Bob Marley itzal handikoa

Bob Marley itzal handikoa

Bob Marley itzal handikoaGaur ostirala da eta dantzatzeko asmoz nator Zuzeura, Bob Marley Day aitzakia hartuta, astiro-astiro dantzatzeko asmoz…

Bob Marley 1945eko otsailaren 6an jaio zen, eta 36 urte baino ez zituela hil zen arren, 1981ean, reggae zaleek bere jaiotegun buelta probesten dute urtero urtero Bob Marley Day ospatu eta jamaikar mitoa oroitzeko, edo are, gurtzeko.

Asteburuko agendak begiratzea besterik ez duzue, gurean ere han hemenka jamaikarraren omenezko festak aurkitzeko.

Zuzeun ere, geure modura, reggae musika globala bilaka zedin ezinbestekoa izan zen artista omenduko dugu, berak sortutakoen artean gustukoen ditugun hiru kantuak beste horrenbeste artista handiren ahotan jarrita, itzal handiko musikaria izan baitzen Bob Marley.

.

«I Shot the Sheriff»

Duela gutxira arte Marleyren kanturik gogokoena genuen, besteak beste, euskal taldeek kantatu ezingo luketeelake, kartzelaratuko bailituzkete atoan. Kantuko protagonistak sheriffari tiro egin izana onartzen du, laguntzaileari ez, ordea.

1973an The Wailers-ek “Burnin´” lanean argitaratua, Tuff Gong zigiluan, ehundazak bertsio izan ditu euskaraz ez beste makina bat hizkuntzatan. Ezagunena, seguruenera, Eric Claptonek 1974an egin zuena (bideoan zuzenean jotzen du, 2010ean), jatorrizko kantua sortu eta urte betera. Agudo egin zuen Jamaikatik Ingalaterrarako bidea!

.

«Three Little Birds»

Hauxe begitantzen zaigu egun Marleyren kanturik ederrena, gitarrarekin jotzeko erraza izan (beste kontu bat da erritmoz eta ahotsez asmatzea), edo baikorra delako oso; “Every Little Thing is Gonna Be Alright”.

1977an “Exodus” lanean argitaratua, Tuff Gong zigiluan (eta single gisa hiru urte geroago), jada Bob Marley & The Wailers zirenean -izen propioa aurretik-; makina bat artistak jo izan du kantu hau ere. Hemen Gilberto Gilen ahotsean entzungo dugu, brasilgo kultura ministro ere izan zenak 2002ko “Kaya N’Gan Daya” lanerako egin zuen bertsioan (2015eko zuzeneko batena da bideoa).

 

.

«Get Up, Stand Up»

Marleyk Peter Tosh lagunarekin batera idatzi zuen kantuak ez du aspaldikoa izanagatik gaurkotasunik galdu, zutitu eta eskubideen alde borrokatzeko deia egiten baitu.

“I Shot the Sheriff” bezala The Wailers-en “Burnin´” lanean plazaratua (Tuff Gong, 1973), sarritan zuzenekoak ixteko erabiltzen zuen Marleyk Haitin idatzi zuen kantua. Toots Hibbert-ek (Toots & Maytals) nabarmendu ditugun hiru kantuak jotzen ditu zuzenean, baina hemen Ojos de Brujo flamenkoek joko dute, -2007ko “Techari Live” lanean jaso zuten-, Radio 3 irratiko zuzenekoan.

Bob Marley itzal handikoa

bob marley, musika, Reggae

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude