Beste urte batez

Beste urte batez –

Mikel Lacalle Hala Bedin.


Beste urte batez, Espainako Erresumatik jai bat ezarri digute gure egutegian, duela 500 urte baino gehiago konkistatzaile espainiarrek egindako milioika amerikar natiboen genozidioa ospatzen duena. Iragan kolonial baten nostalgiak, harrotasuna baino gehiago, lotsa eragin beharko lukena. Ospatzeko ezer ez, beraz; baina utz dezagun egutegian gorriz markatuta, historiako kapitulu odoltsu baten oroigarri gisa.

Beste urte batez
Arg: Comunidad de Madrid

Beste urte batez, Espainiako erresumaren hiriburuko ospakizunaren ekitaldi nagusia ohiko desfile militarra izan da, bere gerra-gurdi eta hegazkinen armategiarekin, errege-erreginak eta PSOE-Unidas Podemos koalizio-gobernua tribuna zentralean buru izan zirela. Demokrazia debaluatu honen historiako gobernu aurrerakoiena –hala diote-, konkista gaitasuna erakutsiz zalantzarik izan ez dadin duela bostehun urte baino gehiago egin zuten “balentria”, egun honetan ospatzen ari direna, orain ere errepikatuko zutela.

Eta beste urte batez, noski, legioaren ahuntza desfilean parte hartzen!

Beste urte batez, garai hauetan ohikoa denez, gobernuak estatuko aurrekontu orokorrak aurkeztu ditu diputatuen kongresuan eta aurten gastu militarrak errekorra jarriko du. Delás Zentroaren arabera, 2020ko urtearekin alderatuta %6,5 handitu du Defentsa ministerioaren aurrekontua eta guztira 10.863 milioi eurokoa da. Baina gobernuaren ohiko jokabidea kontuan izanik, hau da gastu militarra beste sail ezberdinetan ezkutatzea kopuruak herritarren begietara oharkabeago pasa daitezen, gastu militarrak 21.623 milioi eurokoa izango da Espainiako estatuaren aurtengo gastua: bere historiako handiena, eta aurreko urtekoa baino %10,3 gehiago. Krisi garaian, oinarrizko esparruetan murrizketak egiten dituzten bitartean, gastu militarrerako aurrekontua izugarri igo da. Eta hau urtez urte gertatzen da, gobernuaren kolorea edozein dela ere.

Eta beste urte batez, euskal armagintza-enpresek, oso aktiboak jadanik hasieran aipatu dudan konkistaren garaian, etekinak pilatzen jarraituko dute, ekoizten dituzten armak suntsituko dituzten bizitzak axola gabe.

Hori dela eta, beste urte batez, armagintza-enpresak ekoizpen zibileko enpresa bihurtzeko borrokan jarraituko dugu… bai eta armadak deuseztatzeko ere!

Azkenik, esan nahi dizuet, beste urte batez, Zapateneoren urteurrena ospatzen ari garela -19. urtemuga aurten- eta urrian zehar hainbat jarduera antolatu ditugula. Gure web orrian (zapateneo.net) informazio zabala aurki dezakezue.

Zuen zain gaude!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Beste urte batez”-ri buruz

  • “Beste urte batez, Espainako Erresumatik jai bat ezarri digute gure egutegian, duela 500 urte baino gehiago konkistatzaile espainiarrek egindako milioika amerikar natiboen genozidioa ospatzen duena.” dio artikuluak.
    Colonen itsasontzietan joan zirenen heren bat euskaldunak ziren, eta bertakoekin lehen kontaktua egiterakoan, euskara izan zen probatu zuten hizkuntzetako bat, sukaldari euskaldun batek “itzultzaile” lanak hartuta.
    Cortés-ekin euskaldun ugari ibili ziren, Pizarrorekin ere bai. Gerora ere bai. Nueva Espainiako administrazio egituran, abizen euskaldunak gehiengoa dira, goi eta erdi mailako funtzionarioetan.
    Historiarako geratu dira hainbat izen: Gaston de Peralta nafarra (Nafarroako erresuma independentean jaioa, Paben, 1510ean) izan zen Nueva España-ko 3. erregeordea. Lope Diez de Aux, tuterarra, Jose de Armendariz y Perurena, iruindarra, Juan Bautista de Anza, hernaniarra, Pedro de Otalora, arrasatearra, Lope de Agirre (24 urtez indiarrak hiltzen ibilitako mertzenarioa, orain heroi bihurtu nahi dena, 24 urte horien ostean gutxiegi pagatu ziotela eta, erregeren aurka altxatu zelako), Agustin de Jauregui y Aldecoa, baztandarra, Pedro de Ursua, baztandarra, Juan de Garay, bizkaitarra, Martin Ruiz de Gamboa, durangarra, Francisco de Garay, sopuertarra. Diego de Ibarra, eibartarra, Francisco de Ibarra, eibartarra, Cristobal de Oñate, Juan de Tolosa, Domingo Martinez de Irala, bergararra, Francisco de Urdiñola, oiartzuarra (ameriketako lehen Rockefeller, meatzeekin eta esklabuekin aberastua), Francisco de Argañaraz y Murguia, amezketarra, Catalina de Erauso, donostiarra, (zain nago ea nola tratatuko duen gure garaiko errebisionismo historikoak pertsonaia hau: hiltzaile konskitatzailea, baina emakumea, lesbiana eta trabestia: zer egin bere kale izen eta estatuekin? Erantzungo digute woke-ek…), Pascual de Andagoya, arabarra, eta beste milaka eta milaka euskaldun, historiara pasatu ez direnak.
    Zer esan, bestalde, “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas”i buruz, gure “Vereenigde Oostindische Compagnie” partikularra.
    Administrazioan, ejertzitoan, elizan (Kaliforniako misionero euskaldunak), gizarteko sektore eta arlo guztietan ditugu euskaldunak presente, 1492ko urriaren 12tik.
    Zeinen komodoa zaigun Amerikaren konkista eta genozidioa “espainolen” gain uztea. Euskaldunok ez al dugu deus esateko? Jaioterrian zapalduta egoteak Ameriketan edozer egitea justifikatzen du? Edo esango dugu, gure herria eta kontzientzia garbitu eta zuritze aldera, Espainiaren zerbitzura zeudenez, horiek ez zirela euskaldunak? Agramondarrak eta beaumondarrak, oinatz eta ganboatarrak, denetik ibili zen ameriketan.
    Antonio Zavalaren “Pello Errotaren bizitza, bere alabak kontatua” liburuan ageri da pasarte ezin argigarriago bat:
    “San Migel bezperari “asolbiziyo-eguna” esaten zitzayon. Guk beti ala aditu genduan Leitzen gero ere: “Asolbiziyo gaur da”. Iñun asolbitzen etziran pekatu guztiak, egun ortan an barkatzen ziran. Ta an izaten ziran indiano zar guziak.”
    Ezagutu dezagun gure historia, eta onar ditzagun gureak, besterenak epaitzen hasi aurretik.

  • Joxe pottotto 2021-10-22 08:25

    Ez dut inoiz euskaldunik entzun orduko haiek egin zutenaz harro. Orduko euskaldunoz ezer esaten ez badugu, gure lotsak estaltzeko da, hain zuzen ere.

    Espainiarrak bai, harro daude, oso harro, eta porkenotekallasak ospatzen jarraitzen dute…

    Gure independentziari buruz ez naiz oso baikorra epe motz-ertain batean, baina lepoa egingo nuke lehenago etorriko dela Euskal Herri independentearen barkamen eskea Espainiarena baino.

  • “Ba ote”, inork ez du ukatzen euskaldun mertzenarioak espainiarren zerbitzura egon zirenik, ez orduan ez gaur egun. Baina sarraskia HISPANITAEAREN eta Espainiaren handitasunaren izenean ospatzen dute haiek. Beti bada norbait espainiarren zaborra gure gainera bota nahian.

    Bestetik, ez dugu ahaztu behar, Nafar erresuma oraindik burujabe zela espainiarrak Amerikarekin estroputz egin eta Indian zeudela uste izan zuten zuten garai hartan, eta beraz, EHren zati handi batek beste arrazoi erantsi bat daukala “balentria” hori ez ospatzeko.

    Irrigarria da ere, Bikingoek amerika “aurkitu” eta 500 urte ondoren, espainiarrek horren berri ez edukitzea, eta, 1000 urte pasata, oraindik haiek “deskubritu” zutela ospatzen ibiltzea.

    Urriaren 12a, espainiarrek eragindako sarraskiaren urteurrena bakarrik ez, espainiarren erridikuluaren urteurrena ere bada, ez dakit nolatan ospa dezaketen egun hori, ez bada haien inorantziak zein erridukuak diren ikusten uzten ez diela.

  • Graham Bell-i egozten zaio telefonoa asmatzea, eta inor ez da Meucci-rekin gogoratzen, 60 urte lehenago asmatu zuen arren. Hemen antzeko zerbait pasatu da. Fama Colonek du, ez Erik Gorriak.
    Irrigarria da, dena den, bikingoei egoztea ameriken “deskubrimentua”, bertan inuitak, maiak, aztekak, pawneak, irokesak eta gainerakoak zeudenean. Antza ez zuten beren burua deskubrituta, eta galduta zebiltzan ameriketan. Europar zentrismoa, edozein kasutan: bikingoak edo Colon (edo euskal baleontziak). Amerika benetan aurkitu zutenak bering-etik sartu ziren, ez atlantikotik, eta bikingoak, euskaldunak edo Colon baino dezente lehenago, gainera.
    Bestetik,nik ez dut espainiarren zaborra gure gain bota nahi. Nik zintzotasuna nahi dut. Eta ezin da ukatu euskaldunok ameriketako konkistan funtsezkoak izan ginela. Esan dezakegu Espainiaren izenean ibili zirela, eta egia da, baina horrek ezin du ezkutatu euskaldunak zirenik.
    Esango dugu espainiar odolzaleek egin zutela konkista, eta lasai geratuko gara, baina espainiar horietako asko eta asko euskaldunak ziren (nafarrak ere bai: goian aipatu dut alde guztietatik nafarra zen Gaston de Peralta Nueva España-ko hirugarren erregeordearen adibidea. Bere tituluen artean, Faltzesko Markesa, Peraltako Jauna, Martzillako Baroia eta beste hainbat, bere aitona Piarres Peraltakoa izan zen, agramondarren burua nafarroako gerra zibilean). Gure herri eta hirietan kale izenak dituzte, eta gure herrietako udaletxe eta elizen eraikuntza finantzatu zuten. Gure historia ere badira.
    Ameriketan indiarrek entzun zuten bigarren (agian hirugarrena, italiarrak ere joan baitziren Colonekin) hizkuntza europarra euskara izan zen.
    Historia horrelakoa da, ez da guk nahi dugunera moldatzen. Gertatu zena gertatu zen, eta ezin da aldatu. Eta gertatu zen euskaldun ugari ibili zirela ameriketan indio ehizan.
    Ni ez nago urriak 12 ospatzearen alde, inondik inora. Orain, uste dut euskaldunok lezio gutxi dugula emateko, eta hobe dugula ixilik egon, espainiarrei kargu hartzen ibili beharrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude