[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XII

Arimaren Premiak XII –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Iritzi- azkatasuna (3/3)

Bi talde-mota bereizi behar lirateke: interes-taldeak zeinei antolaketa eta diziplina neurri batean debekatuak izan beharko litzaizkien, eta iritzi-taldeak zeinei berriz biak erabat debekatuak izan beharko litzaizkien. Momentuko egoeran, haien interesak defendatzeko, alegia sosak eta antzeko gauzak defendatzeko, jendei elgarretaratzea onartzea ongi da, baita talde horiek marko hertsi batean eta botere publikoaren zaintza jarraikiarenpean aritzera uztea ere. Baina ez ditugu ideiei hunkitzera utzi behar. Ideiak maneiatzen dituzten taldeak, taldeak baino  ingurumen guti edo asko isurkorrak izan behar dira. Egintza bat bertan asmatzen denean, arrazoirik ez dago egintza hura onetsi dutenetaz bestek obra dezaten.

Arimaren Premiak XII

Langileen mugimenduan adibidez, bereizketa honek gogo-nahaspila askaezina geldiaraziko luke. Gerla aitzineko garaian, hiru norabidek erakarri eta nahasten zituzten beti langileak oro. Lehena, sosarentzako borroka; bigarrena lehenagoko ezpiritu sindikalista zaharraren ondarra, idealista, guti edo aski libertarioa, gero eta ahulagoa baina beti piska bat bizirik zena; eta azkenean partidu politikoak. Frangotan, lanuzte batean, sufritzen eta borrokatzen zuten langileak ez zitezkeen kontura zergatik ari ziren: soldatengatik? Espiritu sindikalista zaharraren agerraldi batengatik? Ala partidu politika baten maniobrarengatik? Eta kanpotik ere nehork ez zezakeen asma.

Horrelako egoera ezinezkoa da. Gerlak eztanda egin zuenean, Frantziako sindikatuak jada hilak ziren, edo kasik hilak, milioika kide izanagatik ere, ala preseski horregatik. Sindikatuak halako berpizte hasiera bat egin dute letargia luze baten ondotik, inbaditzaileen kontrako erresistentziari esker. Berpizte horrek ez eiki du frogatzen sindikatuak bideragarriak direnik. Oso argi da bakoitza bakarrik hartuta ere berez hilgarria izango ziren bi pozoik erahil zituztela sindikatuak, edo kasik erahil zituztela.

Sindikatuak ezin dira bizi, haien barnean langileak sosengatik obsesionatuak baldin badira, piezaka ordainduak direlako lantegietan obsesionatuak diren maila berean. Lehenik sindikatuak ezin dira bizi diruaren obsesioak beti sortzen duen halako heriotz moralarengatik. Bigarrenik oraingo gizarte-baldintzetan, herriko bizi ekonomikoan etengabe aritzen den faktorea delako, sindikatua lanbide erakunde hutsa eta derrigorrezkoa bilakatzen da, baina bizitza ofizialean eta politikoan beti menderatua da. Egia errateko, sindikatua hilotzaren egoeran sartua da.

Bestetik, argi da ere sindikatua ezin dela bizi partidu politikoen hurbiltasunean. Bada hor ezintasuna mekanikaren legeen idurikoa dena. Antzeko arrazoi batengatik, partidu sozialista ezin da bizi partidu komunistaren hurbiltasunean, zeren erran baitezakeku bigarrenak baduela partiduaren kalitatea lehenak baino maila askoz altuagoan.

Gainera, soldataren obsesioak komunismoaren eragina handitzen du, zeren diru-arazoek, gizon guziak biziki hunkitu arren, sortzen baitute asperdura bat hain hilgarria non iraultzaren perpektiba apokaliptikoa, bertsio komunistakoa, beharrezkoa bilakatzen den asperdura hori konpentsatzeko. Burgesek ez baldin badute sentitzen apokalipsiaren behar bera, arrazoia da zenbaki handiek badutela poesia eta prestigioa diruari lotu asperdura hori piska bat eztitzen dutena. Berriz dirua sos xehetan kontatzeak ez du asperdura hutsa baizik sortzen. Gainera, burges tipi eta handien faxismoarentzako gustuak erakusten du haiek ere aspertzen direla.

Frantzian, Vichyko gobernuak langileentzako lanbide-erakunde bakar eta derrigorrezkoak sortu ditu. Penagarria da korporazio izena eman dietela moda modernoari jarraituz. Izan ere, errealitatean korporazio hitz horrek izendatzen du zerbait hain diferentea eta hain ederra. Baina ongi da erakunde hil horiek hemen izaitea sindikatu-aktibitatearen parte hila suspertzeko. Haiek ezeztatzea arriskutsua litzateke. Askoz hobe litzateke haien gain ematea diruarentzako eta behalako errebeindikazioentzako eguneroko borroka. Partidu politikoei dagokienez, denak debekatuak balira liberte-giro orohor batean, espero izaitekoa da haien ezkutuko existentzia zaila izango litzatekeela bederen.

Egoera horretan, langile-sindikatuetan gelditzen baldinbada oraindik bizi-pindar bat, sindikatuak piskanaka berriro bilakatuko dira langileen pentsamoldearen adierazpena, langileen ohorearen organoa. Frantses langile-mugimenduaren tradizioaren araberan, zeina beti sentitu baita unibertsoaren erantzule, sindikatuak interesatuko lirateke justziari hunkitzen duen gai guzietaz, batzuetan diru-arazoietaz ere baina, bakarrik noizean behinka, hau da, gizakiak miseriatik salbatu behar orduan.

Araiz, sindikatuek legeak kontrolatu moduan eragina eduki beharko lukete lanbide-erakundeetan.

Ez lirateke abantailak baizik lanuzteen piztea lanbide-erakundei debekatzen balitzaie eta sindikatuei baimentzen balitzaie erreserba batzuekin, hau da, erantzukizun horri arriskuak[1] lotuz, hertsadura oro debekatuz, eta bizitza ekonomikoaren jarraipena babestuz.

Lock-out deritzonari dagokionez, arrazoirik ez dago erabat ez debekatzeko.

Iritzi-elkarteen baimentzeak bi baldintzetan eman beharko lirateke. Bata da bertan eskomunikaziorik ez existitzea. Kide berrien onarpena libreki egin beharko litzateke gogaidetasunaren bidez, halaere nehor ez litzatekeelarik gonbidatua izanen idatzitako berrespen-korpus batekin adostera. Eta behin elkartean onartuta, kide hori ezin liteke elkartetik bota salbu eta ohorearen kontrako falta batengatik, edo bidegabeki boterea azpiz hartu nahi izanaren delituagatik[2]. Delitu horrek erakundea legez kontrakoa bilakatuko luke eta ondorioz ekarriko lioke gaztigu larriagoa[3].

Balegoke hor salbamendu[4] publikoarentzako neurri bat. Izan ere, esperientziak erakutsi du partidu totaltarioek dituztela estatu totalitarioak sortzen, eta iritzi-delituen bidez justifikatu kanporaketek dituztela partidu totalitarioak egiten.

Bigarren baldintza ideien egiazko zirkulazioa litzateke, eta zirkulazio horren froga zuzena izango lirateke testuak, aldizkariak, eta boletin inprimatuak zeinetan gai orokorretako arazoak aztertuak bailirateke. Iritzi-berdintasun handiegi batek taldea susmagarri bihurtuko luke.

Horretaz aparte, iritzi-elkarte guziek nahi bezala ekiteko eskubidea balukete, baldin eta ezbadute  legearen aurka egiten eta ez badute beren kideak inolako diziplinarekin  hertsatzen.

Interes-elkartei dagokienez, haien zaintzak lehenik bereizketa bat inplikatu beharko luke. Izan ere, interes hitzak batzuetan behar premia adierazten du, eta besteetan zerbait erabat diferentea. Langile pobre batentzat erran nahi du elikadura, berokuntza eta bizilekua. Nausi batentzat zerbait diferentea erran nahi du. Hitza lehengo zentzuan hartua denean, orohar, botere publikoaren rola da suspertzea, sustengatzea, eta babestea interesen defentsa. Aitzitik, hitza bigarren zentzuan hartua bada, botere publikoak interes-elkarteen jarduera kontrolatu behar du jarraituki, mugatu eta behar den guzietan zigortu. Bistakoa da limita hertsienak eta gaztigu mingarrienak izatez boteretsuenak direnei komeni zaizkiela.

«Elkarte-askatasuna» deitu duguna izatez egundaino izan da elkarteen askatasuna. Alta, elkarteek ez dute aske izaiteko beharrik; lanabesak dira eta menderatu behar dira. Izan ere, askatasuna gizakiari zaio bakarrik komeni.

Pentsatzeko askatasunari dagokionez, hau gabe pentsamendurik ez dagoela  erraiten delarik, egia da neurri handi batean. Baina egiagoa da oraindik erraitea pentsamendua existitzen ez delarik, pentsamendua ez dela askeagoa. Pentsatzeko askatasun asko bazen azken urte hauetan, bainan egiazko pentsamendurik ez zen. Piska bat gertatzen zen, haur batek aragirik ez eduki arren gatza galdatzen duen  bezala.


[1] Zer dira arrisku horiek? lanuzteko egunak ordainduak ez izaitea?

[2] Delit de noyautage.testuan. 

[3] Azken esaldi hau ez dut frantsesz ulertu. Hitzez hitz itzuli dut.

[4] Salut public testuan. Pentsatzen dut hemen elkarteen funtzionamendu demokratikoaren segurtatzeaz ari dela. Izan ere pentsatzen zuen partiduetan ezinezkoa zela eta orduan desagerrarazi behar zirela.

Arimaren Premiak XII
Arimaren Premiak XII  Arimaren Premiak XII  Arimaren Premiak XII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

2 pentsamendu “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XII”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-06-05 11:34

    Pasarte hau ez da errazena era SW herrikoiagoa bihurtu duena.baina esplikatzen du nola iritsi zen pentsatzeraino partiduak debekatu behar zirela.
    Erreferentzia egiten du miresten duen 1789ko iraultza hastapenaren une berezi bati, zeinean partiduak ez baitziren oraindik existitzen eta gizakiek debate politikoan parte hartzen baitzuten libeki beren izenean.
    Abiapuntuan bada sinesmena libertate fisikoa, intelektuala eta sentimentala baldintza ezinbestekoa dela inteligentzia ibilarazteko. Baina bai ta bakarrik gizakiak duela pentsatzen ez eta taldeak. Elkarte baten iritzia ez dela elkarteko bakar batzuen iritzia baizik nolazbait beste guziei transmititua ( ez inposatua erraiteko)
    Iduritzen zait ari dela gogoetatzen nola egin iritzi-barne transmisio hori libreki eta hertsidurarik gabe egin dadin, aurretik erraten duela partiduetan ez dela posible zeren eta partiduak boterea hartzeko elkarte bereziak baitira.
    Konklusioa eztabaidagarria izan liteke baina ene ustez argudioak biziki kontuan hartzekoak dira.

  • Benat Castorene 2021-06-06 11:46

    Filosofoaren kreditura, kuriosa da ikustea edo entzutea iritzi- askatasunari buruzko debatea Frantzian hauteshundeak hurbiltzen ari direla. Izan ere, berrikitan sailburu orde bat pleinitu da kronikalari “independente” batzuek hedabide “independenteetan”zeukaten hitz egiteko denbora gehiegiaz eta arautu eta kontatu nahi du partiduei esleitu denboren kontaketan.
    Ez ote da nunbait jende askok gobernuaren edo partiduen bozemaileen diskurtso sobera formatatuei bizkarra emaiten dielako seinalea ?