Sautrela 475: Aritz Galarraga, Bilbo Zaharra klasikoen irakurketa eta Karramarroaren aztarnak

Sautrela 475: Aritz Galarraga –

Aste honetan idazle bat ez, edizio lanetan ari den lagun bat izango dugu gurekin, Aritz Galarraga. Orain arte Joxemari Iturralde-ren Kaleidoskopioa eta Hobe kontatzen ez badidazu izeneko ipuin katalanen antologia editatu izan ditu, eta berriki Joxemiel Bidador-en prentsarako artikuluak biltzen dituen bilduma kaleratu du Pamiela etxearekin. Klasiko bitxi, arront klasiko izenburukoa, izen bereko Nafarkaria-ko atalean idatzi zituen testuak topatuko ditu irakurleak. Gai ugari jorratzen bazituen ere Bidadorrek, liburuan literaturari buruzkoak batu ditu Galarragak, eta ordena kronologikoan eman. Emaitza, euskal literaturaren B alde moduko da, Bidadorrek euskal literaturaren historiako idazle ez hain ezagunak bilatu eta jendarteratzea baitzuen helburu. Bidadorren soslaia eta hark ikertutako literatura hori izango dugu mintzagai, beraz, aste honetako elkarrizketan.

Erreportajean, duela hamar urte hasi zen ekimen bati buruz arituko gara. 2008an antolatu zuen estreinakoz Bilbo Zaharra euskaltegiak klasikoen irakurketa, kasu horretan Axularren Gero. Hamar urtez urtero-urtero liburu bat irakurri dute, besteak beste, Haur besoetakoa, Obabakoak, Hamaika pauso… Aurten, Itxaro Bordaren %100 Basque liburua irakurriko dute jarraiki, 2001 urtean Susa argitaletxeak argitaratua. Hori dela eta, ekimenaz zein aurtengo saioaz arituko zaizkigu Pedro Alberdi antolatzailea eta Itxaro Borda bera.

Saioaren bukaera berezia izango dugu. Izan ere, lehendabizikoz, Hasier Etxeberriaren liburu batez jardungo dugu Sautrelan. 1997an Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen Karramarroaren aztarnak ipuin liburua aztertuko digu Juan Luis Zabalak. Horren ostean, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu orobat.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, 15:00tatik aurrera, ETB1en.

Sautrela 475: Aritz Galarraga, Bilbo Zaharra klasikoen irakurketa eta Karramarroaren aztarnak

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen