Estres linguistikoa sortzen dizu Euskarak

Euskarak estres linguistikoa sortzen dizu

Seme-alabak uxatu ezin, nagusia haserre, aita gaixo, auto-ilara A8an, oposaketa azterketak… hamaika izan daitezke estresa sentitzeko arrazoiak. Gehitu bat zerrendari: euskara. “Badu, bada” erakusketako bideo honek ederki erakusten du euskaldun izateak batzuetan dakarren nekea. 

ZuZeun ederki asko dakigu euskaldunoi gure hizkuntzak (eta bere erabilerak edo erabilera ezak) sortzen digun kezka, nekea, begirunea, mina… Maite dugu gure hizkuntza, ziur asko espainol batek edo frantzes batek inoiz bereagatik sentituko ez duen bezala. Hain dugu bihotzean, haserreek ere segituan egiten dutela bidea.

“Badu, bada” erakusketan erakutsi digute estres linguistikoa deritzona ere eragiten digula. Euskaraz egin edo ez erabaki beharrean gabiltza uneoro, parean dugunak ulertuko gaituen ardurati. Hizkuntza ez-normalizatua izatearen ajeak. Bideo honek argi eta arin erakusten du euskaraz komunikatzeko ezintasunak nola sortzen digun estres linguistikoa edo nekea.

Zera diote “Badu, bada” erakusketan estres linguistikoari buruz:

“Ez dago erdararik ez dakien euskaldunik. Beraz, euskaldunak euskaraz egiten badu hala nahi duelako da, euskara lehenetsi duelako, nahiz eta horrek komunikazioan ondoriorik izan dezakeela jakin. Estres linguistikoa esaten zaio norekin, non, noiz, zein hizkuntza aukeratu erabaki beharrari. Hizkuntza bakarra dakienak ez du zalantzarik; eta dakien hizkuntza hizkuntzarik boteretsuena bada, ez du izaten berea erabiltzeko zilegitasunaz dudarik. Ez du izaten estres linguistikorik.”

ZuZeun ibiltzen garen guztiok estres linguistikora kondenatuta gaude. Bi aukera dauzkagu estresa gainditzeko: amore emanez erderaz bizitzea edo atzerrira alde egitea. Hirugarren aukera da guk estres linguistikoa pairatzea, hurrengo belaunaldiek ezaugutu ez dezaten. Guk egina dugu gure hautua.

“Badu, bada” erakusketak Donostiako San Telmo museoan jarraituko du otsailaren 17a arte. Hizkuntzei oro har, eta bereziki euskarari mundu eleanitzean begiratu nahi izan dio “Badu, badak”.

Euskarak estres linguistikoa sortzen dizu

“Badu, bada” erakusketan erakutsi digute estres linguistikoa deritzona ere eragiten digula. Euskaraz egin edo ez erabaki beharrean gabiltza uneoro, parean dugunak ulertuko gaituen ardurati. Hizkuntza ez-normalizatua izatearen ajeak. Bideo honek argi eta arin erakusten du euskaraz komunikatzeko ezintasunak nola sortzen digun estres linguistikoa edo nekea.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

7 pentsamendu “Estres linguistikoa sortzen dizu Euskarak”-ri buruz

  • Ulertzen dut bideoak esan nahi duena, baina ez nago erabat ados. Estresa ikaragarri gutxitzen zaigu etxetik atera aurretik, urteko egun guztietan, gure hizkuntza hautua eginda baldin badugu. Ez ibili zalantzan, lehen hitza beti euskaraz, BETI. Parekoak ez badu ulertzen, jakinaraziko dizu. Ulertu bai, baina erdaraz erantzuten badu, segi euskaraz. Egin euskaraz, lasai asko. Ze estres ta ze otxokuarto! Horrela jardunez gero, pilota hartzailearengan gelditzen da; sufritzekotan, sufri dezala ez dakienak.
    Bideoak transmititzen du euskaldun izatea nekagarria dela, eta ez zait gustatzen. Ez badugu geure euskalduntasuna bizipozez eramaten, jai dugu.

    • Bete-betean asmatzen duzu azaltzen duzun jarrera horretan, baina begiraiozu errealitateari eta ikusiko duzu lau katu zaretela hori egiteko gauza zaretenak. Euskalduna, jaiotzen den une beretik sumisio giro batean hazten da, eta hezurmuinetaraino sartuta geratzen zaio bigarren mailako izatea. Hiru modu daude hori aldatzeko: Gerra bat irabazi, hezkuntza esparruan jarrerak alda arazi edo telebista bitartez zuk aldarrikatzen duzun eredu hori normala bihurtu. Ni, zalantzarik gabe azkenekotik hasiko nintzateke.

  • Estresa ez du euskarak sortzen, baizik eta espainierak. Batzuek espainiera solik jakiteak sortzen du, sortzekotan, estresa.

  • Martin Rezola 2012-12-13 13:32

    Nire ustez laugarren irizpide bat falta da bideoan: bat, lekua; bi, itxura; hiru, ikurrak, eta lau, adina: nekez aurki daiteke gaur egun gazterik “barkatu” (edo beste edozer oinarrizko komunikazio) ulertzen ez duenik.

    Eta beste gauza inportante bat ere falta da: estres, neke edo apustu horren beste aldea, ifrentzua; hau da, jasotzen duzun saria. Kuku-miku edo Dona-dona egin eta gero asmatzen baduzu, konplizitate bat sortzen da, harremana oso diferentea da, eta egun horretan pozikago oheratzen zara.

  • Erakusketatik buelta bat egin nuen eta goian idatzitakoa irakurri ere:

    “Ez dago erdararik ez dakien euskaldunik. Beraz, euskaldunak euskaraz egiten badu hala nahi duelako da, euskara lehenetsi duelako¨

    eta bapatean oraindik bizirik dauden gure amon-aiton euskaldun elebakarrak edota elebidun pasiboak zakutik kanpo utziko ditugu. Eta euskaraz erderetan baino hobeto moldatzen garen euskaldunei aditzera emango zaigu gurea aukeraketa dela, hau da, ingelesa eta espainola jakin arren euskaraz egitea zuk egindako aukera dela, eta ez berezkoa. Eta aukera hori egiten baduzu ¨euskaltzale¨ izendatzen zaituzte. Pentsatzen jarri gabe,11 urterekin euskara ikasi duen ¨euskaldunberri¨ batek euskara lehenesten ez duen bezala, 11 urterekin erderaren bat ikasi duen ¨erdaldunberriak¨ ez duela aukeraketa egiten euskara erabiltzerakoan.

    Eta hau dena euskaldun elebidunak euskaldun elebidunari sinestaraziko dio. Gurea aukeraketa dela, eta aukeraketaren estresak bizi gaituela.

  • Estres linguistikoa. Aspalditik zenak orain badu izena. Dotorea gainera, gaur egungoa: es-tre-sa, stress. Euskaraz bizi nahi dugun guztion ezinbesteko bidelaguna.
    Buruan iltzatuta daukat oraindik ETBko irudia: aurkezle bisitaria eta elkarrizketatua vitoria-gasteizko taberna baten kanpoko mahaian eserita: “Uncafeconlecheuyunosolo” (edo halako zerbait).
    Euskaldunon borondate onaren erakustaldia? Erdaldunak eurenganatzeko estrategia? Hizkuntz estresik ez pairatzeko prebentzio-neurria?
    Zur-ta-lur gelditu nintzen. Ederra eredua.

    • Kafe extress 2012-12-20 12:05

      Jaurlaritzaren aurreko taberna, ehunka langile euskaldun egunero bertara, tabernariak urte asko bertan emandakoak, elkarren ezagunak.
      Hala ere, kafe-esnea eskatu eta tabernariaren galdera ¿cortado? (No, cocacola, notej… nire artean).
      Jarraian gazte batek: “tortila* pintxo* bat*…”, eta tabernariak: ¿uno? ozen, gaztelaniaz jarrai dezan. Baita lortu ere.
      Euskaldunoi ezta hurrik ere, euskaldunon sosei esker bizi arren. Badugu garaia, sasi(bil)etik irten, estresa kolonoei oparitu eta insumisioa praktikatzen hasteko, ezta?
      *Tortila: tortilla
      *Pintxo: pincho
      *bat: one
      *kolono: colono