Kosta Nostra (II)

Kosta Nostra (II) –

Gipuzkoako fiskaltzak Aiako (Gipuzkoa) jauregiaren kasua berrartu du, Azpeitiako epaitegi batek artxibatu zuen ikerketan sakondu behar dela pentsatuz; Alberto Urionak gai honen jarraipen estua egiten du bere blogean, eta afera honen azken atalaren berri eman digu. Palaziotxoak 11 logela eta 11 komun dauzka, ez du Lurraren Legea betetzen, eta Zarauzko EAJ-ko Hirigintza eta Obretako zinegotziaren (Maite Garrastazu) familiak eraiki du. Obrak lizentziarik gabe hasi ziren. Garrastazu familiaren ekinbidea geroz eta estuago ari da hartzen Justizia, jada hiru baitira gaia ikertzen dabiltzan auzitegiak.

Kosta Nostra (II)

Arartekoa bera ere aurka mintzatu da. Argudioak: lur horretan ezin da etxe berririk eraiki, soilik aurrez zeuden baserriak konpondu; lurra bereziki babestua dago, natura ikuspegitik; eta Lurraren Legeak ez du baimentzen aurrez zeuden etxebizitzen kokapen aldaketarik.

Ekainaren 1eko dokumentu batean Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa garatu dadila eskatzen du, urte eta erdiko epeaz, “diligentzia gehiago gauzatu behar baitira ikerketapean dauden kausak argitzeko”. Azpeitiako 2. epaitegiak martxoan ere beste kausa bat zabaldu zuen, jauregira iristeko bideetan egin ziren obrak tarteko. Beraz, gaurkoz, prozedura penalak zabalik dirau.

Ertzaintzaren Ingurumen departamentuak eskaera zehatzak egin zizkion duela urtebete Azpeitiako epaitegiari: estatu espainiarreko Geologia eta Mina Institutuaren ikerketa zehatza etxea eraikita dagoen zonaldearen inguruan, sonometria txosten bat, jauregiaren bolumena neurtzea (567 m2 dauzka, aurretik zegoen baserriak 309); eta azkenik, Aiako aparejadoreari deklarazio hartzea, berak eman baitzuen lehenengo lizentzia.

Kosta Nostra (II)Aiako Udalaren papera ez da bereziki txukuna izan gai guzti honetan; Gipuzkoako Fiskaltzak arreta deitu zion pasa den urtean, Ertzaintzak eskatu zuen hirigintza espedientea ez zutelako entregatzen, eta hori “desobedientzia delitua” izan zitekeela.

Etxearen banaketak, hamaika logela, hamaika komun eta sukalde ia industrial batekin, agerian uzten du jokaera susmagarri bat, azpijoko posible bat: etxea erabilera pribaturako balitz bezala eraiki, ondoren ostalaritzarekin lotutako negozio bihurtzeko. Garrastazu familiak erantzun dezakeena: 11 anai-arreba direla. Aiako Udalak abala eman dio Garrastazu familiari, argudiatuz “sendiaren konposizio bereziak” justifikatzen duela etxean hamaika logela izatea. “Salbuespena da, eta salbuespenezko egoeretan legearen salbuespenezko irakurketa egin behar da”.

Kosta Nostra

Kosta Nostra (II)