Bikiak: berdinak ala berdingabeak?

Nola da posible sekula elkar ikusi ez duten bikiek janzkera berbera, ohitura bertsuak eta antzeko keinukera izatea? Eta aldiz, bizimolde bera eta DNA berdin-berdina duten bi bikietako batek gaixotasun genetiko bat garatzea eta besteak ez?

Bikiak: berdinak ala berdingabeak?
Wisconsingo Unibertsitatean, AEBetan, bada bikien ikerketan espezialdutako laborategi bat Wisconsin Twin Research izenekoa. Azken hamarkadan ehunka kasu aztertu dituzte, bereziki, jaiotzerakoan bereizi eta hainbat urte geroago batutako bikienak, eta urteen poderioz argi ikusi dute halakoetan anai-arrebek antzekotasun handiak mantentzen dituztela sekula elkar ikusi ez duten arren.

Esaterako, AEBetako ekialdeko kostan bata eta mendebaldekoan bestea hazitako bi ahizpa bikiren berri izan zuten, eta haien laborategira deitu zituzten, azterketa egiteko asmoz. Anonimotasuna gorde nahi zuten bi emakumeak bertan elkartu ziren lehen aldiz, eta ikerlariak harrituta utzi zituzten: orrazkera berbera zeramaten, janzkera ere parekoa, eta hatz lodian izan ezik, gainerakoetan eraztunak zeramatzaten.

Jim Springer eta Jim Lewis anaia bikiak ere jaio eta berehala bereizi zituzten, bi bikotek hartu baitzituzten, eta haiek jakin gabe izen bera jarri zieten. 39 urterekin lehen aldiz elkartu zirenean… bi ur tanta ziruditen! 1.80 metro luze ziren eta 82 kiloko pisua zuten biek, eta haien ahotsak bereiztea ia ezinezkoa zen. Gerora, Linda izeneko emazte bana eta izen bereko semeak zituztela zabaldu zuten hedabideek, eta biak sheriff lanetan arituak zirela, baina kontuari morbo gehiago emateko trikimailuak baino ez ziren izan.

Aldiz, Errusiako telebista kate batean, 135 kiloko aldea zuten bi ahizpa biki azaldu ziren duela pare bat urte. Genetikoki oso antzekoak ziren, leku berean bizi izandakoak, familia berberarekin… baina 190 kilo pisatzen zituen batak eta 55 kilo besteak. Haiek ziotenez, elikadura ez zen arazoa. Ez da kasu bakarra: badira genetikoki berdinak izan arren autismo gradu ezberdinak dituzten haurrak, edota gaixotasun hereditario bat garatzen duten pertsonak, genotipo berbera duen anaia ala arreba bikiak halakorik ez duen arren.

Eta hala, milaka kasu azaldu genitzake, ehunka adibide eta dozenaka gertaera. Izan ere, biomedikuntzako ikerlari eta zientzialarientzat informazio iturri paregabea dira bikiak. Haiei esker, gizabanakoen ezaugarrietatik zeintzuk diren genetikoak eta zeintzuk inguruneak eragindakoak ondoriozta dezakete. Nola?

Erreportaje osoa GAZTEZULO.COM-en

Bikiak: berdinak ala berdingabeak?

 

bikiak, Gaztezulo, genetika, Kultura

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude