Zinegabonak 2019, animazio tailer eta film gehiagorekin
Zinegabonak 2019, animazio tailer eta film gehiagorekin –
Zinegabonak ekimena film gehiagorekin, animazio tailerrekin eta areto berriekin dator aurten.
Bihartik abenduaren 29ra bitartean, Zinegabonak egitasmoa gauzatuko da gazteek eta familiek jaiegun horietan plan alternatiboaz gozatu ahal izateko, euskarazko film eta animazio tailerrekin. Zineuskadik beste behin, EZAErekin eta EITBrekin elkarlanean, txikien sormena suspertu eta pantaila handian eta euskaraz ikusten diren filmen aldeko apustua egin du. Oraingo honetan Euskal Herriko bost zinema aretok eta Multibox-EiTBk hartuko dute parte ekimenean.
Lau egunez, hamar film proiektatu eta hiru tailer egingo dira Euskal Herriko hainbat udalerritan. Multibox– EiTB aretoetan ez ezik, Donostiako Principe zinemetan, Bilbo eta Iruñeko Golemen, Beasaingo Usurbe aretoan, Mungiako Olalden eta Urruñako Itsas-Mendi zineman burutuko da Zinegabonak aurten.
Oraingo honetan, tailerrak Takeshi Nagate eta Kazue Monno artista japoniarrek garatutako Pika-pika (‘dir dir’ euskaraz) teknikarekin burutuko dira. Partaideek argiaren bidezko marrazketa edo Light Painting izenez ezaguna denarekin gozatu ahal izango dute. Teknika hori, batez ere, Picassoren argazkien bitartez ezagutzera eman zen, linternarekin airean zezenak marrazten baitzituen, besteak beste. Euskarri digitalen zabalkuntzarekin batera hasi ziren erabiltzen prozedura hau animazio teknika bezala, paperean eginiko marrazketa linternaren argiarekin airean egindako diseinuengatik ordezkatuz. Tailerraren bukaeran, parte-hartzaileek sortutako obra proiektatuko da. Horregatik, beharrezkoa da sakelako telefonoak edo linternak eramatea.
Filmen sarrerak eskuratu zein tailerretan parte hartzeko prezioa berbera izango da: saio bakoitzeko euro batekoa.
.
Programazioa
Gainerako egitarauari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak proiektatuko direla (guzti guztiak goizeko 11.30ean). Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute pelikula hauekin: Maya Erlea 2: ezti jokoak (Australia, 83’), Harpetarra (Erresuma Batua, 90’), Zikoina (USA, 87’), Paddington (Erresuma Batua, 95’), Ploey (Islandia, 83’), Smallfoot (USA, 96’), Luis eta extralurtarrak (Alemania, 86’), Oin Handiren semea (Belgika, 92’), The Wish Fish (Espainia, 71’) eta Aita, zonbia naiz (España, 80’).
.
BILBO (Multibox aretoak)
Abenduak 26: “Zikoinak”
Abenduak 27: “Harpetarra”
BILBO (Golem Alhondiga)
Abenduak 28: “Maya Erlea 2: Ezti jokoak”
Abenduak 29: “Oin handiren semea”
MUNGIA (Olalde zinema)
Abenduak 26: Animazio tailerra
Abenduak 28: “Ploey”
DONOSTIA (Principe zinemak)
Abenduak 27: Animazio tailerra
Abenduak 28: “Paddington”
Abenduak 29: “Harpetarra”
BEASAIN (Usurbe zinema)
Abenduak 26: Animazio tailerra
Abenduak 28: “Smallfoot”
Abenduak 29: “Luis eta Extralurtarrak”
IRUÑEA (Golem Baiona)
Abenduak 28: “Oin handiren semea”
Abenduak 29: “Maya Erlea 2: Ezti Jokoak”
URRUÑA (Itsas Mendi zinema)
Abenduak 28: “The Wish Fish”
Abenduak 29: “Aita, zonbia naiz”
.
* Goizeko 11.30ean.
Zinegabonak 2019, animazio tailer eta film gehiagorekin