Milioidunak abolitu

Milioidunak abolitu –

Gezurra badirudi ere, The New York Times egunkariko lehen orrialdean argitaratutako iritzi artikulu baten izenburua da titulu probokatzaile hau. 2019an argitaratutako idazki horretan, ingelesez Abolish Billionaires, gogoeta sustatzeko galdera pizgarri hau botatzen zen: «Eta milioi asko dituzten pertsonen existentzia ez balitz arrakasta ekonomikoaren sintoma, baizik eta huts egindako sistema ekonomiko baten ondorioa?».

Milioidunak abolitu

2020an, 48,5 milioi aberats bizi ziren munduan, milioi bat dolarretik gorako ondare garbia zutenak, ohiko bizilekua alde batera utzita. Horietatik, milioi erdiak 30 milioi baino gehiago zituen. Eta badirudi gero eta gehiago izango direla. Knight Frank eraikuntza enpresen aholkularitzak plazaratutako munduko aberastasunari buruzko azken txostenak ematen dituen datuen arabera, 2025ean milioidunak %41 gehiago izango dira, 68 milioi pertsona, hain zuzen.

Aldi berean, muturreko pobreziaren murrizketaren erritmoa (eguneko 1,90 dolarreko diru-sarrerak) erdira jaitsi da 2013tik, eta, horren ondorioz, gaur egun munduan 735 milioi pertsona inguruk muturreko pobrezian bizitzen jarraitzen dute. Oxfamen arabera, mila milioi dolar baino gehiago dituzten 2.153 lagunek 4.600 milioi pertsonak baino aberastasun handiagoa dute, hots, munduko biztanleriaren %60ak baino gehiago.

Pandemia garaian errealitate hau era nabarmen batean agerian geratu da. Mundu mailan, milioidunen aberastasun osoa laurden bat hazi da, eta, historian lehen aldiz, 10 bilioitik gorakoa da. Aberatsenen aberastasun kolektiboa azken hamarkadako edozein alditan baino bizkorrago hazi zen iaz. Forbes aldizkariaren arabera, 2020ko apirila eta uztaila bitartean, aberatsenen aberastasunak %27 egin zuen gora, eta Ibexeko nagusiek langileek baino 86 aldiz gehiago irabazi zuten pandemiaren urtean. Melinda Gates milioidunaren arabera: «Pandemia honek gure gizartean dauden desberdintasun guztiak areagotu ditu».

Areagotu badira ere, azken hamarkadetako joerarik argienetako bat desberdintasunen gorakada da. Adibidez, azken hiru hamarkadetan Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OCDE) osatzen duten 38 herrialdeetatik gehienetan, diru-sarreren arteko aldeak gora egin du. XX. mendean, 1980ko hamarkadan, %10 aberatsenen diru-sarrerak %10 pobreenenak baino zazpi aldiz handiagoak ziren; 1990eko hamarkadan, zortzi aldiz handiagoak; 2000ko hamarkadan, bederatzi aldiz handiagoak, eta, gaur egun, ia hamar aldiz handiagoak dira.

Desberdintasun iraunkor hori azaltzen duen faktoreetako bat herentzia da. Oxfamek adibide honekin azaltzen du egoera: Egiptoko piramideak eraiki ziren unetik pertsona batek egunean 10.000 dolar aurreztu izan balitu, munduko bost aberatsenen batezbestekoaren bostena baino ez luke izango hemen eta orain. Estatu espainiarrean, desberdintasunen %68,8, Gini indizearen arabera neurtuta, herentzian oinarritzen da. Ehuneko hori %76,4ra igotzen da, aberastasun ez finantzarioa —funtsean, higiezinena— soilik kontuan hartzen bada. Mundu mailan, Oxfamen arabera, milioidunen aberastasunaren bi herenek herentzietan dute jatorria.

Thomas Piketty ekonomialariak ikerketa oso interesgarriak egin ditu gai hau aztertuz, eta, aberastasun handiak oinordetzan jasotzen dituztenen abantaila nabarien aurrean, herentzia unibertsala kontrajartzen du. Bere proposamenaren arabera, 25 urte betetzean gizaki bakoitzak bere herrialdeko pertsonen batez besteko ondarearen %60 jasoko luke, 120.000 euro inguru herrialde aberatsetan. Kapital hori jabetzaren gaineko zerga progresibo baten bidez finantzatuko litzateke. Zerga horrek tasa txikiak ezarriko lituzke (%5 eta %10) milioi edo dozenaka milioi euro dituztenentzat, baina %60ra eta %90era igoko lirateke, hurrenez hurren, ehunka edo milaka milioiko aberastasuna dutenentzat. Pikettyk azaltzen duen moduan Guztiontzako herentzia sistema hori funtsezko ondasun eta zerbitzu publikoak eskuratzeko sistema unibertsal baten beste urrats bat izango litzateke, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta herritarren diru-sarrerak barne. Helburua ez da onura horiek ordeztea, baizik eta tresna hori gehitzea.

Ekonomialari frantziarrarentzat komunismoaren kolapsoak desilusioa eragin zuen kapitalismoaren ordezko sistema ekonomiko bat ezartzeko aukerari dagokionez, eta horrek azaltzen du, neurri handi batean, 1980ko hamarkadaren amaieraz geroztik desberdintasunak handitu izana. Pikettyk dio kapitalismoa eta jabetza pribatua gainditu daitezkeela, eta sozialismo parte-hartzailean oinarritutako bidezko gizartea eraiki daitekeela aberastasunaren etengabeko zirkulazioa sustatuko duen sistema fiskal «oso progresibo» batek finantzatua.

Bizi ditugun pandemiak, klima-aldaketak eta ingurumen-krisiak eragindako erronka berriak ere, sistema ekonomikoa aldatzeko beharra nabarmendu du. Gero eta aditu gehiagok diote kolapsoa ez dela soilik arrazoi klimatikoengatik gertatuko, baita desberdintasunengatik ere. Pablo Servigne Colapsologialiburuaren egilearen aburuz, Handy (Human and Nature Dynamics) eredu estatistikoaren bidez, 2014an garatua, gizartearen eta ingurumenaren arteko harremana neurtu daiteke kolapso bat aurreikusteko. Eredu horrek desberdintasunaren aldagaia barneratzen du bere parametroetan, eta horren arabera frogatu da gizarte batean zenbat eta desberdintasun ekonomiko eta sozial gehiago izan, orduan eta aukera gehiago dituela kolapsatzeko, eta, gainera, agudoago egiteko. Desberdintasunak aberatsen kasta bat sortzen du, herritarrengandik eta naturatik baliabideak ateratzen dituena, eta ondasunen, giza baliabideen eta baliabide naturalen ustiapen konbinatu horrek kolapso arrisku itzulezina dakar.

Pandemia aurreko ohikotasuna krisi bat zen. Kontua, beraz, normaltasunera ez itzultzea da, eta pandemia krisi hau katalizatzaile gisa erabiltzea, desberdintasun ekonomiko eta sozialeko krisia eta zaintza eta ekologia krisia eraldatzeko. Etorkizuneko ekonomia nolakoa izan litekeen pentsatzea da dagokigun lana, hainbat arazo aldi berean konpontzeko.

Krisialdian gaudela onartzen badugu, zergatik itzuli krisiaren aurreko krisira?

 

BERRIA-rentzat egindako kolaborazioa

Milioidunak abolitu Milioidunak abolitu Milioidunak abolitu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude