kanpainaren bizkarrezurra lau bideok osatzen dute. Bideo hauek pixkanaka zabaltzen joango gara uda bitartean (hilero bideo bat) eta UEUren ikuspegi desberdinak ezagutara eman nahi dituzte:

  1. Dakiguna erakutsiko dizugu. Lehen bideoak iragarki formatua du (orain zabaltzen duguna). Bertan, UEUko bazkide eta UEUrekin harreman estua duten pertsonak agertzen dira, UEUren hainbat ezaugarri azalduz: Eraiki, Entzun, Imajinatu, Ondo pasa, Barre egin, Gozatu, Komunikatu, Konektatu, Ikertu.
  2. Etorkizun on bat. Bigarren bideoak elkarrizketa formatua du eta bertan Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta Pili Kaltzada, komunikazio-adituak parte hartzen dute. Jakintzaz eta horren zabalkundeaz aritu dira.
  3. Gaztetzen zaitu. Hirugarren bideoak elkarrizketa formatua du eta bertan Ilaski Serrano kazetariak eta Aines Haristoy bibliotekariak parte hartzen dute. Udako ikastaroez aritu dira.
  4. Guztiona den zerbait. Azken bideoak ere elkarrizketa formatua du eta bertan Xabier Isasi unibertsitateko irakasleak eta Idoia Torregaraik, UEUko komunikazio-arduradunak parte hartzen dute. UEU zer den laburtzen saiatzen dira.


Partehartzaileak

Kanpaina honetan parte hartu dutenen artean, aurpegi batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina guztiek UEUrekin lotura estua dute eta eskuzabaltasun osoz parte hartu dute. UEUren izenean gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Bideoetan saiatu gara UEUren izaera bertan parte hartzen dutenekin islatzen; bai jakintza-alor desberdinak agertaraziz, gizon eta emakumeak erakutsiz eta Euskal Herriko lurralde desberdinak ere kontuan hartuz. Hauexek dira kanpainan parte hartu duten pertsonak:

  1. Olatz Arbelaitz. Informatikaria. UEUko Informatika Sailburua.
  2. Juan Mari Arzak. Sukaldaria.
  3. Igor Elortza. Bertsolaria. UEUko bazkidea.
  4. Pedro Miguel Etxenike. Fisikaria.
  5. Unai Fernandez de Betoño. Arkitektoa. UEUko bazkide eta bertako Zuzendaritzako kidea.
  6. Aines Haristoy. Liburuzaina. UEUko bazkidea.
  7. Xabier Isasi. Unibertsitate-irakaslea eta legebiltzarkidea. UEUko bazkidea.
  8. Pili Kaltzada. Komunikazio-aditua. UEUko bazkidea
  9. Miren Josu Omaetxebarria. Ikerlaria. UEUko bazkidea.
  10. Gorka Otxoa. Aktorea. UEUko bazkidea
  11. Ilaski Serrano. Kazetaria. UEUko bazkidea
  12. Idoia Torregarai. UEUko Komunikazio-arduraduna eta bazkidea.
  13. Kirmen Uribe. Idazlea.

Sare sozialak

Kanpaina hau era berezian sare sozialetara dago zuzenduta, bai egun duten indarrarengatik, bai daukaten zabalkunde ahalmenagatik eta baita modu berezian jende gaztearengana iritsi nahi dugulako ere. Baina batez ere bide hau aukeratu dugu partaidaidetza eta elkarlana sustatzen duelako, UEUren bi ezaugarri nagusienetakoak.

  • Hori lortzeko, Facebook-en (facebook.com/udakoeuskalunibertsitatea) zozketa jarriko dugu abian. Martxoaren 6tik apirilaren 8ra bitarte, gure bideoak partekatzen dituztenen artean, tablet bat zozketatuko dugu.
  • Azkenik, twitter bidez ere UEUren proiektuaren berri ematen joango gara, #NiereUEU hashtag-aren bidez


ZER DA UEU?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultura elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian. Bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako azpi-helburuak ditu:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

Euskal Herri osoko 1.200 bazkidek osatzen dute UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta.

 

Zer egiten du UEUk?

UEUk bere jardun guztia euskaraz garatzen du.

  1. Jarduera akademikoa. Goi-mailako formazioa eta dibulgazioa eskaini: ikastaro espezializatuak, mintegiak, udako ikastaroak, jardunaldiak, graduondokoak, e.a.
  2. Argitalpengintza. Liburuak eta aldizkariak. Bi helburu ditu esparru honetan. Alde batetik, azpiegitura bibliografikoa sortzea, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea bestetik.
  3. IKT proiektuak. Goian aipatutako helburuak lortze bidera teknologia berriak erabiltzen ditugu hainbat proiektuetan: inguma.org datu-basea, buruxkak.org liburutegi digitala, Uztaro.com aldizkaria, Unibertsitatea.net ataria, …

Hauek dira UEUren balore eta ezaugarriak: Kalitatea, euskara, gizartearekiko erantzunkizuna, puntako gaiak, izaera parte-hartzailea, elkarlana, osagarritasuna, hurbiltasuna, autonomia, dinamikotasuna eta konpromisoa.

 

www.ueu.org

@ueu_orokorra

facebook.com/udakoeuskalunibertsitatea

linkedin.com/company/udako-euskal-unibertsitatea-ueu

youtube.com/user/UEUkanala

ueu


Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Zer duzu buruan ““Ni ere, UEU” kanpaina jarri du abian UEUk”-ri buruz