[Politikari erretiratuak] Iñaki Anasagasti: “Baserritarrek esaten zidaten euskarak ez zuela ezertarako balio”

Iñaki Anasagasti

 Iñaki Anasagasti

Errepublikar sutsua da Iñaki Anasagasti (Cumaná, Venezuela, 1947). Hala ere gertuago ikusten du Espainiako 3. errepublika euskal errepublika baino. “Askoz garrantzitsuagoa da Eskozian gertatzen ari dena Kataluniakoarekin alderatuta”. Madrilen bizitza osoa pasa ostean, Bilbon hartu du erretiroa. Aste osoa hedabidez hedabide igarotzen du, gelditu gabe, bera ofizioz baino, bokazioz baita politikaria. Bere etxean Simon Bolibarren bustoa du sarreran, berau erakutsi eta egongelan jaso du ZuZeu. Amak oparitutako akondara zuria darama, ‘Iñaki’ brodatua bular aldean. “Bere omenez janzten dut”, dio harro. Anasagastik ez du bizarrik ahoan, beraz, har ezazu behar duzun denbora elkarrizketa lasai irakurtzeko, luzea bezain interesgarria baita.

Iñaki Anasagasti

Nola bizi du Anasagastik Trumpen aroa?

Kezkarekin segitzen dut kontu hori guztia. Batez ere, hauteskunde kanpainaren ostean. Ez dut oso ondo ulertu Clintonen aurkako jarrera. Ulertu nuen Sanders eta Clintonen arteko lehia, baina, gerora Sandersek Clinton babestu zuen. Ezkerreko jende askok zioen Hillary-ri ez ziola bozkatuko stablishmenta zelako, “aizu!”, esaten nien nik, “bestela Trumpek irabaziko du!”, ba hain juxtu, Trumpek irabazi du. Eta Hillary oso oso txarra izango zen, baina hala eta guztiz ere Trump baino milioi bat hobeagoa zen. Eta gainera emakumea, politikan kontutan izateko beste balore bat dela iruditzen zait. Orain Etxe Zurian, hau eta beste firmatzen, tortura bidezkoa dela esaten… makarra bat, handiki bat iruditzen zait. Ez da batere serioa, AEBtako presidenteaz ari baikara.

Trumpen diskurtsoa, etorkinen aurkakoa, ekonomiaren globalizazioaren aurkakoa, ez da AEBtakoa bakarrik. Munduan zehar zabaltzen ari da.

Bai. Gaur horma duten herrialdeen zerrenda bidali didate Venezuelatik. 147 bat herrialdek eraiki dute horma bat eh! Ez da bakarrik Ceuta eta Melillako murrua, ez da bakarrik Trumpek eraiki nahi duena eta jada gaur gaurkoz Mexiko eta AEBak banatzen dituen hori. Hormak daude Afganistanen, Pakistanen, Hong Kongen, Polonian, Hungarian… uste baino horma gehiago eraiki da munduan zehar. Ez gara jabetzen hormen aferaren errealitateaz. Eta gainera, hormak zertarako? Etorkin mexikarren %70a aireportutatik sartzen da-eta! Nire aburuz hormarena sinbolo bat da, promesak betetzen dituela aditzera emateko. Erokeria bat.

“Politikak bokazio izateari utzi dio,
ofizio bihurtzeko”

Europan ere alderdi ultraeskuindarrek gorantz egin dute.

Europa porrotaren istorio bat da, ez baitu kanpo eta defentsa politika bateratu bat. Zergatik egiten du ihes jendeak? Ba, gerragatik edo goseagatik. Zer egin behar den? Gerra ekidin. Siriako gerra, sekulako exodoa ekarri duena, duela 5 urte konpondu zitekeen. Baina ez dute konpondu nahi izan. Eta gosearen gaiari aurre egiteko apostuak egin behar dira. Europak ere bere apostuak egin behar lituzke, AEBak adina edo gehiago, baina, politika bateratuak ez dituenez, ez da existitzen. Europa ez da existitzen politikoki.

Politikari erretiratuen ZuZeuko sailean parte hartzen ari zara, baina erretiratu hitza ez zaizu gehiegi gustatzen, ez da?

Iñaki Anasagasti

Zatarra iruditzen zait “erretiratu” hitza. Itsusia da. Esan diezadakezu “Madril utzi duen politikaria”, hori bai, aitzitik ez naiz erretiratua kontsideratzen. Bazen politikari venezolar bat honakoa esaten zuena, “mientras respiro, aspiro”. Ba hori politika polisa antolatzea da, jendartea, eta ni oraintxe bertan ez nabil geldirik. Astelehenetan La Ser irratiko solasaldietara joan ohi naiz, asteartetan ‘En Jake’ saioan nago, asteazkenean Miramonera noa, ostegunean Radio Euskadira eta ostiralean Info Radioko programa batera. Eta Koldo San Sebastián eta biok Santoñako akordioaren inguruko liburu batean gabiltza buru belarri. Amaitu berri dut, Erkorekarekin eskutik, Pedro Basalduari buruzko liburu bat. Eta niretzat Bilbo deskubrimentu bat izan da. Bilbon bizi izan banaiz ere, nik bizitza Madrilen egiten nuen. Eta orain hona itzulita asko harritu nau Bilboren bizitzak. Oso hiri bizia da. Gorputzak irauten didan bitartean, erretirorik ez!

Hamaika programatan zaudela esan duzu. Politika hedabideetan egiten da orain, ala?

Politika oso mediatikoa da, zoritxarrez. Hedabideetan agertzen ez dena, badirudi ez dela existitzen. Ikusi dugu, esaterako, Podemos ulertzen ezinezkoa zatekeela fenomeno mediatikoa gabe. Baina tertuliek mugituak eta animatuak behar dute izan, interesgarriak funtsean. Hedabideetako solaskideen artean jende oso formatua topatu ohi dut gainera. Guztiaren inguruan hitz egiteko kapaza den jende asko dago. Agian, perspektiba historikoa da falta dena. Adibide bat jartzearren, lehendakariak gaur Iparraldeko Mankomunitate berriko presidentearekin izan du bilera. Eta Iparraldeaz eta Hegoaldeaz mintzatu dira. Hori ez da zuzena, iparraldea Portugalete baita! Santurtzi! Euskadin pentsatzen ari bagara behinik behin. Iparralde, gure iparraldearen zati bat baino ez da. Zehaztasun gutxirekin hitz egin ohi da.

PNVkoa izatea atzo eta gaur ez da berdina. Gaur egungo jeltzale militanteek zer balore ikasi beharko lituzkete, gerra osteko militante haiengandik?

Nik uste belaunaldi hark bazituela kontutan izateko hainbat balore. Konstantzia esaterako eta batez ere, interes pertsonalengatik ez mugitzea. Zer irabazi pertsonal lortu zenezakeen orduan? Kartzelan amaitzea kasurik onenean. Altruismo hori galdu egin da, orain jendeak galdetzen duen lehenengo gauza da ea zertan den berea. Politikan lehenbailehen burua sartu nahi duen jende gazte asko dago, batere esperientzia enpresarialik eduki gabe. Epika, entrega eta bokazioa galdu direla uste dut. ‘El Vasco’ deituradun ministro txiletar euskaldun batek bazkari batean honakoa esan zidan: “Ahaztu Iñaki, politikak bokazio izateari utzi dio, ofizio bihurtzeko”. Politika utzi eta etxean geratzen diren politikariak, ez dira benetako politikariak.

“EAJren ortzimuga independentzia da,
baina egunerokoa ez da independentzia”

Esaten da EAJra afiliatzen jende askok, lanpostu bat eta soldata bat baino ez duela bilatzen askotan. Hala da?

Arrazoi guztia duzu. 5 izen emango nizkizuke, baina, ez dizkizut esango kalterik ez sortzeko. Denetarik dago. Horretatik ere bai, baina bestelako jendea ere bada. Badago jende asko familiatik jaso duena nazionalismoa. Edo bere hausnarketa eta irakurketatik iritsi dena abertzaletasunera. Nik trantsizioa hurbiletik bizi izan nuen. 1975ean hil zen Franco eta 1976a urte garrantzitsua izan zen. Guk uste genuen 76an ETA desagertu egingo zela eta politika egin ahal izango zela. Gu lanean hasi ginen 4 ponentzia sortuz, oraindik frankismoak bere egitura guztiak zutik zituenean. Urte hartan jende asko hurbildu zen alderdira, eta ez zen izan postu batengatik, gauzak aldatzeko baizik. Gero bai eh! Gero hori aldatu zen. Eta batzutan oso lokartuta gaude, anestesiatuta esango nuke. Eta jende gazteak akaso ez du jakingo 1977ra arte ikurriña ez zela legala. Ikurriña jarri eta kartzelara sartzen gintuzten. ETAk nire etxetik gertu hil zuen Joseba Goikoetxearekin egon nintzen ni kartzelan Iruñeko aberri eguna prestatzen.

Galderatik dexente urrundu gara.

Bai, jende interesatu andana dago. Gizakiaren ezaugarrietako bat da. Podemos erratzarekin etorri zen dena garbitzera, baina orain gainerako alderdiok betidanik izan ditugun arazo eta akats berberekin dabiltzala ikusten da. Botere gosea, kontrol gosea, kobratzeko gosea…

“UPNk indar handia hartu zuen
Nafarroako mendialdean EAJren kontura”

Alderdi barruan izenaren inguruko eztabaida izan zenuten, nazionalista hitza gogorregia zelako kanpo harremanei begira. Zertan da hori? Eta nola definitzen duzu nazionalismoa?

Guk izena aldatzeko saiakera egin genuen. Partido Nacionalistatik Partido Nacionalera pasatzeko. Nazionalaz jabetu nahi izatea egotzi ziguten. Egia da, Bruselara joan eta nazionalista diozunean, oso arrotza egiten zaie. Hemen ohituta gaude terminologia horretara. Gainera EAJk 122 urte izaki… pentsa ezazu! Sabino Arana publizista bikaina zen! Jendeak Aranaren irudi oso distortsionatua du. 27 urterekin sortu zuen EAJ, eta 38 urterekin hil zen. Orain bizar luzeduna datorkigu gogora baina tipo oso gaztea zen. Asko idazten zuen, kartzelan egon zen… eta azkenengoz Kubari independentzia eman izanagatik Roosvelti telegrama idazteagatik egon zen ziegan. Aranaz ezagutzen direnak 4 detaile baino ez dira, merezi du bere biografian muturra sartzeak. Berak sortu zuen Euzkadi hitza, eta pena ematen dit orain jendeak ez erabiltzea. Euskal Herria hitza orduan ere existitzen zen, baina ‘euskalherriakoak’ espainol baskista batzuk ziren. Eta orain aldiz kontzeptua aldatu da. Euzkadi kontzeptu berri bat zen 7 lurraldeak biltzen zituena, eta orain badirudi EAE baino ez dela. Jendeak ez daki deus ere historiaz.

[Bideoa:] Beste alderdien zerk ematen dizu inbidia?



Trantsizio garaian EAJk bazituen militanteak eta bazuen indarrik Nafarroan, baina, gerora Nafarroa galdu egin du pixkanaka.

Zer gertatu zen? Ba 1977an Carlos Garaikoetxea izeneko fitxaje bat egin genuela. Eta hark lehen hauteskundeetan ez zuen EAJren siglekin aurkeztu nahi izan. Garaikoetxeak uste zuen hobe zela sigla-zopa baten barruan sartuta aurkeztea, eta halaxe egin genuen. UAN izeneko koalizio batean joan ginen, Unidad Autonomista Navarra, inortxo ere ez da gogoratzen. Horrela bost urte galdu genituen, zopa hartan deseginda. Bost urte haietan kontsolidatu zen UPN, batez ere Nafarroako mendialdean, gurea zen indar bat hartuz. Aukera galdu genuen. Eta egia da ETAk eta guk “Nafarroa Euskadi da!” oihukatzeak ez zuela gehiegi lagundu. Autokritika? Noski. Nafarroako hauteskunde merkatutik kanpo egon ginen 5 urte. Urterik garrantzitsuenak. EAJ ez zen existitu.

Garaikoetxea aipatu duzu. Noiz izan zen Alkartetxe batean sartu zinen azken aldia?

Alkartetxeetara ez naiz askotan sartu. Baina errespetuzko harreman adeitsua mantentzen dut Garaikoetxearekin. Idazten diot, noizean behin argazkiren bat bidali, gutunak bidali ohi dizkiot eta batzutan esaten dit kazetari bat etorri zaiola nitaz galdezka. Baiki, EAren banaketa oso gogorra izan zen. Eta zer gertatu da azkenean EArekin? Ba Arzallusek esan zuena, “askatzen den adarra, lehortu egiten da”. Urizar eta hauek ez dakite zer demontre egin EArekin. Orain Bildun sartuta daude, baina, aurki Sorturen edo Bilduren edo dena delakoaren barrenean amaituko dute. Lehen zuten espazioa galdu dute.

Jende moderatu askok Bilduren aldeko hautua egin du ordea.

Noski. Jada ez dago ETA. Lehen pentsaezina zen, adibidez, Gasteizen Bilduko alkate bat izatea eta Miren Larrionek lortzeko aukerak ditu. Arzallusek ondo zioen, lokartzen badira irabaziko dugu eta lokartzen bagara irabaziko dute. Kontua da Sortuk oraindik presoen arazoa duela, autogobernu ponentziarena… nik uste dena normalizatzean ezkerreko abertzaletasun bat egongo dela eta zentro-eskuineko beste bat. Niretzat EAJ zentro-ezkerreko alderdi bat da, baina jendeak zentro-eskuinekotzat hartzen gaitu. Hain eskuinekoak bagina jendeak ez liguke bozkatuko.

Zein da EAJren sekretua EAEn beti irabazteko?

Nik uste memoria historikoak pisu handia duela, batetik. Eta gero badakiela bere kartak ondo jokatzen, independentziaren ortzimuga alde batera utzi gabe, egunerokoan lana egiten. Egunerokoa ez baita independentzia.

Eta PPk EAEn horren boto eta presentzia gutxi izanda, horrenbesteko eragina izateak ez dizu inbidia eragiten?

Madrilen daudelako da hori. Madrilen ez baleude, jende oso sinpatikoa izango litzateke, baina, ez lukete inolako euskarririk izango. Auzokideen komunitateko telebistan ere ez lirateke aterako.

Mariano Rajoy ezagutzen duzu, ez da?

Bai, ezagutzen dut. 1996an berarekin negoziatu nuen, Aznarri baiezkoa eman genionean. Politikan inoiz ez da zure arerio politikoa gutxietsi behar. Rajoy gutxietsi egin izan dute, eta horrek mesede handia egin dio. Beraren kontura farre asko egin da, baina ez! Tipo oso argia da, parlamentario oso ona eta bere kartak ondo erabiltzen dakiena. Normalean politikari batek arazo bat duenean segituan konpondu nahi du, Rajoy ez da horrelakoa. Rajoyk usteltzen lagatzen du, eta horrela akitzen ditu aferak. Rita Barberá, Esperanza Agirre, Aznar bera… Meritu handia du horrek.

Lehen euskal errepublika ala hirugarren espainola? Zein lortuko da lehenago?

Nik euskal errepublika nahi nuke, baina, oso zaila ikusten dut. Kataluniako egoera oso gaizki ikusten dut. Posible zatekeen espainiar errepublika akaso. Victoria Pregok esan zuen, Adolfo Suarezek ez zuela monarkia vs errepublika erreferendumik nahi izan, galdu egingo zutelako. Eta orduan monarkia konstituzioaren pakete berean sartu zuten. Errepublika lortzeko PSOE eta hedabideak oso garrantzitsuak dira. Ikusten ari gara Juan Carlos erregea nazkagarri bat dela, emaztea engainatzen duen neskazale bat, Suitzan kontu korronteak dituena, elefanteak eta hartzak ehizatzen zituena… eta, aitzitik, tipo sinpatiko eta hurbila bezala aurkeztu digute. Inpresentable bat da, ezagutzen dut nik.

“Kataluniarrak beldurtuko dituzte
kontu fiskalekin eta pentsioekin

Porrarik kataluniarako?

Nago kataluniarren poltsikoa ukitzen hasiko direla, kontu fiskalekin eta pentsioen aferarekin. Eta zuk jendartearen oinarrian dauden gaiok ukitzen dituzunean, jendea beldurtu egiten da. Heroien jendarte bat behar zenuke zuri segitzeko. Gainera politikariak ezgaitzen hasiko dira. Errepresio juridikoa biziko dute Katalunian.

Kataluniako independentziaren alde zentimorik ez?

Oso zaila begitantzen zait. Arzallusek askotan esaten zuen txikiak oso argia izan behar duela, etsai asko izan ohi ditu-eta. Madrilera lehenengoz joan nintzenean esan zidan defentsa batzordean ere sartzeko. Konturatzeko espainiar armada existitzen dela. Eta halaxe egin nuen. Espainiako kuartel guztiak ezagutzen ditut. Espainiaren defentsarako aurrekontua oso handia da. Konstituzioko 8. artikuluak argi eta garbi uzten du armada dela aberriaren batasunaren bermea. Mundu guztiak ez du heroi bokazioa, eh? Franco ohean hil zen. Oso zaila ikusten dut.

Ezinezkoa?

Ez noski! Kataluniakoa baino gehiago interesatzen zait Eskozian gertatuko dena. Interesgarriagoa dela deritzot. Brexitarekin are gehiago. Ea bigarren erreferendum bat egiten uzten dieten. Gakoa izan daitekeela iruditzen zait.

Iñaki Anasagasti
Argazkiak (cc-by-sa): ZuZeu

“Aizarnazabalko baserritarrek esaten zidaten
euskarak ez zuela ezertarako balio”

Esan duzu EAJren ortzemuga independentzia dela. Zein da biderik errealistena zuretzat?

Ba, funtsean, nazioa egitea, eraikitzea. Ikusi, ikurriña debekatuta zegoen garaitik, 1977tik gaurdaino, gauza asko aldatu dira. Euskara hiltzen ari zen, zeharo bazterrekoa zen orduan. Nazioa egitea horixe da. Ez dugula Estaturik? Berdin dio, goazen nazioa egitera. Euskal jendea, euskalduna senti dadila. Euskaldunok euskaraz bizi gaitezen, hizkuntza berreskuratuz. Jabetu gaitezen gure identitateaz. Orain, PSOEko jende asko entzuten duzu eta harritzen zara. Duela urte batzuk horixe bera esan balute, abertzale deituko liekete. Bide hortatik segi behar dugu.

Iñaki Anasagastik euskara ikasi du? Jende askok galdetuko zizun hori.

Bizitza osoan zehar saiatu naiz. Venezuelan jaio nintzen. Aita bilbotarrak ez zekien euskaraz, amak, Mutrikukoa izaki, bai ordea. Jaio nintzenean aitak nahi zuen amaren ahizpak eta Astigarragako neska batek ni zaintzea, euskara ikas nezan. Huts egin zidaten, ez baitzuten euskaraz deus ere hitz egin. Euskararik ez badakit etxeko andreengatik izan zen. Gerora, udan, Aizarnazabalgo Ondalde baserrira joaten nintzen euskara ikastera, baina, euskara ikasi beharrean gaztelania irakatsi nuen. Baserritarrek gaztelaniaz hitz egiten zidaten, esaten baitzuten euskarak ez zuela ezertarako balio. 50. hamarkadaz ari naiz hitz egiten. Arantzazun ere egon nintzen… baina azkenean esaera zaharrak dioen bezala “papagai zaharrak ez du mintzatzen ikasten” eta amore eman nuen. Garrantzitsuena niretzat zen seme-alabek euskara ikastea, eta halaxe egin dute.

EAJk irabazten du, baina Deia ez da egunkaririk irakurriena. Zer iritzi duzu Vocento taldeaz?

Lehenik eta behin, idatzizko prentsa desagertzen ari da. Ez duzu gazte bat bera ere egunkari batekin ikusiko. Mugikorrarekin edo portatilarekin bai, baina paper zahar batekin inoiz ez. Vocentokoak kamaleoi batzuk dira. Diktaduraren oinarrizko euskarri izan ziren. Argiak izan ziren eta Gipuzkoan kamaleoiak Diario Vasco izena hartu zuen eta Bizkaian El Correo Español. Gerora Español desagertu bazen ere. El Correoko zuzendariak behin esan zuen, “Nazionalista hauek Eusko Jaurlaritza zuzentzen dute, aurrezki kutxak zuzentzen dituzte, baina, nehoiz ez dute prentsa zuzenduko!”. Tira, ikusteko dago sareen indarrarekin eta idatzizko prentsaren gainbeherarekin, nork irabazten duen partida.

[Politikari erretiratuak] Iñaki Anasagasti: “Baserritarrek esaten zidaten euskarak ez zuela ezertarako balio”

[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: “Ezkerra ezinean bizi da”

EAJ, elkarrizketa, Iñaki Anasagasti, PNV, politikari erretiratuak
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

22 pentsamendu “[Politikari erretiratuak] Iñaki Anasagasti: “Baserritarrek esaten zidaten euskarak ez zuela ezertarako balio””-ri buruz

  • Josu Lavin

    Ez dieçola errua bota nehori. Euscaraz ez badaqui da nahi ukan ez duelacotz. Negargarria. Gentillage asco dago euscal mundutila corageric gabeco honetan.

  • Andre hoiengatik ez omen zuen euskara ikasi, baina 50garren hamarkadatik hona milaka ta milaka dira helduak izanda, euskara ikasi dutenak.
    Ez du ikasi nahi izan ez duelako.
    Ta zergatik esaten zioten baserritarrak euskarak ez zula balio? Boteretik jaio zirenetik hori sinestarazten zietelako? Espainiatik etorritakoak ez zutelako euskara ikasi behar ta beraiek gaztelania bai? Txikitan jotzen zituztelako euskara egiten bazuten? Finean autogorrotoa sustatu zitzaileako.

    Euskal errepublika nahi duela dio baina Kataluniakoa ez du garrantzirik?
    Eragin gehiago izango du gugan Katalunian gertatzen ari dana, eskoziakoa baino, baina mila aldiz gehiago.
    Hau euskal errepublikaren alde baldin badago nik hegan egiten dut.

    • jeanbastida 2017-02-03 13:16

      Tchillardeguic 50eco hamarcadan ikassi çuen euscara.

      • Hori da, ikasi zuen, honek aldiz dio saiatu zala baina ezinezkoa izan zitzaiola, ta atzeratua ez denez, ez zen asko saiatu, gutxiago kontuan izanda politikari batek dituen baliabideak.
        Ta hainbeste dakienez erran zezakeen zergatik baserritar batzuk uste zuten euskara ez zuela ezertarako balio.

  • jeanbastida 2017-02-03 13:13

    Negargarria elkarrhizqueta, negargarriac Anasagastic erranac…

    Herri ciztrin huni borz axola çaio euscara, borz axola bere historia… Burua sarthua du berce contuño miserable batzuetan. Penagarria duen maila escasa.

    Passionariari escainirico sarreran ere, berdinsu:
    https://zuzeu.eus/euskal-herria/la-pasionaria/

    Cacatza hutsa gucia.

    Herri hunec ez du mereci neholaco independenciaric. Erabat colonizatua da.

    Gueroz eta arguiago daducat nic neure bidea: naffarrera & Naffarroa Ossoa. Cernahi gosta. Hunec ez du atzeracoric.

    Herrikotabernismoari eman bieçote popatic.

  • Oier Aranzabal

    Jean Bastida,

    Edo akaso Juan Polla deitu beharko zintuzket, beste askotan hala sinatu duzulako. Tira, Pollarekin sinatu duzunetan bestelako euskara batez idatzi duzu. Dena dela, zu ere kamaleoi troll bat zara.

    Ondo legoke halako iritziak ematerako orduan aurpegia ematea. Besteok egiten dugun bezala.

    • jeanbastida 2017-02-03 13:30

      Ez daducat nehongo problemaric ene aurpeguiaren eracustecoz: Juan Luis Fernández Gutiérrez deitzen naiz ni eta Guetchon vici naiz, Mendebaldeco Naffarroan.

      Ez cenuen espero, ezta?

      Halaz ere, nahiago dut hemen Jean Bastida icenaren pean scribatzea.

      Bi potrorequin.

      Jean

    • jeanbastida 2017-02-03 13:46

      ‘Kamaleoi troll’. Ez daquit cer arraio den hori. Bo, badaquit, eguiaren erraiteco.

      “Ondo legoke halako iritziak ematerako orduan…”. Cein iritzi? Cergatic hauetan behar dira icen-deithurac eman? Berce batzuetan acaso ez?

      Erran dudana gardena da, nic uste, eta dut berresten. Niretzat iritzi normalenac dira, berce batzuendacoz, guehienendacoz, normalena berce gauça bat bada ere.

      Penagarriac Anasagastic erranac. Eta, hunez gain, euscararic ez badaqui, harc berac du erançunquiçuna.

  • Oier Aranzabal

    Animo Juan Luis Fernández Gutiérrez (a.k.a Jean Bastida, a.k.a Juan Polla)
    Segi horrela!!!

  • Garbi dago berarentzat normalizazioa Espainan jarraitzea dela.
    Ez da hemengo herriaren sujetoa beste gehiengoarena baizik: inperialismoarena.

  • Pertsona baten balioa euskaraz ikasi duen ala ez limitatzea ikuspegi motza izatea iruditzen zait.

    EAJ-ren zalea ez izanikere , Anasagasti azken hamarkaden erreferente bat dela aitortu behar da. Irakurri ezazue bere bloka, eta ohartuko zarete zenbateko garrantzia izan duen mugarri izan diren hainbat afera politikotan. Bere bloga ere Euskadiren azken ehun urteren historia ulertzeko hainbat sarrera interesgarri eta aberasgarri ditu.

    Eta batuaz ez idaztearen arrazoia zein den ulertu nahiko nuke.

    Baina beno, pertsona baten ekarpen guztia, horrelako jarrera murriztailearekin neurtzen bada, ba hori, etorkizun iluna gurea.

  • Josu Lavin

    Jean,
    Juan Luis maitea,
    Placer handiz iracurtu ditut çureac, eta ez dut haietan aurkitu gauçaric ceineçaz different pensatzen dudanic. Beraz, congratulatzen naiz çure erranez eta adieraciez. Ez dago haimberceco varietate euscaraz cein eta gure Bizcaia honetan erideiten ahal baitugu. Joan den mendean ere egonac dirade Aresti, Krutwig eta berce personage interessant ceinec haccac (hacheac) ahoscatzen baitzituzten, erran nahi baita, personageac ceinec euscarari emaiten baitzeraucoten behar duen thornua. Nacho de Felipe eta Andolin Eguzquitzac ere bacequiten haccac onsa emaiten, ceina baita phenomeno bat, hacca ahoscatzearena, cein guerthatu baita hemen Bilbondo hyper handi eta decoros manera onetaco honetan, non lotsa eta ahalquea oraino galdu ez ditugun eta haien galcerat prest ez gagocen.

    • jeanbastida 2017-02-03 19:10

      Josu karioa,

      Baldin nahi badugu euscara erabili umeequin edota çakurrequin hitz eguitea ez den berce guciracoz, orain arteinoco syntaxi batuistac ez deraucu valio.

      Phozten naiz eta alegueratzen çure hitzez, Josu. Jaquiçu, nolanahi ere, ez naicela ni osso Krutwigçale. Bon, badaquiçu dagoenecoz.

      Orobat, Bilbaon sorthu banincen ere, eta çazpi urthe nituenetic Guetchon vici banaiz ere, ez naiz ni bizcaitar, ceren Bilbaon sorthu bainincen amaren lan contu hutsendacoz. Bizcaitarrac berce batzuc dirade. Horrexegatic, nehoiz ere ez dut sentitu beharra bizcaieraren ikastecoz, euscalqui interessanta iduri baçait ere, nola berce euscalquiac ere.

      Adeitsuqui,

      Jean

  • “Euskararik ez badakit etxeko andreengatik izan zen. Gerora, udan, Aizarnazabalgo Ondalde baserrira joaten nintzen euskara ikastera, baina, euskara ikasi beharrean gaztelania irakatsi nuen. Baserritarrek gaztelaniaz hitz egiten zidaten, esaten baitzuten euskarak ez zuela ezertarako balio. 50. hamarkadaz ari naiz hitz egiten. Arantzazun ere egon nintzen… baina azkenean esaera zaharrak dioen bezala “papagai zaharrak ez du mintzatzen ikasten” eta amore eman nuen”

    Eta ez al da horretaz lotsaten gure Anasagasti jauna?

    Abertzelea omen!!

    Ikaragarria, zinez!!!

  • Josu Lavin

    extravagancia dugu, bai, naffarreraz hitz hau cein francesez eta anglesez extravagance baita. Euscaraz “extravagantzia, extrabagantzia edo estrabagantzia” ahoscatzen dugu.

  • Baserritarren ahotan jarri du Anasagastik berak eta bere alderdiak euskarari buruz pentsatzen duena. Berak, bere alderdiak, eta beste politikari abertzale askok ere bai, ezker eskuin.

  • jeanbastida 2017-02-04 20:04

    Sarrera hunetan nituen meçu batzuc eçabatu derauzquidate. Neri borz, bainan on da jaquitea.

  • Josu Lavin

    Guiçon honec euscaraz ez badaqui errua da berea, bere aitarena eta batez ere amarena. Azquen honec jaquinda ez baitzeraucon iracatsi. Fraga Iribarneren amac ere euscaraz bacequien eta Manolori ez ceraucon iracatsi. Don Manuel patriota espainola cen. Anasagasti, ordea, abertzale baskoa.

  • Amonamantangorri 2017-02-06 14:44

    “Eskuindarrak bagina, ez liguke hainbeste jendek bozkatuko”.

    Kontuan izanda EAJ izan zela Demokrazia Kristauaren eta Europako Alderdi Popoularraren kide sortzaileetako bat, harik eta Aznarismoaren presioengatik bi erakundeotatik kanporatu zuten arte… Ez da integrista, ez faxista, ez eskuin muturrekoa, ez antzekorik. Eskuineko alderdia bai, bada: zentro-eskuin, demo-liberal, demo-kristau, edo hor nonbaitekoa. Angela Merkel eta David Cameronen alderdietan Anasagasti ederki moldatuko litzateke.

    Kontua zr

  • “Baserritarrek esaten zidaten euskarak ez zuela ezertarako balio nirekin komunikatzeko”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude