Bizitzea ez da irautea

Bizitzea ez da irautea –

Orain” eta “hemen” bizi behar omen gara.  Hala-hola botatako azken modako beste gomendio merke horietariko bat ez omen da hau, ez. Betez gero, botere handi-handiko formula omen berau; hortik aspaldiskotik alehunka salmenta izan eta jada arrunt ezaguna dugun El poder del ahora izenburuko liburua. Izanez ere, “oraintxetik” eta “hementxetik” bizita asko ere asko dugu irabazteko, asko iristeko. Asko iristeko, edota, hobeki esatera, jada guretik zen baina guztiz ere guztiz atzenduta dugun harako hura ber-eskuratzeko. Esku-eskura baitugu, “orain” eta “hemen” bizi ahal izate hori, baina, bateratsu, eskura bezain urrun-ahantzia.

Zer sekretu suerte dugu, bada, “orain” eta “hemen” horien atzean gorderik? Zer esan nahi dugu horrekin? Ez al gara bada bizi, une oro, bizirik gauden aldetik, betiro, “orain” eta “hemen” batean?. Ez, eta bai; edota, agian bai, baina ez molde autentiko batean, ez benetan gu-geu garelarik “orain” eta “hor” dagoen hori. Izanez ere, gure gizarte mende(baldar) honetan, oso mendean eta oso baldar bizi gara. Alienazio material eta materialista hor egongo da, baina txori-kaka, huskeria da, bizi gaituen alienazio espirituala edo psikikoaren aldean. Egunerokoak, lanak, gugandik sistema anonimoak espero duen izan moldeak atrapatuak eta hutsalduak bizi gara. Ez gara gu, ez benetan gu, eta gero eta maizago gara horren ohartun. Nor izango ginateke, kultur gaixoti honen eta egunerokoaren zama endekatzaile horretatik guztitik libre? Ez dakit nik, bada. Ez dakit nik bada gaztetxo bat hezi ote litekeen karga astun horretatik salbu? Ez kulturalki, ez biologikoki, homo sapiens sapiens garen aldetik, posible-egingarri ote den ez dakit nik bada.

“Orain” eta “hemen” bizitzera deitzen gaituen formulaz oso esperientzia mugatu eta partzialak ditugu. Mugatu eta partzialak, gutxi-asko gehienon berri-zuloetara ailegatu badira ere, geure gizartean inor askorik ez delako zinez gauzatzera animatu; mugatu eta partzialak, aurrera eraman duten horietatik, euren bizitzan oso modu partzialean eraman dutelako eta, maizenean, beti denbora-tarte baterako, behin-behienean betiere, eta, beti, atzera eginez, azkenerako bueltatuz egunerokotasunak berez ezartzen duen molde alienatzailera; eta mugatu eta partzialak, inoiz gutxitan, edota, inoiz ez, eraman izan delako naturaltasunez, gazte-gaztetatik, zinezko konbentzimendutik, eta, kontrara, beti adinduxe izan garenetan, bizitzak jada psikikoki astinalditxo nolabaiteko bat eman digunean betiere, garen horrek edo izan uste dugun horrek, lortu dugun horrek, gure eguneroko bizitzak… nolabait edo beste huts egin diguten horretan betiere, soil-soilik “terapia” moduan-edo hasi garelako “orain” eta “hemen” bizitzen ahalegintzen, “ontzia galdu eta gero denok piloto” delako hori aplikatuaz betiere.

Zaila zaigu gero “orain” eta “hemen” bizitzea. Ez dakit kontu kulturala den,huts-hutsik, biologiko, edota bion artekoa, baina, kontuak kontu, zailsko, are ezinezko ere, zaigu zinez horrela aritzea bizitzan. Beti gaudela “orain batean” pentsa genezake, merke-sinple pentsatzen hasita; gure gorputza agian bai, nire “ni” automatizatua agian bai, kanpotik ezarritako izan-behar moldearen araberako “nia” agian bai, egunerokoaren zamak gozakaiztutako “nia” agian bai, baina ez inondik benetako “ni” hori, ez bere barnekoarekin konektaturik dagoen “ni” hori, ez, gertakari hau eta beste tarteko ere, horien azpiko errealitatearen sinfonia globalarekin bat egin duen “ni” hori… Beste horrenbeste ere esan genezake “hemen” ez egoteari buruz. “Hemen” gaudelarik ere, ez gaude; egon, ez gaude hemen.

Eta non gaude bada? ez bagaude orain, ez bagaude hemen, non gaude bada? Gure gorputza gauden honetan baldin badago ere, hau da, leku eta une honetan; geure burua, hau da, gure arreta, gure nahiak eta desirak, gure itxaropenak, gure kezkak eta beldurrak, han daude, harako han, maizenean urrutiegi, urrutitxo. Gorputzez, eta itxura guztien arabera, “hemen” eta “orain” dagoen hori, ni, edo gu garela badirudi ere, ez da horren hala, geure buru eta kontzientzia beste une eta toki batean baitago. Eta non gaude zinetan gu? Bada, desira eta irrikatutako ailegatzen ez diren opor horietan, edo, horren urruti gabe ere, ailegaezin deritzogun asteburu horretan, edota, inolaz lortzerik ez dugun guztiz bestelako lanpostu horretan, edota, jada pasatako ura den atzean utzitako gaztaroan… Batek jakin non eta noiz, “deslekutzeko” eta “desgaraitzeko” bere berezko indar zentrifugoak izango ditu nor bakoitzak, nork bereak. Baina, oro har, denok eta une oro deslekutuak eta desgaraituak gaude; eta bien bitartean, hemen dagoen hori automata bihurtu samarturik dagoen gorputz bat.

Horrela doakigu, joan, eskuetatik denbora ihesean…eta urtetan sartu samarturik egonda ere, orain arteko bizialdia bi egunetako kontua baino ez dela izan iritzi diezaiokegu. Bizialdi luzea izatea desiratzen dugu, baina egunean egunean, unez une, segundoz segundo, joaten gara akabatzen bizitzarako diren une preziatu horiek guztiak; bizitza une oro egiten dugu labur, ez berez bizi ahala laburtuz joaten zaigulako, bai baina berau “ez bizita”, edo berau deslekututako eta desgaraitutako modu huts batez bizi dugulakoa, eta gure bizitze kontu bat bainoago, iraute kontu bilakarazi dugulako. Bizitza gutxitan da laburra, zioskun Senekak, zinez bizitako bizitza da laburra dena:

… ez dugu bizitza laburra hartzen, geuk egiten dugu labur; ez gara haren eskeko, hondatzaile baizik. (BIZITZAREN LABURTASUNAZ, Seneka)

Eta beti horregatik hain justu ere nahiko genuke luze bizi eta bizialdi urtetsua izan. Denbora gehiago, asko, nahi dugu, nahiko genuke, oso anbiziotsuak gara horretan, heriotza inoizkorik urrutien nahiko genuke jarri. Luze-luze bizi nahi izate horrek bi azalpen, bi zergatiko, elkarren guztiz bestelako, izan lezake; bizi ari garen bizitza hori oso betea eta unean unean disfrutatu beharrekoa delako desiratu dezakegu luze bizitzea; baina, halaber, inoiz ailegatzen ez zaigulako nahi dugun garai eta egoera hori desiratu dezakegu luze bizitzea. Gurea bigarrenekoak bultzatzen duelakoan nago ni; hau da, luze bizi (zinez, luze iraun), inoizko batean, agian, nork jakin, azkenerako benetan bizi ahal izateko; une hori noiz ailegatuko zain bizi gara horren urrutira begiztatuta:

Betierekotasuna denbora-iraupen amaigabearekin lotuta ulertu beharrean, aldiz, denboragabetasunarekin lotuta ulertzen bada, orduan betiereko bizi da orainean bizi dena. Gure begi eremua mugagabe den beste da amaigabe geure bizitza” (Wittgenstein, Tractatus Logico-Philosophicus, 6.4311)

Bizitzea ez da irautea

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude