Euskalduna, bizipozetik eta minetik

xabier-letona - Euskalduna, bizipozetik eta minetikIrakurketak, hausnarketak, iruzkinak eta eztabaidak merezi duelakoan, Xabier Letonaren ondoko artikulua. Zorionak!

 

Euskaldun moduan pozik egoteko arrazoi asko dago gaur egun. Nagusiena euskaldun gisa bizi ahal izatea bera, eta horretarako aukerak asko dira: era modernoan, kalitate handiz eta bizipozetik. Euskaldunak gizarte modernoan hiztunak behar dituen tresnarik gehienak ditu eskura: hezkuntzan, kulturan, hedabideetan, teknologia berrietan… Euskaldunak baikortasunez begira diezaioke etorkizunari, euskararen herriak handitzen jarraitzen duelako eta biziraupenerako tresnak badituelako, borondatezkoak zein legezkoak.

Baina euskaldunak ez du nahikoa horrekin guztiarekin. Euskal Herrian euskaraz bizi dena bizipozetik adina edo gehiago mintzo da minetik, aintzat hartu ez izanak ematen duen minetik, oraindik ere bere herrian sarri, askotan, gehiegitan sentitzen delako baztertua, iraindua, gutxietsia, mespretxatua, erabilia…

Adibidez, Eusko Legebiltzarrera sartu eta ateko ertzainak euskaraz erantzun ezin dionean, kaleko ertzainak euskaraz hitz egiteagatik probokatzen ari dela dioenean (zer esanik ez kolore denetako gainerako poliziez), haurrari medikuak esandakoa itzuli behar zaionean, Nafarroako Gobernuak edo Parisekoak muzin egitean Europako hizkuntza gomendioei, diru-laguntzak ukatzean, eskolako bileran, lantokian, Espainiako Konstituzioak ezetz dioenean… Euskaldunaren minak kontaezinezko egoerak ditu.

Euskal hiztunen komunitatea giltzarri da bere bilakaeran, baina euskal gizarteak baldintzatuko du bere garapena. Eta, gaur gaurkoz, gizarte horrek borondatez eta legez bultzatzen du euskara. Komunitatea, gizartea, borondatea eta legea, horra hizkuntza garapenaren laukote ezinbestekoa. Errepaso historikoak argi diosku euskararen herriak aurrera egin duela –EAEko kopuruengatik– eta euskararen lurraldea galtzen ari dela –Iparraldean gero eta ahulagoa da, Nafarroan ezinean dabil eta lurraldea galduz–.

Ondorioa: euskara berriz politizatzea ezinbestekoa da. Politizatzeak, oraindik ere bultzada politiko handia behar duela esan nahi du, ez besterik.

Zein helbururekin? Legeari begira: Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Komunitatean EAEk egun duen bultzada politikora iristeko; EAEn, datozen 15 urteetan ezagutzatik erabilerarako jauzi atzeraezinak gauzatzeko (kopuruak aditu eta politikarien artean adostu behar). Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian lege urrats esanguratsuak eman gabe, egoera biziki korapilatsua dator, ez da soziolinguista izan behar hortaz ohartzeko. Nafarroan eta Iparraldean euskaltzaleen indarrak zein diren kontuan hartuta, ezinbestekoa da EAEko botere publikoek euskaldunen komunitate osoa aintzat hartzea eta harekiko harreman eta konpromisoa biderkatzea.

Komeni da gizartea eta euskal hiztunen arteko dialektika irekia etengabe zaintzea. Euskal gizartea –sektore garrantzitsu batzuk kenduta–, oro har, euskararen garapenaren aldekoa da. Baina erdalduna da nagusiki, eta euskaldunen komunitatetik ohartarazi behar zaio zein den gure osasuna eta egoera, eta zeintzuk diren gure beharrak. Euskarak laguntza behar du, baina gizarte –jarri alderdi, hedabide, lantoki…– erdaldunetik inoiz ez dira urratsak emango gizartea euskalduntzeko, erdarak ez duelako euskararen beharrik. Euskaldunak behar du izan protagonista.

Iritsi da ordua komunitatetik gizarteari mezua argi helarazteko: horrela jai dugu (Nafarroa, Ipar Euskal Herria) edo gehiago behar dugu, bestela larri ibiliko gara (EAE). Hori da, funtsean, iragan abenduaren 1ean Kontseiluak Donostian bildutako jendetzak adierazi zuena. Kasurik onenean ere, egoera osasungarria izango badu, ezinbestekoa da euskarak apurka masa kritikoa eta lurraldea irabaztea. Iritsi da ordua instituzio eta euskararen komunitatearen artean, orain arte ezagutu ez dugun harreman molde batera iristeko. Berrikuntza, eztabaida, begirunea eta elkarlana. Horra abiatzeko laukote ona.

EAEn, Euskararen Legearen 30. urteurrenean, lege aldaketarekin bideratzen da hori? Ez dago argi. Baina argi dago, egungo esparrutik askoz gehiago ere egin daitekeela. Eusko Legebiltzar berriaren gehiengo oso handiak ematen du sakontzeko aukerarik. Euskaldunen komunitateak gizarteari eta erakundeei zer eskatzen dien argi dago, botere publikoen erantzuna nola bideratuko den ikusi behar orain. Harreman berria eta egoera berria posible dira. Areago, beharrezko dira.

cc-by-sa Xabier Letona. Argia.com 2012 // 2348. alea

Euskalduna, bizipozetik eta minetik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude