Gure Esku Dago eta Korrika

 

Gure Esku Dago eta Korrika –

Gure Esku Dago eta KorrikaOiartzungo elkarrizketan Gure Esku Dago ere aipatu zen. Historiko batek, Bikilak, plazaratu egin zuen. Hasiera batean,  nik ere olatu hartan parte hartu nuen. Mugimendu mimetikoa izan arren, Kataluniatik ekarritakoa alegia, ilusioa piztu zuen euskaldunon artean.

Nire atxikimendua, halere, poliki poliki jaisten ari zen. Nire desamodioa Zurriolan hasi zen. Eraman handikoak omen gara euskaldunak, beharko!, baina egun  hartakoa gehiegizkoa izan zen. Ez dakit zenbat ordu eman genuen, zertarako? Zerutik argazki bat ateratzeko. Zeren argazkia? Hautetsontzi baten argazkia, hain zuzen. Oso ondo atera bide zen, baina nik lotsa, eta amorru apur bat, sentitu nuen. Armen fetixismoan erori ondoren, orain hautetsontzien fetitxismoan ere eroriko ote gara? Eta are larriagoa dena, ardiek edo inurriek bezala jardun behar dugu libre eta independenteak izateko? Nire desamodioa,  halere, ez zen erabatekoa izan. Erabakitze prozesu horren atzetik independentzia beharra agertzen da. Horregatik, independentista ezohikoa izan arren (ez naiz nazionalista),  Gure Esku Dago nire mugimendua ere bada.

Independentzia hasieratik argi eta garbi ez azaltzea leporatzen diote batzuek Gure Esku Dago-ri. Argi dago, halere, mugimendu horren helburua independentziari buruzko erreferenduma lortzea dela. Baina independentzia horri, egia da, zerbait falta zaio. Guztiz formala da, mamirik gabea. Gure Esku Dago-ren  independentzia, hautetsontziak bezala, hutsik dago. Hutsik eta indarge.  Agian, horregatik, olatua handitu ordez, beheraka doa.

Gure Esku Dago-ren hutsunea betikoa da, euskaldunen hutsunea, hain zuzen. Gure Esku Dago euskaldunek bultzatu eta indartzen dute, baina ez dira mugimendu horren protagonistak. Haien euskalduntasuna lixiba demokratikoan «zuritu» behar dute mugimendu horretan parte hartzeko. Berotasuna, bozkarioa, epika eta lirika euskaldunek jartzen dute Gure Esku Dago-n, baina haien premiazko beharrak zokoratu behar dituzte. Mugimendu horren gehiengo ia absolutua euskaldunek osatzen dute, baina  ezin dituzte argi eta garbi haien eskaerak azaldu. Euskaldunak oso egokiak dira  Gure Esku Dago-k antolatzen dituen  ekitaldiak  kanta eta dantzekin girotzeko, baina hor bukatzen da haien protagonismoa. Inurri edo ardi demokratikoak bilakatu behar dugu euskaldunok Gure Esku Dago-n parte hartzeko.

Gure Esku Dago-ri falta zaion mamia Korrikan aurkitzen da. Korrika, bai, euskaldunon ekintza da eta hor euskaldunon  berotasuna eta bozkarioa gainezka azaltzen dira. Han euskaldunen premiazko beharrak ere inolako estalperik gabe agertzen dira. Baina Korrikari independentzia  aldarrikatzea falta zaio.

Gure Esku Dago eta Korrika, biok, oso garrantzitsuak dira guretzat, baina tamalez bide ezberdinetatik doaz. Korrikak  euskalduntze prozesua bultzatzen du; Gure Esku Dago-k, ordea, erabakitze eskubidea.

Bi mugimendu horiek estrategia bateratu batean biltzea litekeena balitz!  Baina, nola bildu  Korrikaren lekukoa eta Gure Esku Dago-ren hautetsontziak bide bakar batean? Korrika Gure Esku Dago-n txertatzea balego!

Gure Esku Dago eta Korrika
burujabetza, euskaldunak, gure esku dago, Gure Esku Dago eta Korrika, hausnarketa, independentzia, korrika, nazionalismoa
Galo

FILOSOFO OHIA

11 pentsamendu “Gure Esku Dago eta Korrika”-ri buruz

  • Gure Esku Dago lekuz kanpo dago, geroz eta gehiago. Bere praxiak ez du fruiturik emango, eta fede honeko milaka abertzaleen ilusioak pikutara botako ditu.

    Nik ere parte hartu nuen giza katean eta estadioetako mobilizazioan, baina segituan galdu nuen ilusioa, “independentzia” edo “soberania” hitzari alergia dion mugimendua, mamirik gabea eta guztiz epela iruditu zitzaidan, mundu guztiaren sinpatia lortu nahian.

    Beraz erabaki dut zentzugabekeria hau guztiz geratzea, hurrengo mobilizazioetan ez parte hartzea eta nire kritikotasuna publikoki adieraztea herri honen beste akats estrategiko handi honen aurrean. Bere mobilizazio deiei orain arte kasu egin diegunak %95ean abertzaleak edo independentistak izan gara, zeren zain gaude konplexuak astindu eta egiazko mugimendu abertzale bat sortzeko, gure herriaren egoera argi azalduz?

  • Gure Esku Dagok ez du independentzia babesten, erabakitzeko eskubidea gauzatzea baizik. ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoarekin, baina garbi dago GED barruan zein mobilizazioetan ia guztiak abertzale edo indepentziaren aldekoak direla. Ez dakit konplexuren bat edo egongo den independentziaren aldeko erakundeak sortzeko, GED askotan Kataluniako ANCrekin parekatzen da, euren eskakizunak desberdinak direnean. Baina une honetan behintzat garbi dago independentzia soilik eskatzen duen mugimendu batek ez zuela babes askorik izango, ez behintzat jada ikusi ditugun ereduak jarraituko balitu. Hor daude “Independentistak” edo “Bai Euskal Herriari” taldeen porrotak

  • Gure Esku Dago ez da independentziarako bidean akats estrategiko handienetariko bat bakarrik…. Independentzia berreskuratzeko oztoporik handienetako bat da jadanik

  • GED Kataluniako ANCren pareko?
    ANC-k 414 aldiz erabili du independentzia hitza Twitterren
    GEDk 4 aldiz. Horietako 2, Kataluniako independentzia prozesuaz aritzeko.
    GED borondate oneko milaka euskal independentista ideologikoki armagabetzen ari da.

    • Horixe diot, euren burua ANCrekin parekatzen dute baina garbi dago desberdinak direla. Hasiera batean agian ideia ona irudituko zitzaidan erabakitzeko eskubidea eskatzera mugatzea, jende gehiago erakartzeko balioko balu. Baina azken urteetan ikusi dugu ez duela horretarako balio izan

  • Zerutik ikusten diren marrazkitxoekin edo Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizunen antzeko egitarauekin ez dute inor konbentzituko. Gai serioei eztabaida serioekin aurre egin behar zaie.

    Independentzia komeni zaigu? Bai? Ez? Zergatik?
    Nola aurre egin independentziak dakarren erronkei?

    Horrelako gaiak ez badira eztabaidatzen ez dugu jakingo ezta zer bozkatu behar dugun.

    • Are gehiago…. ez dugu jakingo ez dugula bozkatu behar arik eta demokrazian bizi arte, hau da, okupazioa amaitu eta estatu propioa dugunean

  • joseba garcia 2017-06-17 13:10

    Niri ere GED absurdoa iruditzen zait. Baina zergatik ez duzue benetan independentista eta eraginkorra izango den mugimendua zuek sortzen GEDri zer egin behar duen esan ordez? Ez gaude haiekin ados, haiek ez daude gurekin ados, eta ez gaituzte entzuten ere. Ez dute zertan egin egia esan. Sortzaileek sortu zuten eta haiek erabakiko dute zer egin.

    Berdina gertatzen da ezker abertzaleko siglekin, hauek guztion etxea izan behar duela ematen du batzutan. Independentista gehienek oraindik pentsatzen dute alderdi eta sindikatuek gure ahotsak kontuan hartu behar dituztela, gure famlia balira bezala edo. Ni ez naiz ezkertiarra beraz nik ez diet esango zer egin, zertarako saiatu ere.

    Berdina Arnaldo Otegiren klase ekonomiko borroka euskararen gainetik jartzeko jarrera kritikatzen dutenekin. Hark pentsatu behar du “Bai, eta?”. Egin dezala nahi duena, ez da nire aitatxo… Kontua agian da batzuek politikan aitatxo edo amatxoren bat bilatzen dutela.

    Bide berriak irekitzeko unea da, eta onenak irabazi dezala.

  • GEDren gorakadak (PNBilduk sutsuki lagunduta, noski) ekarri du euskaldun askok eta askok herri askea izateko dugun eskubideari uko egitea. Sortuko lider batek esana da: “independentzia ez da eskubide bat” (gureaz ari zen… ze Katalunian “independentziarako eskubidearen aldeko” saio batetan esku hartu zuen tipo berberak… )

    Gu zapaltzea zilegi da orain, gure sentsibilitate bat da gure herria desagerrarazi nahi izatea! Eta aukera zilegi horien artean aukeratu beharra dugu, ‘erabaki’ alegia. A zer astakeria…. baina agian estrategia bat da independentzia errazago berreskuratzeko? Amarru antzeko bat? Hala balitz ni konforme, aizue… Baina ez da:

    Ibarretxek argi esan zuen Kursaalean: proposatzen dugun “erabakitzeko eskubide” hau gauzatu (‘egikaritu’) duten herrien %100ak porrot egin du. Beno, berak ez zuen horrela esan, berak esan zuen kasu guztietan “batasuna konfiguratzeko balio” izan zuela. Harrapazank!!! Espainiaren eta Frantziaren batasuna konfiguratzen dabiltza, eta guk txalo!

  • Lehen olatuko galdera, Goierriko galdera goitik behera PNV eta Sortuk paktatutakoa zen, asmoa galdera estandarra sortzea zen, independentzia hitza baztertuz. GEDn ez dago behetik gorakorik ez eta barne demokraziarik, Bilboko ekitaldia inongo zentrurik ez duen paripe babu bat da 10000 pertsona ere batu ez zituena, garbi adierazten du jendea aspertu dela. Baina GEDn klabea ez da hori ITUNA baizik ( bidebatez ez dela Itun bat). Irakurri beharrekoa, herri mugimendutik gutxi duela adierazten duena.

  • Eskerrak independentziatik hain gertu gaudela GED hemendik hain sutsuki kritikatzen duten lan eskerga eta estrategia inteligenteari esker!
    Non egongo litzateke askapen prozesua zuen ekarpenik gabe?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude