Telefonoko konpainiek egunak kontatuak al dituzte?

Gaurkoan azken aste hauetan izan dudan gogoeta bat helarazi nahi dizuet. Nire ustez, ez da gehiegikeria erratea mugikorren mundua iraultza bizitzen ari dela Smartphone delakoekin. Smartphone batek telefono arrunt batek dituen aukeraz gain, interneta ere badauka, baina batez ere gisa guztietako aplikazioak, ordenagailuan dituzun dokumentuak konpartitzeko aukera, kirola egiten ari zarela estatistikak biltzeko aukera, gasolina merkeena non aurkituko duzun jakiteko aukera, eta horrelako milaka. Hori zehazten dut aplikazio bat zer den oso argia delako batzuentzat, baina beste batzuentzat ia-ia edo guztiz ezezaguna delako.

Komunikazioan garrantzia handia duten heinean, duela hilabete batzuk mundu horretan sartzea erabaki nuen, eta Smartphone dezente bat bilatzen hasi nintzen. Baina hor arazo batekin topo egin nuen. Nik ez nekien ezer salbu lagun batzuk emandako aholku batzuk, eta saltzaileek ez zekiten komunikatzen. Konpainia bakar batean ere ez dut aurkitu nire “hizkuntza” hitz egiten zuen saltzaile bat. Edo erakusten nien telefono guztiak onak ziren, edo “OS 2.1, OS 1,5” hasten zitzaizkidan. Bakar batek ez dit galdetu zertarako nuen, edo horrekin hori egin dezakezu edo beste hori. Azkenean saltzaile jatorrenari erosi nion konfiantza osoz, baina hortik hilabetera ohartu naiz erosi nuena ez zuela gauza askotarako balio, ez behintzat nik nahi nuenarentzat.

Esperientzia horretatik ondorioak ateratzean, nire baitan nion: “Baina nolatan ez dira gai komunikazioaren oinarria den parekoaren hizkuntzara egokitzeko? Zergatik ez dituzte aplikazio horien alde onak nabarmentzen eroslearengana iristeko?”. Gainera geroztik ohartu naiz Smartphone dituzten jende askok erabiltzen dituela telefono arrunt batzuk bezala, eta noizbehinka, parrandako eztabaida mamitsu horietan defenditzen ari direnaren egiaztapena bilatzeko Google-en, alegia ez dutela esku artean duten tresnaren %80aren gaitasuna erabiltzen.

Horretaz gogoetatzean, ordea, konturatu naiz aplikazio batzuk negozioa kentzen ahal diela konpainiei. Deia egiten duenak eta hartzen duenak Skype bezalako aplikazioak baldin badituzte, ez dute ordaindu beharrik. Whatsapp aplikazioarekin gauza bera gertatzen da, baina SMSekin. Gisa horretako aplikazioak nagusituko balira gizartean ez genuke dei edo mezu horiek ordaindu beharrik izanen. Ez dakit baina, agian hori izan daiteke konpainiek Smartphonen aplikazioen alde egiteko gogo eskasaren arrazoia. Hala ere onartu behar dut, aste hauetan ikusi ditudala konpainia batzuen iragarkiak aplikazioak aipatzen dituztenak, baina beti modu nahiko nahasian, alegia  “frikia” ez den batengana iristeko aukera gutxirekin

Gaia ez dut kontrolatzen eta agian hori ez da horrela, edo ondorioak azkarregi atera ditut, baina… Erranen didazue…

GAUZA AGERIA