Behe-sua euskaldunontzat

Behe-sua euskaldunontzat –

Garrantzi handikoa izan da gure etxeetan sua, gure baserrietan. Orain, egun, gure hiri-giro hiperteknologizatuetan artefaktu gisa zuen eginkizunak jada leku kasik batere ez badu ere, hor dirau, nik uste, sikera gure euskal oroimenean, gure oroimen partekatuan. Neolitoan, gizakiak sedentario samar bilakatu zirenean, hildakoen gainean hasi ziren bizilekuak antolatzen, edota, bestela ikusita, bizilekuen azpia arbasoentzako atseden-leku izaten. Arrutik ondo asko ikusten du zer den euskaldunarentzat baserria, eta zer den bere barruko behe-su ondoan, epelean, atseden gozo hartzea:

Euskal-basetxe maitea, gure
Abi bigun da gozua,
¡Itzali gabe gorde zeuk beti
Oitura garbien sua!

Horrek ekarriko zuen, ziur asko, geroztik etxeko suak igurtzi, kutsu sakratu bat hartzea. Etxeko sua hilentzat eta bizientzako argia eta lotune izango da geroztik, eta sukaldea, sukaldeko sutondoa, sakratuaren eremua, geure-geure zen tenplu domestikoa. Ia gure egunetara arte, baserrietan, hor, berez ezinago inmanente den su horren bueltan aurkitu du euskaldunak transzendentziarako bide bat, geure arbasoen bestaldeko munduranzko sinbolo eta komunikabide. Han entzun genezakeen gure arbasoen zuhurtzi isila, marmarrean antzo, mutu asko esanez, han, sutondo hartan zeutzan gure arbasoek urteetan pilatutako eskarmentu eta jakinduria, baita euren bizia eta gurekiko elkartasuna.

Suak ekartzen digu gure arbasoen ahots lauso bezain ezin isilezkoa. Baina, horrez gain, gu geu, bizitza bera, etengabeko bilakaeran dagoela ondo gogorarazten digu. Bizitzea hiltzen joatea dela gogorarazten digu suak. Bizitza etengabeko aldaketa-emaria da, molde heraklitoarrez esan genezakeen bezala…

Eta aldiak
Egunak banan-banan
ematen dizkigu…” (B.GANDIAGA, Ahotsik behartu gabe, 101 or.)

Sua legez piztuak,
sua legez gara
erre ahala suntsitzen…” (B.GANDIAGA, Ahotsik behartu gabe, 129 or.)

Gure Jainkoak, are gerora kristautu zenean ere, ez zion sekulan hemen-hemengoari, lurrari, barnealdeari loturik egoteari utzi; hartara maizenean kanpo, urrutiko genuen Kreatzaile goitar biblikoaren urruntasun ezin salbatuzkoa gurean gertu-gertu zegoen: “Ama lur eta Hezetasunaren Aita zabal eta sendo (B.GANDIAGA, Hiru Gizon Bakarka, 175 or). Lur eta suaren amatasunaren altzoaren epelean Jainkoa gauzetan urtzen zaigu, une oro tokian toki dugula, nonahi dugula. Sutondoarena geneukake gertutasun jainkotiar horren gunetan gune, dentsitate handiko Jainko adierazpen: “Eguzki handiaren ispilu txiki” (B.GANDIAGA, Elorri, 64 or.):

Suaren irudi, sua
etxeko su maitatua
emaguzu Su goiaren
zinezko erretratua (B.GANDIAGA, Gabona dut anuntzio, 75)

Areago ere, hain gertuko, hain gure artekoa egindakotzat den hori suan ikusten du Gandiagak, ezen ume, gizaki, guretako bat bilakatu zen Jesusen presentzia bera ikusten duela baserriko behe suan:

Betiko Suarengandik
jaitsi zen Sua zerutik
gizonentzako argi ta
maitasun-garrez beterik

Etxeko behe sua errituala da, errito bilakatzen da bere ondoko epelean bat egite hori. Berorren jira-bueltan hartzen du familiak indarra eta atseden, eta halaber bat-bat eginik egoteko pozetan zein atsekabeetan:

Ederra sua Gabonez
berotasun gozoenez
haren jiran familia
elkarrentzat bihotz onez (Gabona dut anuntzio, 73 or)

Etxeko behe-suan egiten du bat etxekoekin, elkartasunez bezala-edo, dena biziarazten kanpoko goiko eguzkiak. Gurean den beheko suak berez beti kutsu sakratua badu ere, sekulan ez Gabonetan bezala, orduan askoz areago. Hein horretan, Gandiagaren irudiko, sutondoko suaren jaiak ziren Gabonak, eta San Joanak, aldiz, zelai-suarenak:

Bi suok ditut oroitzen, bakoitza bere aroan;
sinbolo-zentzu sakona zuten
haur nintzeneko giroan (Gabona dut anuntzio, 26 or.)

Azkenik, lerro hauei buru emate aldera-edo, eta aita araoztarra dudan aldetik, aitaren lehengusu propio den Paulo Agirrebaltzategi editore duen eta Bitoriano Gandiaga biltzaile duen Araozko kantuak eta kontuak liburuan bildutako honako pasarte hau, sua, berori Gabonetan, eta kanpoko eguraldiarekikoak ere gorabehera zer nola ibiltzen ziren sukaldean, jasotzen duena, bitxi bezain aberats den Araozko euskeria jatorrean:

Haize-zainketan: “Lenago, Gabon gabaz, aize zainketan egoten ei zian, Gabon gabeko aiziak ba, arek irauten euela Martsorarte ta, urrengo kuarta tenporak arte irauten euela ta. Batak sorta abarra suai emuten iutsan eta beste anaixak, etxaburura joan ta, keia zainketan iuen. Keiak bera eiten baeuen, txalo jo: -Ontxe etxaukoi kuidaurik!-. Eta gora eiten baeuen: -Ontxe galdu gaituk!-. Orduan egoaizea agertzen bazan, txalo jo ta sukaldea etortzen zan aizea zainketan euana eta geo botakada bat ardo edaten euen. Nik siñisketan dot gaiñea ori, zeatik ganauentzako jan gutxi izaten euen ba, eta arek, sikeran egualdi onen esperantzia emon. Lengo areik ostikada asko artuta bizi zian emen”. (Frantzisko Zurutuza). (Araozko kantuak eta kontuak, 146 or.)

Behe-sua euskaldunontzat

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude