Bidegi XXI. mendean

Errepideak bi bider ordaintzen ditugula kontu jakina da. Alde batetik, errepideak egiteko, geure zergak erabiltzen dituzte, eta, gero, berriz ordaindu behar izaten dugu, errepideetan perretxikoen modura jarritako ordainlekuetan. Halako pasabideak jartzen dituzte ordainlekuotan, zaldi lasterketetako pasabideen modukoak. Gidariok, nahitaez, pasabide horietatik sartu, eta mezetan bezala, ordaindu behar izaten dugu. Legea da: bai ala bai. Errepideak modernizatuz geroztik, pasabideak bereiztu egin ditzurte. Batzuetan, tradiziozko ordainketa egiten da, metalarekin, txin-txin. Beste pasabideetan, TAG delakoarekin edo txartelarekin ordaindu daiteke soilik. Han ez dago azalpenik emateko gizasemerik. Pasabidean sartu, makinekin konpondu, eta ospa. Arazoa, ordea, makinek huts egitean suertatzen dira. Gizasemerik ez dagoenez, autoa pasabidetik atera beste erremediorik ez da gelditzen, baina, hara non, autoaren atzean beste bat, edo beste bi, edo beste hiru izaten diren: nolako arazoak! 

Kontua hutsala litzateke, ez balitz nahasketa eta zalaparta horiek etengabeak izaten direlako. Berdin dio zein ordutan, berdin dio zein auto marka, berdin dio zein bidaiari, berdin dio eguzki ala euri: beti dago autoren bat pasabidetik irteteko ahalegin desesperatuan, beste gidarien klaxonek izututa, haserre orokorrari ahalik eta aurpegi gozoena jartzeko esfortzuak eginez, eta beti dago, ondorioz, atzerantz doan autoari lekua uzteko ahalegin desesperatuak egiten dituen beste gidariren bat, eta, ondorioz, bigarren auto hari lekua uzteko borondatetsu agertu nahi duen hirugarren gidari bat… Irudi bitxia da. Sartu da autoa pasabidean. ‘Alea jacta est’: irakurriko ote du TAG irakurgailuak TAGa? Kreditu txartela egokia ote da? Ez erantzun publizitatearen aurretik!

Halako eragozpen teknikoak ugariak badira, are ugariagoak dira hutsik dagoen kabinari begira geratzen zaizkion gidariak. Ez dute ulertzen inor ez egotea azalpenak emateko, laguntzeko. Pasabidea oztopatzen geratzen dira orduan, norbait etorriko zain. Norbait hori heltzean, Bidegiko langile bat noski, errietatxoa egiten dio gidariari, “argi eta garbi” azaltzen baita pasabide hori ez dela txanponekin ordaintzeko, TAGaz edo txartelaz ordaintzeko baino. Pasabide humanizatu gabea dela, alegia. Hots: arazoa ez da gaizki seinalizatuta dagoela, gidariak (atzerritarrak batik bat) ergelak direla baino. Ergelak, lapurrak, terroristak… atzerritar horiek!

Badira bizpairu urte zain nagoela noiz jarriko duten beste argibiderik, noiz aldatuko dituzten seinalizazioak, agerikoa eta enpirikoki egiaztagarria baita gidariak ez diela aklaratzen; eta hara, non, gure agintariek pieza mugitzeko deliberoa hartu duten: baditugu informazio panel berriak! Ikus itzazue argazkian, zein eder, zein gipuzkoar, zein herrialde lehiakorra eta teknologizatua garen. Amaitu dira arazoak, jaun andreok, Marokora bidean autoa goitik behera betea daramaten arabiarrak ere aklaratuko dira, aurrerantzean, Bidegik herritarrontzat jarri dituen seinale berriekin. Zorionak!

aldundia, errepideak
Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK

Zer duzu buruan “Bidegi XXI. mendean”-ri buruz

  • Berdin berdin da Lander, hamar mila aldiz esan diet, egunero pasatzen bait naiz A8-atik, zein gaizki seinalizatuta dagoen dena eta ikusten duzu. Negargarria da benetan. Noiz baiten idatzi izan diet eta erantzun ere ez dute egiten.

    Twitter-en ere 3 kontu edo irekita dituzte baina ez dituzte erabiltzen.

    Gure diru publikoa nora ote doa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude