Interneta bikotekidea topatzeko lehen aukera EEBBtan

Interneta bikotekidea topatzeko lehen aukera EEBBtan –

Kaixomaitia.eus | Aratz Begiristain

Internet 1969. urtean jaio zen konputagailu ezberdinen sare gisa, eta horren ondorengoek mundu mailan izugarrizko garapena ekarri bazuten ere, azken bi hamarkadak izan dira gizartearen jokamolderako esanguratsuenak. Sareari esker, mundu osoko informazio, zerbitzu eta pertsonetara konexioa dugu, eta hori, arduraz erabiltzen bada, abantaila izugarria da.

Esnatzen garenetik lo hartzen dugun arte, sarera (Internet) ia etengabean konektatuta bizi gara: mugikorrak esnatzen gaitu, gosaldu bitartean mezuak edo albisteak begiratzen ditugu, laneko eginbehar askorako sarea erabiltzen dugu, lagunekin edo familiarekin sareko aplikazioen bidez komunikatzen gara, aisialdirako erabiltzen dugu, eta horrela, zerrenda amaigabea osatu arte.

Horretaz gain, pertsonen arteko harremanetarako aplikazioak puri-purian daude: Facebook, Instagram, Tinder, Skype, … eta egunetik egunera, gure arteko sare sozialak gailu teknologikoen bidez sortu eta mantentzeko joera gorakorra da. Erraztasun ugari eskaintzen ditu, gure etxeko sofan eserita gauden bitartean nahi adina lagunekin hitz egin dezakegulako, edota nahi adina pertsona berri ezagutzen saiatu gaitezkeelako, ohiko sare sozialak erabiliz edota espresuki ligatzeko aplikazioetan izena emanda.

Horren adierazle, Standford Unibertsitateak argitaratu berri duen ikerketa da: Ameriketako Estatu Batuetako pertsona heterosexualek, azken urteetan ligatzeko moduetan izan duten bilakaera.

Interneta bikotekidea topatzeko lehen aukera EEBBtan

Emaitzen grafikoak adierazten duen bezala, Internet da pertsona berriak ezagutzeko gehien erabiltzen den baliabidea (%40), eta bere hazkundeak, noski, sare sozialek izan duten hazkundearekin erabateko lotura du.

Interneta bikotekidea topatzeko lehen aukera EEBBtan

Ikerketa honen berri lehenengoz 2016ean izan genuen, orduan “online datinga” bikotekidea topatzeko 3. bide nagusia zen eta jadanik orduan antzematen zen lehehnegoa bilakatzeko bidean zel. Hona hemen 2016an idatzi genuen blogeko sarrera ikerketaren harira

Ikerketaren lagina oso mugatua den arren, urte gutxian Euskal Herrian izan dezakegun ligatzeko joeraren ispilua dela aurreratu daiteke. Duela urte gutxi batzuk internet bidez ligatzen zuten pertsonak asko ez baziren ere, gaur egun arlo horretan izan den zabalkunde eta normalizazioa handia da. Gainera sare sozialak modu kontzientean ulertuta, hau da, aurrez-aurrekoaren bitarteko pauso gisa, aukera asko eman diezazkiguke, denbora gutxian pertsona ezberdin ugari ezagutu dezakegulako; bestalde, aurrez-aurrekoaren ordezkapen gisa ulertzen baditugu, litekeena da pertsona berriak ezagutzeko joera sareko fantasian soilik geratzea eta aurrez-aurreko pausoa ez ematea.

Bestalde, emaitzak bere osotasunean aztertzen badira, esan daiteke ikerketako laginaren arabera, %60ak aurrez-aurreko bestelako moduak erabiltzen dituela pertsona berriak ezagutu ahal izateko. Ondorioz, AEBko bezalako gizarte aurreratuetan, gailu teknologikoak gailentzen diren horietan, oraindik ere lehenengo pauso gisa aurrez-aurrekoa dela ikus daiteke.

Gurera ekarrita, Unai Gorrotxategik [@ishikawa_ ] ikerketa honek Euskal Herrian ze emaitza lekarken egiten zuen gogoeta txio honen bidez:

Kaixomaitia.eus antzeko ikerketarik egin genuen 2016ko martxoan “Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa” deitu geniona. Ikerketa honetan atal bereiztua eskaini genion internet bidezko harremanei. Esteka honetan dituzue emaitzak.

Jakina da gizarte indibidualista eta kontsumista handi batean bizi garela, eta sare sozialen bidezko harremanek batez ere indibidualismoa areagotu dezaketela. Horregatik sare sozialak modu kontziente batean erabiltzea gomendagarria da, indibidualismoa areagotu beharrean, horri aurre egiteko tresna gisa erabil dadin. Gure benetako sare sozialak handitzea eta ditugunak mantendu eta sendotzea etorkizun hurbileko errealitatea izan dadila.

Interneta bikotekidea topatzeko lehen aukera EEBBtan