Jendilajea

Jendilajea –

Jendilajea

Eichmann in Jerusalem hasi naiz aste honetan irakurtzen. Liburu horretan, gaizkiaren banalitatearen kontzeptua asmatu zuen Hannah Arendtek. Nonbait, Alemaniako funtzionario anitzek nazismoari lagundu zioten, ez ideologikoki naziak zirelako, funtzionario zintzoak zirelako baizik, beren zeregin burokratiko meharretik haratago begiratzeari uko egiten ziotenak. Baten lana trenen puntualtasunaz arduratzea bazen, bada, trenen puntualtasunaz arduratzen zen, sekulan galdegin gabe bere ardurapeko tren horiek zer ote zeramaten, elikagaiak –demagun– Munichera edo juduak –demagun– Auschwitzera. Dena ongi zegoen, baldin eta garaiz ailegatzen baziren.

Arendten tesia ez omen da historikoki zuzena, baina tresna ederra oparitu zigun funtzionario mota jakin bat doi sailkatzeko. Funtzionarioz inguratua bizi naiz eta, argi geldi bedi, gehien-gehienak jende langile eta prestua da, baina Arendtek deskribaturiko motakoak ere badira. Hezkuntzan dugun abantaila da aise antzematen zaiela: ikasgelatik ihesi doazenak izaten dira, arbela gorroto dutenak, ahal bezain fite klaseak utzi eta zerbitzuburu, zuzendari orokor edo aholkulari bihurtzen direnak. Kudeatzaile onak, zer ari diren kudeatzen ez dakitenak. Jende tristea izaten da, agindu arbitrarioak eta epe absurdoak betearaziz bilatzen du zoriona. Jende tristea, baina arriskutsua, boterearen arrimuan ibiltzen baita beti. Kontuz, entzule, jendilaje horrekin.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 10ekoa]

Jendilajea

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Jendilajea”-ri buruz

  • Ezin hobeto azalduta.

  • Pruden Gartzia 2021-05-18 09:27

    Santi, liburu hori euskaratuta argitaratu zen 2008an, hemen:

    Eichmann Jerusalemen / Hannah Arendt ; itzultzailea, Koro Navarro.– Bilbo : Klasikoak, 2008.

    Eta sarean dago PDF formatuan, hemen:

    https://www.ehu.eus/ehg/klasikoak/?f=23

    Ez txartzat hartu nire oharra, gaitz orokorra da, euskaltzale jantzienek ere sarritan ez dute euskaraz argitaratu denaren berririk. Adibidez, gutxi, benetan gutxi, izango dira dakitenak zuk zeuk Vargas Llosaren eleberri baten itzulpen (nire ustez) antologiko bat egin eta argitaratua duzula, hauxe:

    Pantaleon eta bisitariak / Mario Vargas Llosa ; itzulpena, Santi Leoné.– Donostia : Elkar, 2011.

    Hizkuntza zapaldua/gutxiagotua bezalako terminoak (gure artean arruntak) erabiltzen ditugunean, horrelako hutsune sistemikoez ari gara besteak beste, ez soilik zapalkuntza kasu zuzenez.

    Ondo segi.

  • Santi Leone 2021-05-18 09:52

    Ez dut batere gaizki hartzen, arrazoi oso-osoa duzu eta. Ongi etorria, beraz, zure ekarpena, eta hurrengo baterako kontuan izanen dut.