Superliga: zaleek ala zuzenbideak?

Superliga –

Ingalaterrako futbolaren sendotasunak behera bota du eraikin berria. Zaleak era aktiboan agertu dira Superligaren kontra. Baina, nahikoa izan al dira kalean zeuden ehunka zale batzuk eta sare sozialetako bizpahiru trending topic boteretsuenek urteetan zehar landu duten proiektu bat suntsitzeko?

Superliga

UEFAk Superliga osatzen zuten taldeen jokalariei nazioarteko txapelketak jokatzea debekatzearekin mehatxatu zituen klubak. Superligako presidenteak Europako Batasuneko zuzenbidea alde omen zutela erantzun zuen. Adituak Europako Justizia Auzitegiaren International Skating Union v European Commission kasua aipatzen hasi ziren, nazioarteko kirol federazioen boterea mugatzen duena. Auzitegiaren arabera, Nazioarteko Skating Batasunak atletei NSBk berak antolatzen ez dituen ekitaldietan parte hartzeagatik ezarritako zigorrek lehiakide potentzialek (hirugarren antolatzaileek) merkatura duten sarrera oztopatu dezakete Europako Batasuneko lurralde eremuan (95 eta 129 paragrafoak). Hau da, Europako Batasuneko Lehiaren Zuzenbidearen kontrakoak dira. UEFA Suitzan ezarrita dagoen erakundea da, eta Suitzako legea zaio aplikagarria. Alabaina, Europako Batasuneko Lehiaren Zuzenbidearen aplikazioa Merkatu Bakarraren eremuan gertatzen diren jarduerei luzatzen zaie (101. art. Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua). Horrela, Europako Batasunak atzerritarrak diren entitateei ere aplikatuko die bere Lehiarako Zuzenbidea. Pentsa daiteke, beraz, klubak Europako Batasuneko Lehiarako Zuzenbidearekin saiatuko direla UEFAk plazaratutako mehatxuei aurre egiten. Eta, zer gertatzen da Estatuek iragarritako oztopoekin?

Oliver Dowden Erresuma Batuko Kultura idazkariak parlamentuan adierazi zuen gobernuak beharrezkoa zen guztia egingo zuela euren «joko nazionala» babesteko. Eta Boris Johnson lehen ministroak «bonba legislatibo» baten prestaketa iragarri zuen Superliga saiakera geldiarazteko.

Argi dago brexit-ak jokoaren arauak aldatu dituela. Herrialdeak bere autonomia legislatiboa berreskuratu du. Brexiteer-ek «independentzia» deitu izan dutena. Batzordearen jurisdikzioa Erresuma Batuan aurtengo urtarrilaren lehenean amaitu zen, eta horrekin batera, Europako Batasuneko Lehiaren Zuzenbidearen aplikazioa. Momentu hartatik aurrera, Erresuma Batuko Lehiaren Zuzenbidea Europakotik aldendu daiteke. Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berria ez da loteslea auzitegi britaniarrentzat, ezta lehiaren autoritate britaniarrarentzat (CMA) ere.

2020ko abenduko brexit akordioak bere II. Zatiko XI. tituluko 2. artikuluan jorratzen du Lehiaren Zuzenbidea: alderdiek lehia askearen garrantzia aitortzen dute (2.1 artikulua), baina 2.2.3 artikuluak alderdiei euren Lehiaren Zuzenbidearen aplikazioari salbuespenak xedatzeko ahalmena aitortzen die «in pursuit of legitimate public policy objectives», hau da, legitimoak diren interes publikoko politiken helburuak lortzeko direnean.

Erresuma Batuan Competition Act-ak arautzen du Lehiaren Zuzenbidea, eta post-brexit egoerarako berritua izan da. Honen 60A artikuluak Erresuma Batuko Lehiaren Zuzenbidea brexit aurrekoa den Europako Auzitegiaren jurisprudentziarekin interpretatzea exijitzen du, kontrakoa egitea zirkunstantzia zehatzen arabera «aproposa» den kasuetan izan ezik. Zirkunstantzia horiek CMAk abenduaren 1ean argitaratutako gidaren 4.22 artikuluan zerrendatzen dira: besteak beste, Erresuma Batuko eta Europako Batasuneko merkatuen arteko diferentziak, Europako Auzitegiaren jurisprudentziaren osteko jarduera ekonomikoen garapenak edota zirkunstantzia zehatzak kontuan hartzea.

Ondorioz, gobernuak iragarritako bonba legislatibo hori hango Lehiaren Zuzenbidearen ikuspuntutik interpretatu beharko litzateke, beti ere aurrekoak kontuan hartuta, baina baita honi aldaketak egiteko autonomiarekin. Zentzu horretan, anitzak dira gobernuak hartu ahalko lituzken neurriak: Ingalaterrako Federazioak eta Premier Leaguek Superligan parte hartuko duten taldeak euren lehiaketetatik kanporatzea, Ingalaterrako selekzioak Superligan parte hartuko ez duten taldeen jokalariak lehenestea, lehiaketa nazionaletan parte hartzen ez duten klubei edota Superligan jatorria duten diru sarrerak lortu dituzten taldeei tratamendu fiskal kaltegarriagoa ezartzeko erreforma prestatzea…

Baina, esan bezala, Ingalaterran operazio hau handik urruti jorratu da. Espainian ez bezala, atzerriko kapitalek kontrolatzen dituzte klub parte hartzaileak. Eta hor gobernuak badauka min egiteko abagunea. German Style Corporate Governance eredua mahai gainean dago Ingalaterran, hau da, %50+1 eredua. Horren arabera, Bundesligan lehiatzeko lizentzia eskuratzeko, kluba bera boto eskubidea duten akzioen %50+1aren jabea izan behar da (kluba, hau da, bazkideak). Jabetzaren gainontzeko ehunekoa kanpoko inbertsiogileek eskura dezakete. Inbertsiogileek klubetan inbertitu, erabakietan zeresana eduki edota dibidendoak jaso ditzakete (baita botorik gabeko akzioak eskuratu ere), baina inoiz ez entitatearen gaineko kontrol politikoa eskuratu. Alemanian, zenbait futbol talderen inbertsiogileek eredu hau Europako Lehiaren Zuzenbidearen kontrakoa dela argudiatu dute, baina oraindik haren legezkotasuna ez da epaitua izan. Bitartean, martxoan jakitera eman zen Europako Justizia Auzitegiaren erabakia (C362/19 P), Espainiako lau klubi ezarri zaien fiskalitate desberdinari buruz. Erabakiak Batzordeari ematen dio arrazioa: desberdintasun fiskal hori estatu laguntza moduan hartu behar da; beraz, Lehiaren Zuzenbidearen kontrakoa da. Erabakiaren mamian sartu gabe, argi dagoena da Europako Lehiaren Zuzenbidearen ikuspegitik futbol taldeen gobernantza ereduarena oraindik erabat aztertu gabe dagoela.

Testuinguru honetan, Erresuma Batuak badauka bere futbola arautzeko autonomia, eta horrek eskuak libre uzten dizkio futbol nazionalerako mehatxua den Superligari erantzuteko. Pentsa daiteke hasiera batean Superligan aritzekoak ziren Big Six horien jabeen atzera egiteko erabakian ez dagoela zaleek egindako presioa, ezta zaleak kontuan izateko bapateko sentimendua, baizik eta gobernuak (han bai) aurre egiteko adierazitako borondate irmoa, eta, batez ere, hura praktikara eramateko aukera argia.

Zeren eta, futbolari dagokionez: bai bulegoetan, bai zaleen artean, eta baita (batez ere) Europako berdegunetan, Rule Britannia.

Superliga
Superliga
Superliga

Abokatua. Nazioarteko merkataritza zuzenbidean aditua. Areeta-Getxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude