EAJ-ren olatua ETB-n #M24

EAJ-ren olatua ETB-nMaiatzak 24ko foru eta udal hauteskundeek jarraipen zabala izan zuten atzo EiTB-n, eta ETB1ean, esaterako, kasik bost ordu eman zituzten emaitzak aztertzen, Hauteskunde Gaua izeneko saioan, Maddalen Iriarte eta  Xabier  Usabiaga gidari zirela.

Nafarroako aldaketa historikoa alde batera utzita, UPN boteretik botako duena, gauak irakurketa argi bat utzi zigun; EAE-ko erakunde publikoak EAJ-k gobernatuko dituela hurrengo lau urteetan, jeltzaleak irabazi baitituzte hauteskundeak; nagusitasunez, ondorengo bi adibideek telebista publikoan argi utzi digutenez.

 

Jeltzaleak nagusi

“Nork irabazi ditu hauteskundeak” galdetzen hasi zuen saioa Iriartek. Eta laster hasi ziren zalantzak argitzen. Agerraldia egiten lehena, Itxaso Atutxa BBB-eko lehendakaria. Agertzen bigarren jeltzalea, beste hainbat alderdietako lehen adierazpenen ondoren eta jada saioak bi ordutik gorako emizioa zeramala, Andoni Ortuzar EBB-eko lehendakaria -eta Iñigo Iturrate gero-. Honek, EAE mailako lehen azterketa egin zuen EAJ-ren izenean.

Jeltzaleen lehen balorapen orokorra ezagututa, izango zen ikusentzulerik EH Bildu eta PSE-ren adierazpenak ezagutzeko zain -EAE-ko bigarren eta hirugarren indar politikoak-. Baina Iriartek “EH Bilduren agerraldia; gaur gaueko emaitzen inguruan zer duten esateko jakingo dugu berehala” esan eta… begira zer gertatu zen, hara!

Bai lagunok, EH Bilduk Gipuzkoako aldundia eta besteak beste Donostiako udala galdu zuela jakin ostean -lehia bizia espero zen EAJ-rekin-, Hasier Arraiz EAE-n koalizioak izan zituen emaitzak baloratzeko unean… zer eta Juan Mari Aburtok aurrea hartu, aurreikuspenak bete eta Bilbaoko alkatetza eskuratu berria zuen gizonak.

Arraizen adierazpenak entzuteko Bilbaoko alkateak bukatu arte itxaron beharra izan bazen, okerragoa gertatu zitzaion Idoia Mendia gizajoari. EH Bilduko bozeramailearekin batera berba egiten hastea nahikoa ez bazen, PSE-ren balorazioak minutu erdi eskas baino ez zuen iraun emisioan, Mendia berbetan zela Unai Rementeriak bere agerraldia hasi zuelako. Eta bi lekutan batera egotea Jainkoaren eskumena baino ez denez, ETB-k Bizkaiko Ahaldun berriari eman zion lehentasuna.

EAJ-ren olatu “itzelak” aurretik eraman zituen bart beste alderdi guztiak, baita ETB-n ere.

 

EAJ, eh bildu, etb, hauteskundeak, PSE

Zer duzu buruan “EAJ-ren olatua ETB-n #M24”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude