Sozialki saretua, sozialki harrapatua

Sozialki saretua, sozialki harrapatua –

Gaur egun, ohituta gaude sare sozialekin uneoro aritzen. Egia esanda, tresna oso baliogarria iruditzen zait beste pertsonei nahi duzun mezua helarazteko. Izan ere, ia guztiok sare sozialen munduan ibili izan gara noizbait, txiokatzen pil-pilean egon diren gaiei buruz, Instagramen bizitako momentu bat partekatzen, Tiktok-eko bideo baten “meme”ekin barre batzuk botatzen edo pandemiaren egoerarekin jende berria ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duen Tinder izeneko sarean.

Hauen erabilera bizitzako hainbat gauzetarako oso erabilgarria da. Haien morroi bihurtzen zaren momentu-arte. Egun, asko dira sare sozialekiko menpekotasun handia daukatenak, haien bizitza, bizimodua edo gorputz idiliko erakustearen beharra dutenak, “gustuko dut” asko izateak bere egoera animikoak aldatzen dietenak, eta autoestimua ere bai. Hau bai, lehenengo munduko XXI. mendeko gaixotasuna. 

Sozialki saretua, sozialki harrapatua
Argazkiaren iturria: abriendonuestrointerior.blogspot.com

Gainera, sare hauek sortu dituzten enpresak guk emandako datuez elikatzen dira. Gure datuak omen dira euren irabazia, euren negozioa. Beraz, honek gogoeta egitera narama: guk erabiltzen ditugu sare sozialak edo eurek erabiltzen gaituzte? Guk kontsumitzen ditugu edo eurek kontsumitzen gaituzte? Erabiltzaileok ehuntzen dugu sarea, baina sareak berak geu harrapatzen gaitu.

Zenbat lanketa falta, zenbat heziketa gabezia. Gure gorputzak, bizitzak eta egoerak maitatzen edo errespetatzen ikasi beharko genuke, eta hau, ez digute eskoletan irakasten. Baina burutik sano egoteko modu bakarra da. Gu geu maitatzea. Gu geu errespetatzea. Gu geu onartzea. 

Momentu guztietan bizitza plazaratzea da gaur egungo moda, zer bazkaltzen dugun, zer arropa jantzi dugun, non gauden, norekin, nola. Bakarrik onak edo politak diren gauzak erakusten ditugu oro har, besteei inbidia sortu ahal dituztenak. Horretaz ere baliatzen gara gure autoestimua hobetzeko, besteongan sortzen dugun inbidiaz. Besteekiko hierarkia bat osatuz. Ordea, bizitzak gauza txar asko ditu, sentimendu eta bizipen latzak izaten ditugu eta horiek tabu bilakatu dira. 

Egia da hobezintasun errealitate faltsu hauen kontra dauden profilen bat sareetan ezagutzen ditudala; sentimenduak diren moduan adierazten dituztenak, haien gorputzak inperfekzioekin erakusten dituztenak, pelikuletako bizipenak ez dituztenak, etab. Hala ere, iruditzen zait, orokorrean hauek ere “gustuko dut”-en menpe daudela, orduan ez dakit aldarrikapen bat beharrean poltsa berdinean sartu beharko nituzkeen. Sozialki hezituta gaude modu batean zeinetan besteon adiera behar dugun ondo sentitzeko, modu batean ala bestean, momentu askotan atseginak garela sentitu behar gara pozik edo burutuak sumatzeko.

Argi ateratzen dudan bakarra droga baten moduan, behar izatearen sentsazio sortzen dutela sare sozialek, eta bai, askotan planteatu arren, hauetan nire bizitza partekatzen dut. Sare sozialen morroia naiz, hauen ohiko kontsumitzailea, drogazale hutsa.

Sozialki saretua, sozialki harrapatua

Nire aititek zioen bezala: "Egungo borroka biharko askatasuna"

3 pentsamendu “Sozialki saretua, sozialki harrapatua”-ri buruz

  • Ados esandakoarekin. Baina Maialen, ez duzu uste horren kontra doan jendea dagoela? Ez dut uste olatu berdinean gaudela guztiok.
    Animo! Zure idazkera oso ona da, zuzen-zuzena!

  • Ados esandakoarekin. Baina Maialen, ez duzu uste horren kontra doan jendea dagoela? Ez dut uste guztiok olatu horreran daudenik. Animo! Zure idazkera zuzen-zuzena da!

  • Eskerrik asko, pozten naiz gustatu izanaz! Ba bai, ez ditut poltsa berdinean sartuko den-denak. Horregatik orokorrean edo gehienetan bezalakoa hitzak erabiltzen ditut.