Ni-ni

Ni-ni –

Ni-ni aktore txinatar bat da, bai, baita, gazteleraz, “ni estudia ni trabaja” egoeran daudenak izendatzeko terminoa. Badago ere beste fenomeno bat, ni-ni-ren inguruan eraikita. Ziurrenez betidanik egon dena baina egiaren osteko garai hauetan zabaldu eta indartu dena. Ez dut esango ezkerrean baina bai aurrerakoitasunaren barruan. Ni-ni, ninismoa.

Ni-ni

Izan ere, kezkagarria da sistemaren zapalkuntzaren ondorioz sorturiko baztertzeak, ezinegonak, frustrazioak, depresioak ninismoan ixtera eramatea. Sistema harrapakari batean ez dago bizirauterik (biziraute osasuntsurik behintzat) ezta ezarritako egoerari buelta ematerik ahultasunetik. Eta, zentzu horretan, pertsona bakoitzaren ahalduntzea, indartzea eta autonomo bilakatzea ezinbestekoa da; are gehiago baztertutako sektoreentzat. Baina garapen askatzaile hori bakarrik ahalbide daiteke kolektibo-kontzientziatik, talde-proiektu batetik. Bakarrik borroka kolektibo batetik etor daiteke irtenbide bat, ninismotik haratago doana, gizataldearen onura bilatzen duena. Agerikoa den hau ikusezina omen da gehiegitan gero eta indibidualista eta berekoiagoa den jendarte batean. Mundu mailan zein Euskal Herrian bizi dugun garai hauetan, non bere burua ezkertiartzat hartzen zuten edo hartzen duten askorentzat erreferente ideologikorik eta norabide argirik ez dagoen, azaleko borroka batzuetan babesteko joera oso kezkagarria dago, baita ninismoan ere gerizatzeko. Eta, zergatik ez esan, aurrerakoitasunaren barnean, errazara jotzeko aukera ematen du ezkerreko berniza mantenduz. Aurreko garaietako militantzia zorrotzetik aktibismo eramangarriagora eta, kasu askotan, niaren inguruko aldarrikapenera igaro da, niaren zaintza argudiatuta. Ni, nire nia, eta nire niaren zaintza. Zaintza erdigunean. Zaintza hitz magikoa. Zaintza bai, zaintza beti, zaintza babesleku. Zaintza ezinbestekoa, zaintza borrokan aurrera egiteko baita aitzakiarako ere. Niaren argudiaketa nire konfort-gune horretan mantentzeko. Niaren inguruko nire bereiztea. Niaren inguruko nire biktimizazioa. Ni naiz ni eta nire inguruabarrak. Ni, nire egunerokoa, nire sentimenduak, nire gorabeherak, nire niaren inguruan nire bizitza eta, lortzen badut eta uzten badidate, nire niaren inguruan jendartea, mundua eta unibertsoa. Askotariko jendartea, mundua eta unibertsoa, non ni paregabea eta errepikaezina naizen. Nigandik nigana. Nireganako autoenpatia. Ninismoa, nitasuna, karrankaria izateraino.

Nahiko argigarria iruditu zitzaidan duela gutxi Lumineszenteak liburuaren inguruko irrati-elkarrizketa batean entzundakoa. Egileek aipatzen zuten munduko leku batzuetako emakumeek beren bizitzaz eta esperientziez singularreko lehen pertsonan hitz egiten zutela, baina, Palestinako emakumeen kasuan, era kolektiboan egiten zutela. Borroka kolektibo baten parte izateak sentimendu eta kontzientzia horretan zerikusia omen dauka…

Ni-ni askok, beren nitasunetik, ez dute alternatibarik eraikitzen. Ez dute jendartea eraldatzen. Ez dute kolektibitatea askatzen.

Ni-ni

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude