Sare sozialetan bizirik egotea

MzkxMg==Sartu naiz gaur twitterren eta ikusi dut hantxe dabiltzala hizketan nire jarraituak. Berriketan.infon izan naiz eta segitu dut tarte batean bertako jardunaldia. Umapen ere begiratu eta kasu egin diot haien mintzaldiari.

Ez da lehenengo aldia buelta hori egiten dudala, lanean serio hasi aurretik, eguneko albisteak irakurri eta joan-etorri bat twiterlarien solasean. Halakoetan nabilela, zerbait esateko beharra sentitzen dut, ez naiz bada izango haiei begira dagoen begiluze bat. Horregatik, ezkutuan ez egoteko, login egin eta barrura sartzen naiz. Baina hori ere ez da oso dotorea: “orain arte gortinen atzean nengoen eta orain zabaldu ditut, beraz edozeinek jakingo du begira nagoela, zintzoago izan arren agerian geratu naiz; gainera, gaur ere ez zait ezer bururatzen eta ez naiz denbora gehiago geratuko”.

Orduan, handik atera eta zereginetara itzultzen naiz. Ez dit sortzen horrek ezinegon sakonik, baina deseroso bueltatzen naiz pasiera horietatik: kuxkuxero izateaz gain, esateko ezer ez dudala adierazten badu? eta okerragoa dena, euskal blogosfera osoa konturatzen bada nire gabezia horretaz? Ezin dut hain erraz burutik baztertu eta hor segitzen du (lanean serio hasi naizenean ere) neurona dantzari batek kontzientzia-etsamina lanetan.

Iritsi zait, ordea, goizeko kafetxoaren tartea eta zigarroaren keak eman dit erantzuna: “neska! beti izan zara oso isila”.

Irudia | twitteatu beharraz | tvskov | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Sare sozialetan bizirik egotea”-ri buruz

  • Atzo idatzi nuen baina akatsen bat dela eta, ez da argitaratu.

    Zerbait esateko antsietate horrek isilik geratzeko aukera ederrak zapuzten ditu. Lantokian, kalean, autobusean entzuten ditugun elkarrizketa guztietan zerbait esateko gure burua estutzea bezain zentzugabea da sarean egitea.

    Oraindik neurria hartu behar diogu berehalakotasunari.

    Zuk, zure erritmora, ederki ari zara eta.

  • “Aho zerratüetan ez üilirik sartzen” esango zukeen Baztango amonak; edota krisi garai honetan egokiagoa, “Ondo lotu zorroa ta hobeto ahoa”. Zer moduz, bestela, azken horren bariazio twitterreroa, “Ondo lotu zorroa ta hobeto mokoa” ?

    Hori ez du izan nahi kritika nire jaraituei, horixe bakarrik behar genuen! berbaldi burutsuagorik…!