La peur sert elle-mesme de coureur. Beldurra bera zaldi?

La peur sert elle-mesme de coureur. Beldurra bera zaldi? –

La peur sert elle-mesme de coureur

La peur sert elle-mesme de coureur. Beldurra bera zaldi?Frantsesezko antzinako esaera zaharrak edo atsotitzak, labur-labur, zera-edo eman nahiko luke aditzera: beldurrak, zerbaiti diokegun beldurrak, bultzatzen, mugiarazten gaitu, abian, edo lasterka, jartzen gaitu. “El miedo vale como mensajero” ere esan ohi da espainolez; izanez ere, “coureur” mezularitzat uler dezakegu, edota espainolezko “correveidile”.

Esaera zahar delako honek berekin dakarrena psikologiatik, psikiatriatik, biologiatik frogatu eta aitortu da, aspaldi dela. Animaliek, bere espeziearen arabera, zeinek bere moldearen arabera, baina den-denek dituzte beldurrerako beren mekanismo fisiologiko-kognitiboak. Ingurunera egokitzeko, bizirauteko, euren burua babesteko… eboluzioak luzatutako ezinbesteko baliabideak dira beldur-sortzaile diren mekanismo hauek. Egokitzapenerako beldur-mekanismo hauek are finduagotuak dira gizakien artean, are eta gero eta denetarikoagoak ere, kulturaren ibilbide historikoan aurrera goazen heinean. Izanez ere, gizakien artean, kultura espezie-ezaugarrietan ezaugarri dugun aldetik, kulturaren eraikuntza eta honen garapena gero eta finagoak, konplexuagoak eta zehatzagoak diren mekanismoak sortuz joan dira. Asko eta luze ikertu eta hitz egin da jada honen gainean, gai are klasiko ere bihurtzeraino; horren adierazgarri txiki-edo, hor dugu, besteak beste, jada ezinago klasiko dugun Erich Formmen Askatasunetik iheska liburua, non ondo ere ondo salatu zuen, jada bere garaian, beldurpeko gizarte autoritariora itzultzen ari zirela.

Euskarak, euskararen munduak, ere ez dio bizkarra eman konbikzio-egiaztapen honi, sikiera aitzat hartzen badugu La peur sert elle-mesme de coureur frantsesezko esapideari Oihernartek kontu egin beharrean sentitu zuela bere burua, eta bere Atsotizac eta refraüak liburuan bildutako esaeren artean hau ere duela jasoa, 86. zenbakikoan, eta “beldurra bera zaldi”-tzat euskarara ekarria. Gerora, obra honen gainean Patxi Altunak eta Jose Antonio Mujikak paratutako iruzkinen liburuan honako azalpen-lerro hauek luzatzen dizkigute: “beldurrak berak bere buruaren zaldi gisa jokatzen duela esan nahi du atsotitz honek, hau da, beldurrak berak eragiten duela beldur hori gero eta handiagoa izatea, beste inork edo zerek akuilatu gabe”. Mamitsua eta esanahitsua dugu gero esapidea, hainbesteraino, ezen, honen gainean, edo ideia honexek hizpidera ekarritakoaz, Bixente Serrano Izko, “beldurra bera zaldi” esaera bera izenburu hartuta, liburu bat ateratzera ere bultzatuko baitzuen. Serrano Izkoren liburuak esaerarena hartzen du oinarri-abiapuntua, ez baina hor gelditzeko, harago joateko, eta proposamen polit bat luzatzeko; hain gurea den beldurrak sortzen duen ihes egiteko senetik abiatzeko proposatzen digu, hori proposatzen digu libre izate aldera; beldurra askatasunaren pizgarritzat jotzen duen ikusmolde berri bat luzatzen digu liburuan.

Orain, berriz ere gorago aipatutakora bueltatuko naiz. Gizakiek biologikoki, neurologikoki, beldurra izatea dute ezinbestea. Zama eta estugarri dirudien eta berez den horri esker, iraun dezakete bizirik. Neurologiak gero eta aurrerapen gehiago egin ditu beldurrarekiko garun-mekanismoen ikerketan. Burmuinaren zer gunek hartzen duten parte, zein euren artean zer nolako kausa-efektuen segidan, inoizkorik argien du neurozientziak. Txitxirio modukoa den “amigdala” da beldurraren kudeaketan gunerik nagusia. Hori da beldur-izuaren eragilera, hori da, arrisku egoera baten aurrean, izuaren erantzuna abiarazten dutena; horren ondotik etorriko dira gero gorputzaren zati guztiak “alerta-erne” jartze alderako aldaketa somatiko guztietarako erantzuna: odol-zirkulazioan adrenalina eta kortisola zein beste zenbait hormona jariatuz, eta horren ondorioz, gihar tonizitatea zeharo aldatuaz, arnasketa arinduaz…

Dena dela, eta gure biziraupenerako hau guztiau erabat ezinbestekoa dugunik ezin ukatuta ere, badakigu mekanismo organiko-fisiologiko honek beronek gure kontra ere egin dezakeela, ondo egin ere. Badakigu gizakiak, espezie gisa, bere ehiztari garaiko unean uneko arriskuetarako daukala propio garatua nerbio-sistema molde hau, eta ez gure gizarte garaikideko etenik gabeko estrespean bizitzeko. Badirudi “bat ez etortze” handi samarra dagoela gure giza-fisiologia eta gure kulturak ekarritako bizimoduaren artean. Horren ondorio zuzenaz, antsietate-nahasmendu gero eta ohikoago eta ugariagoak ditugu, okerrenean, kroniko ere bilaka daitezkeenak; edota, horietaraino ailegatu eta ailegatu gabe, antsiolitiko, lo egiteko ez dakit zenbait pilula mota, zein bizitza funtzional samarra eraman ahal izateko alehunka denetariko psikofarmakoen kontsumoak gora eta gora egitea.

Kontuak horrela ere, ez dugu zertan horren urrun joan; beldurrak bizi gaitu gure gizartean, bizi gaitu alde-alde den-denok, berau klinikoki diagnostikokoa ez bada ere, egunerokoan eta egunerokoarekikoan bizi gaitu esna eta lo, baina, oroz gain, existentzialki bizi gaitu, existentzialki, zahartuz joatea zinez gero eta ezin eramanezkoago egiten zaigunean, existentzialki, heriotzari bizkar emanda bizi garen kulturkideak garen aldetik, existentzialki, bizitza guztiz ganoragabe eramaten espezialdu garen aldetik…

Bizi gaituen patu honentzat, ez antidoto, ez soluzio errazik. “Batzuetan ilunpean nindoan, bestetzuetan aldiz, argirik gabe, baina beldurrik gabe sekulan ez”, hori zioen Sancho Panzak kobazulo batean sartuta sentitzen zuena deskribatzeko (Kijote II, 55). Zer esango guk? Kobazulo dugu-eta bilakarazita gure bizimodua!, oso-osorik eta atergabe. Antidoto edo txerto errazik ez, ezin uka, baina kosta ahala kosta, zerbait aurkitu beharrean gaude, bizitza zinez bizigarri lor litekeelako itxaropenik galduko ez badugu. Gurutzeko San Joanek bazekien, ondo ere ondo jakin, hor zetzala bizitza bere betean bizi ahal izateko gakoa. Bizitza-beldurra erauzi edo ez, horren arabera ere aske bizi edo zamapean bizi ahal izango gara, ondo zekien Gurutzeko San Joanek. “Ez diet basapiztiei beldurrik izango” zioen bere olerkietariko batzuetan, beldurra jada erauzitako bizitza-suertearen berri emate aldera. “Ez diet basapiztiei beldurrik izango”, nola egiten da hori baina?. Bere ikusian, barne pentsamenduekin dago hertsiki loturik basapiztien irudia. Hortik segitzen da hain justu gure oroimena arazteko, garbitzeko, bere dei eta aholkua; eta hori ez ezik, baita gure barne etxea den hori hezte alderako aholkua ere: “arimak gauza batean pentsatzen hasten den bakoitzean, eraldatu eta aztoratua gelditzen da” (Karmelo mendira igoera; 3:5-2). Emozioak zaintze alderako deian aitzindari geneukake espiritualtasun San Joandarra, deigarriki. Pentsamenduen dardara edo konbultsio geologikoak deitu zien emozioei Proustek askoz geroago.

Zeinen polita eta ederra izango litzatekeen benetan geure bizitza, gehienera jota, hankako mina baino izaterik ez bagenu! Baina ez da horrela, urrik eman ere. Gure pentsamenduei behar bezalako uhalik ez jarri izanagatiko pairamenaz bizi behar dugu. Beldurrak beldurrak ditu elikagai eta behin gurpil zoro horretan sartuta, ezin erraz eskapo egin. Zer-nola egin ihes bizi gaituen gurpil ezin gelduzko horretatik? Nola lortu? Gurpiletik kanpo beharko izan derrigor. Agian iturri berberetan daude beldurra zein horren antidoto guztizkoa den konfiantza. Iturri berberetan, baina beraietara bestelako ontziekin joanez beti ere. Geure buruen gaineko aurrejuzku gupidagabeei kontu egin beharrean, onetsiak izango ez ote garen beldurrez bizi beharrean, edo txarrenean, besteen herra eta gorrotoa baino ez dugula jasoko pentsatu beharrean…horrelatsuko espektatibez eta betaurrekoez besteei, lagun hurkoari, begiratu beharrean, jo dezagun horiengana beraiengana, baina amodioaren betaurrekoez beraiei begiratzeko prest honako honetan, berak maitatzeko prest, eta gerok maitatuak izan gaitezen geure bihotz zola zabalduaz. Maitasunean dago gakoa, letra larrizko Maitasunean. Eta, azkenerako, Maitasunera, bere orokorrean, geure burua emateko prest egotean dago gakoa, eta maitasunetik, bere orokorrean, bizitzaren besarkada sentitzean dago gakoa; maitasunezko oinarri horietatik ernatuko da inoiz galdu behar izan ez genuen konfiantza.

La peur sert elle-mesme de coureur. Beldurra bera zaldi?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude