Abertzaleak eta euskara

Abertzaleak eta euskara –

Iparraldera mugatuko naiz, baita XX. mendera, bestela kazeta guztia behar nuke. Arbaso handiak ahantzi gabe (Broussain eta Constantin aita-semeak), abertzale bakarti batzuk gure aitzinetik euskararen urgazteaz arduratu dira, bereziki Mirande pentsalari eta poeta heterodoxoa, Xarritton apez gaztea, Iratzeder poeta, euskal liturgiaren aita izanen zena Salmoen itzulpenaz, Larzabal antzerkilari eta poeta, gero Enbatan gurekin segituko zuena, Monzon ber gaietan idazlea eta gure akulatzailea, Peillen elektroi libre polifazetikoa, gutartean dagoena… Haatik orokorki euskararen promozioa euskaltzale apolitikoen esku zegoen. Baina jaun ttattardunen eta kalonje ospetsuen talde hori agortzera zoan. Gure belaunaldia jende eskolatuz ugariagoa zen, baina laikoagoa, etorkiz apalagoa, eta maluruski ez hain euskalduna.

Abertzaleak eta euskara
Ikasleen gibelean, X.Hiriart eta A. Noblia, Ipar Euskal Herriko lehen ikastolaren sortzaileetarikoak 1969an. Argazkia: D. Velez (Pays Basque Actualités : klika irudian)

Gutarik zenbait Euskaltzaleen Biltzarrean apolitismoaren mugez ohartu ginen, eta euskal politikaren beharra ikusirik, Enbata sortu genuen Haran pilotari txapeldunaren kemenari esker.

Enbata kazetak euskarari eremu guti eman zion, baina kide zenbaitek euskaraz anitz idazten genuen bestalde, bereziki Herria astekarian eta liburutan. Langileenetarik genuen Daniel Landart gaztea, antzerkilaria eta poeta Monzon eta Larzabalen ildotik.

Haatik abertzaleen ekarpenik garrantzitsuena elkarlanekoa izan zen, bi sailetan: euskara batuaren hastapenetan eta ikastolen sorreran. Biak Baionan hasi ziren Enbatak alokatzen zuen gela handian, Kordelieren karrikako 14.ean, ber izeneko inprimeriaren alde gainean, haatik hau ez zen gurea, zenbaitek uste dutenaren despit.

Euskara batuaren alde hor Txillardegiren inguruan bildu ginen astero 1963-1964 ikasturte osoan zortzi gizonek. Lau Hegoaldekoak ziren baina hemen bizi: bi EAJkoak, beste bi ETAkoak. Beste laurak Iparraldekoak: hiru apez gazte, eta ni Enbatakoa. 1964ko abuztu/agorrila bukaeran, ber tokian Baionako Biltzarrak gure proposamenak onartu zituen, eta 1968ko udan Arantzazun, Mitxelenari esker, Euskaltzaindiak beretu. Geroztik gure ekarpena egin diogu Iparraldeko abertzale batzuek, horietan Iratzeder, Charritton, Haritchelhar, Oyharçabal, Peillen eta ni.

Enbatako gela handian hasi zen halaber 1969an Iparraldeko lehen ikastola. Arduradunak: Argitxu Noblia, orduan Enbatakoa, eta Xan Hiriart, abertzale soltea. Irakaslea: Libe Goñi gipuzkoar anderea.

Gaur batua Iparraldeko hiru eskola motetan sartua da, salbuespen zenbaitekin: lehen maila euskalkian ematen da Zuberoan eta Oztibarren bederen… Euskal Irratietan euskalkiak nagusi dira hizlari abertzaleen ahotik. Idazlez aberats gara, gutiz gehienak abertzaleak dira, baina kasik oro batutik at ari, mailegu batzuk eginez. Salbuespenik bikainena Itxaro Borda, euskara zabalean idazten duena, abertzale labelik aldarrikatu gabe. Bestalde Peillen, Socarros eta ni batean zubereraz, bestean batuaz, gaiaren eta publikoaren arabera: Zuberoako trajeria/pastorala Zuberoan zubereraz prefosta…

Jean Louis Davant

Abertzaleak eta euskara

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

Zer duzu buruan “Abertzaleak eta euskara”-ri buruz

  • Jean Louis Davant agurgarria:
    Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizut egin duzun lan eskerga guztiagatik eta, noski, artikulu bikain honengatik. Bestalde, probestu nahiko nuke aukera hau euskara batuaren garrantzia azpimarratzeko. Bizkaitarra nauzu, euskalkirik gabekoa eta eskola publikoan euskaldundua. Ez dut ulertzen zergatik ez zaion merezi duen garrantzia ematen batuari, horri esker aukera izan dugulako euskarak ia ezagutu gabeko esparruak eta arloak bereganatzea, guztiz bereganatu ez baditu ere, jakina. Euskara salbatu eta garatu nahi bazen, ezinbestekoa zen gure hizkuntza batzea eta estandarizatzea, eta azken 50 urteotako ibilbideak horixe erakutsi digu. Ez naiz inoiz euskalkien eta tokian tokiko euskaren aurka egon eta ez naiz egongo, baina herri txikia gara eta jakin beharko genuke zenbait esparrutan horiek ez dutela gaur egungo presentziarik izan beharko. Gaur egun ere euskara ez dago guztiz salbatua eta horren iraupena ziurtatu nahi badugu Euskal Herri osoko euskaldun guztien indarra bildu beharko dugu eta horretarako halabeharrez euskara batua erabili eta indartu beharko dugu.
    Bukatzeko, uste dut kontuan hartu beharko genukeela erabateko garrantzia daukala gure Herria zatitzen duen mugaren alde bietako euskaldunok elkar ulertu behar dugula. Hori lortzeko, ezinbestekoa izango dugu euskara batua alde bietan ahal beste hedatzea.
    Eskerrik asko berriro ere eta agur bero bat,
    Urtzi