Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?

Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan? –

Esther Samper medikuak eta Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktoreak idatzia, Zientzia Kaiera ataritik jasoa.

Gaur egun, munduko biztanleriaren % 50 inguru gizonezkoak dira, eta % 50 emakumezkoak (zehazki, % 50,5 gizonezkoak eta % 49,5 emakumezkoak dira). Ehuneko horiek hainbat faktoreren ondorioz alda daitezke, hala nola gerrak edo herrialde jakin batzuetan (Txinan, Pakistanen, Indian edo Vietnamen, esaterako) seme-alabak sexu jakin batekoak nahiago izatea; hala ere, nahiko egonkor mantendu ohi dira historian zehar.

Hori ikusita, pentsa genezake jaiotzean mutila edo neska izateko aukerak ere % 50ekoak direla sexu bakoitzarentzat, baina, harrigarria bada ere, ez da horrela. Gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. Herrialdea eta historiaren unea alde batera utzita (erregistro fidagarriak daudenetik), beti mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino, eta horrek agerian uzten du ez dela fenomeno kultural bat (non abortu selektiboak egiten diren sexuaren arabera), baizik eta batez ere biologikoa.

Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?
Gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. (Argazkia: bingngu93)

Beraz, faktoreren bat badago sortzetik jaio arte gertatzen dena eta gizakiengan sexuen arteko desberdintasun horren erantzulea dena. Baina, zein zehazki? Gai horrek denbora luzez demografoen, biologien, obstetren, pediatren eta estatistikoen jakin-mina piztu du. 2015ean Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu zen gai horri buruzko ikerketarik osatuenaketa zabalenak ondorio sendoak ezarri zituen horren inguruan.

Egileek fenomenoa ikertzeko honako datu hauek hartu zituzten kontuan: ugalkortasun kliniken 3 eta 6 egun bitarteko 140.000 enbrioi, plazentaren eta amniozentesiaren 900.000 lagin (ile korionikoa) eta 30 milioi abortu eta jaiotza bizien erregistroetatik lortutako datuak. Hori guztia haurdunaldi bakoitzean, ernalkuntzatik hasi eta erditzeraino, sexuen proportzioaren berri izateko.

.

Berdintasuna enbrioietan, baina mutil gehiago jaiotzen dira

Emaitzek erakutsi zuten ez dagoela alderik sexu maskulinoko eta sexu femeninoko enbrioien proportzioan, sortu eta egun batzuetara. Baieztapen hori mundu zientifikotik kanpo eta barne hedatuta dagoen sinesmen baten kontrakoa da; izan ere, uste zen ernalketaren une berean aukera gehiago zeudela sexu maskulinoko zigotoa (XY) gertatzeko, femeninoa (XX) baino.

Egia esan, ikertzaileek aurkitu zutena hauxe da: haurdunaldian, enbrioi eta fetu femeninoak ez jaiotzeko eta hiltzeko probabilitatea gizonena baino pixka bat handiagoa da. Hortaz, lehen hiruhilekotik haurdunaldia amaitu arte, enbrioi eta fetu maskulinoen proportzioak gora egiten du pixkanaka. Hala ere, bi etapa daude non gizonezkoen fetuen hilkortasuna emakumezkoena baino handiagoa den: sortzearen ondorengo lehen astea (aldaketa kromosomikoen ondorioz), eta haurdunaldiaren 28. eta 35. asteen artean.

Theodosius Dobzhansky biologoak esango lukeen moduan: «Biologian ezerk ez du zentzurik eboluzioaren argitan ez bada». Hortaz, zer zentzu ebolutibo du haurdunaldia arrisku handiagoko prozesua izateak enbrioi eta fetu femeninoentzat (abortuen ehuneko handiagoarekin) horrek jaio ondoren desproportzio nabarmena badakar mutil eta nesken maiztasunean? Nagusi den hipotesiaren arabera, hori gizakiengan orokortutako fenomeno baten ondorioa da: bizitza osoan zehar, gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa dute hainbat faktorerengatik: gaixotasunak, istripuak, drogen kontsumoa, suizidioak… Horren ondorioz, emakumeek baino bizi itxaropen txikiagoa dute.

Beraz, nahiz eta mutil gehiago jaio, denborak aurrera egin ahala, emakumeen eta gizonen proportzioa orekatu egiten da, kolektibo bakoitzarentzat ia % 50 izateraino. Hala ere, baliteke hori aldatzea krisi klimatikoaren ondorioz. Azterlan batzuen arabera, ingurumeneko tenperaturak eragin desberdina du giza enbrioien/fetuen biziraupen probabilitateetan sexu femeninokoak edo maskulinokoak badira. Tenperaturak pixkanaka gora eginez gero, baliteke jaiotzen diren mutilezkoen ehunekoa are handiagoa izatea neskena baino. Oraindik babes zientifiko ahula duen hipotesia da (beste faktore batzuk ere egon daitezke tartean), baina itsas dortoketan gertatzen denaren guztiz kontrakoa izango litzateke. Krisi klimatikoaren ondorioz, munduko leku ezberdinetan jaiotzen ari diren dortoka ia guztiak emeak dira, eta hori oso arriskutsua da haien biziraupenerako.

Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?”-ri buruz

  • Euskahaldun 2023-11-19 10:33

    “Gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa dute hainbat faktorerengatik: gaixotasunak, istripuak, drogen kontsumoa, suizidioak…” Hauen artean faktore nagusi eta erabakigarriena aipatzea ahaztu zaizu, hau da, indarkeriazko hilketak. Gizona izanik, aukera gehiago daude indarkeria sufritu edota erahila izateko emakumezkoa izanda baino. Honekin ez dut emakumeek pairatzen duten indarkeria ukatu edo gutxietsi nahi, baina estatistikak hor daude. Beste hainbat espezieetan gertatzen den bezala, lurraldetasuna eta emeekin ugaltzeko lehiak indarkeriz neurtzen dira eta hainbatetan, hil artekoak izan ere. Joera hau gizarte garatu batera igarota, gizatalde ezberdinen arteko gerrak izango ditugu. Arrazoi politiko, erlijiotsu eta ideologikoak ere izango dira, baina funtsean, gizatalde ezberdinen arteko lurraldetasun eta baliabideengatiko lehia izango da. Eta hura defendatzeko gizonezkoak bidali izan dira (derrigortuak gehienbatean) historian zehar.

  • Gizonen bizitza gutxiesten du artikuluak, gure kontrako indarkeria eta utzikeria (osasuna, segurtasuma…) nahita ezkutatuz. Gobernuek badakite arrisku gehiago pairatzen dugula gizon izate hutsagatik, noiz izango ditugu politika selektiboak gure ongizatearen alde?

  • errota mendi 2023-11-20 09:45

    Euskal Herrian eta gainontzeko herrialde garatuetan emakume gehiago dago gizonak baino, nahiz eta gizon gehiago jaio. Zergatik? Gizonek bizitza-itxaropen gutxiago dutelako.

    Goiko iruzkingileek esan bezala, indarkeria, gaixotasun, muturreko pobrezia… gehiago sufritzen dute. Baina hau esatea ez da politikoki zuzena eta are gehiago medio ezkertiarretan.

  • Haurrak ez dira mutil edo neska jaiotzen, sexua arbitrarioki ezartzen zaie. Kromosometan oinarrituta horrelako sailkapena egitea biolentzia da.
    Ez dakit gaur egungo legearen arabera horrelako ikerketak egitea eta artikuluak idaztea legezkoa den ala ez, baina bide honetatik, laister izango da legez kanpokoa.

  • Mikel Haranburu 2023-12-02 10:43

    Ez, jakina. Haurrak ume edo haur jaiotzen dira, “batzuak arrak eta besteak emiak”. Gerokoak gero,..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude