Arrazistak ezagutzeko gida bat

Arrazistak ezagutzeko gida bat –

Dakitenek diote, arrazakeria dela pertsona edo pertsona-talde batek beste batzuekiko erdeinua edo gorrotoa izatea ezaugarri ezberdinak dituelako, hala nola azalaren kolorea, hizkuntza edo jaioterria.

Arrazakeria etnozentrista, berbarako, talde baten ustezko nagusitasun kulturalean oinarrituko litzateke. Talde horrek beste talde batzuk mehatxu kulturaltzat joko lituzke eta berdintasunerako eskubidea ukatu. Nagusi-usteko talde horiek uste dute beren menpean egon behar dutela euren eragin eremuko beste guztiek.

Euskal Herrian, gainera, zapaltzaile españolek eta frantsesek, zapalduoi, euskaldunoi egotzi ohi digute “arrazakeria”, eta ekinaren ekinaz, gure arteko askoren burmuinetan ideia hori txertatzea lortu dute… nortzuek eta arrazakerian txapeldun direnek eurek!

Erdal-arrazakeria normalizatuta dago Euskal Herrian, dagoeneko. Gizarte-maila guztietan pairatzen dugu. Adibide asko jar daitezke, dela epaitegietan nahiz poliziekin, dela medikuarenean, izan jatetxe dotoreetan edo auzoko taberna eta denda xumeetan, edonon. Arrazakeria klaseartekoa da, eta euskaldunok pairatzen dugu gizon/emazte zuri goi- eta ertain- klasekoen aldetik bezala, langile xehe edota etorkinen aldetik ere, zurbilak nahiz arrazializatuak izan.

Normalizatuta dagoenez gero, eta soilik gutxiengo batek jasaten dugunez gero (lehen hitza ahal den guztietan egiteko ohitura “txarra” dugunok), Euskal Herriko gizartearen gehiengoak ez du errealitate honen arrastorik ere, usaindu ere ez du egiten; erdaldunek inolaz ere ez, baina euskaldun askok ere ez, ezezagunei euskaraz egiten ez direlako ausartzen edota euskaraz jarduteko ohiturarik ez duten “euskaldunak” direlako.

Arreta apur bat ipiniz gero, erraza da arrazistak ezagutzea baina. Horra lorratz batzuk:

  1. Ez dute bizi diren (euskal) herriko jatorrizko hizkuntza ikasteko ahaleginik egiten.
  2. Erdaraz jarduteko exijitzen digute ingurukoei.
  3. Jarrera zakarra izaten dute makurtzen ez zaizkienekin.
  4. Estatuak eman posizioa probesten dute erdara inposatzeko.
  5. Zapalduak bailiran jokatzen dute, zapaltzaileak eurak izanik.
  6. “Berdintasunaren” izenean “ezberdin” hitzegiten dutenak baztertzen eta zapaltzen dituzte.
  7. “Pribilegiatuak” garela leporatzen digute hizkuntza zapalduaren hiztun baztertuoi, gure hizkuntz eskubideak aldarrikatzea otuz gero.

Aipatu bezala, erraza da gure inguruan arrazistak aurkitzea, are errazagoa eremu erdaldunduetan, oraindik euskaldunetan baino, baina Euskal Herri osoan dauzkagu ugari, herri zapaldu guztietan bezala. Lehen hitza nonahi eta noiznahi euskaraz egitea aski izan ohi da ustekabean ere agerrarazteko.

Arrazistak ezagutzeko gida bat

Oinezkoa

7 pentsamendu “Arrazistak ezagutzeko gida bat”-ri buruz

  • Euskaldunak munduan zehar hedaturik dauden arazoak konpondu nahian, eta etxeko arazoei garrantzirik eman ere ez. Hobe genuke gure etxea atontzen hasiko bagina…

  • Gida ona Agirre. Guztiz bat zurekin, Tximino!
    Moralinaz eta konplexux betetako herritarrez osatutako Herria gara.
    Bertsolariak lekuko, esateko.Tamalgarria.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-12-28 00:18

    Oso beharrezko dugu mikrobazterketen eta mikroarrazakerien dekalogo bat, erreferentzia gisa, uzkurtzeari, alienazioari eta barne erbesteari aurre egiteko!

  • Matxismoa, homofobia, etab salatzeko beldurra aspaldi galdu genuen.
    Etorkin hegoamerikarrek, afrikarrek… jasaten duten arrazakeria ere bai. Alabaina, euskaldunok jasaten duguna normalizatu dugu, artikuluan esaten den bezala. Ozen salatzeko garaia da, beranduegi baino lehen.

  • Gogoan dut niri gertatutakoa. Bilboko aireportuan nengoen lankide batzurekin hegaldiaren zain. Gure alboan emakume bat zegoen bere alaba izan zitekeen neska txiki batekin. Nire lankideak berriketan ari ziren, euskaraz. Ni apartexeago nengoen, aipatu dudan emakume horren ondoan. Halako batean neska txikiari entzun nion esaten:” porque no hablan en castellano?”, nahiko asaldatuta esan zuen gainera, hori gogoan dut eta harritu ninduen horrek, hain txikia izanik asaldura hori izateagatik. Amak isilik egoteko esan zion urduritasun puntu batekin, aurpegia ere gorritu zitzaion, argi eta garbi beldurra zuen gutako norbaitek umeak esan zuena entzun eta haiekin sartuko ote ginen. Nik entzun nuen noski, zerbait esatekotan ere egon nintzen baina isilik gelditu nintzen. “Asi los educais en el odio” esateko asmoa izan nuen. Baina azkenean ez nuen ezer esan.

  • A eta B ereduak ez dira gurasoen aukera-askatasunaren gauzatzea, baizik eta arrazakeria linguistikoa betikotzeko gerra-makinak. Giza eskubideen aurkako delitugilea da umea A edo B ereduan matrikulatzen duena.

  • Hala da. Arrazakeria linguistikoa betikotzeko, eta euskararen normalizazioa oztopatzeko tresnak dira A eta B ereduak, beste askoren artean. Horregatik, eredu horien alde itsu-itsuan jotzen dute alderdi espainiarrek.
    Baina alderdi abertzaleek (biek ala biek) alderdi espainiarrekin adostu duten eredu eleaniztuna, B eredua bera baino are okerragoa da.
    Eta are zailagoa da ulertzen EAJren jarrera Lanbide Heziketan, adibidez. Lanbide Heziketan D eredua %22 inguruan dago trabatuta PSoEk Lehendakaritza eskuratu zuen garaian ezarritako arau bati esker. Españolez ikasten dute Lanbide Heziketako ikasleen %75ek, lehen PSoEk eta gero EAJk, ez dutelako D ereduaren hazkundea ahalbidetu nahi.
    Horrela, ordura arte euskaraz ikasi duten gazteak españolez trebatzen dituzte… lanmunduan “behar bezala” erdaldunduta sar daitezen?
    Arrazistek laguntzaile trebeak dauzkate gure artean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude