Ahutsaren hurrengoa

Ahutsaren hurrengoa –

Apirilaren 21ean eta 22an, gaur eta bihar, greba digitala egiteko deia zabaldu dute 1000 kulturgile inguruk. Egun hauetan ez dute kultur edukirik partekatuko sarean, eta 2008ko krisia oraindik ere bizkarrean daraman sektorearentzako beharrezkoak diren neurriak eskatzen dituzte.

Ahutsaren hurrengoa
Arg: StockSnap (Pixabay)

Oskorrik badauka online entzungai ez dagoen kantu bat, “Oskorria”, eta bertan Gabriel Arestik abesten du Nacho de Feliperen eztarritik, esateko egun zoriontsuren batean langileek fabrikek ematen dutena izango dutela, nekazari eta abeltzainek lurretik eta animaliengandik jasotakoa, marinelek itsaso zabala, eta poeta sozialek euskararen harmonia (sozializatzen zailena izan daitekeena, agian). Fabrikak deslokalizatzen dituzte eta baldintzak okertu, kanpotik ekarritako jakiek bertako ekoizlea galdu, eta geroz eta gehiago dira lurrean zorabiatzen diren arrantzaleak (arrantzatu dutenak portuan ze prezio daukan ikustean); eta poeta sozialak, kultur sortzaileak… haien lana ez da aski baloratua, eta maiz debalde egiteko eskatzen zaie.

Kultura greba bat. Kulturgileak greban… eta irudimena hegan hasi zait.

Piketeak irudikatu ditut, goizeko 5etan elkartu eta Amazoneko banaketa egoitzak ixten. Auzoko liburudendakoa banaketa furgoneten gurpilak zulatzen ari da bihurkin batekin, eta Ainara Azpiazu Axpi-k su-itzalgailu bat pinturaz bete eta berarengana hurbiltzen den edonor gozoa uzten du amen batean. Eñaut Aiartzaguena eta Otso elkarrekin dabiltza inoiz greba baterako erabili diren kartel ederrenak kolaz itsasten, eta Iker Laurobak lelo originalenak oihukatzen ditu gitarra lagun duela.

Oreka TX-koei errekisatutako nunchakuak

Eguerdiko manifestazioan istilu gogorrak izan dira. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ninja talde bat agertu da bat-batean: Oreka TX-ko Harkaitzek eta Mikelek nunchakuak egin dituzte txalaparta jotzeko makilekin, Eneritz Furyak eta Miren Narbaiza disko zorrotzak jaurtitzen aritu dira ezker-eskuin, aztiek kea bota dute polizia itsutzeko, eta Ximun Fuchsek agenteak antzerki batekin distraitzen dituen bitartean Lide Hernando eta Jurgi Ekiza antidisturbioen furgona gainera igo dira kontzertu bat eskaintzera. Grebalariek bidea moztu dute barrikada batekin, eta barrikada debalde (gogoz kontra) edo baldintza prekarioetan egindako lanekin osatu dute. Anarik gasolinaz blaitu du dena. Ines Osinagak zigarroari azken zupada eman eta barrikadara bota du.

Grebalariek antolatu duten prentsa gunean, Mursego aldi berean ari da bideoa muntatzen, podcast bat egiten eta prentsa oharra idazten, “zuek zarete za za za!” abesten duen bitartean.

Esnezaleek protesta gisa esnea botatzen duten bezala, euren modura ari dira protestan idazleak: Eider Rodriguez, Beñat Sarasola, Kattalin Miner, Mikel Antza, Uxue Alberdi eta beste hamaika kaleetan dabiltz, beraien liburueetako orrialdeak erauzi, bolak egin eta kultura zein sortzaileak gutxiesten dituen bakoitzari pare bat irentsiaraziz.

Aktoreen piketeak bi taldetan banatu dira. Batzuk zinema aretoetan daude sarrerak oztopatzen, eta Itziar Ituño builaka ari da bozgoragailu batetik sarrera bat erosi nahi duten herritarrei haien egoeraren berri ematen:  guztiak konbentzitu ditu eta herri harresi bat osatu dute zinemako atean. Beste taldeko aktoreek hainbat online plataforma hackeatu dituzte (Mr. Robot Eneko Sagardoy da).

Eta…

Soooooooooo!!!

Hankak lurrean. Esnatu. Konfinatuta gaude. Kultur sortzaileek itzalaldi digital bat egin dute: “Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara”. Itzalaldia digitala denez, apalei begira jarri naiz. Liburuak, margolanak eta diskoak ez baleude, zer legoke bertan? Hutsa? Ahutsa? Ahutsaren hurrengoa?


Ahutsaren hurrengoa

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.