Beste 10 uste, askotan entzun arren EZ sinestekoak

Beste 10 uste, askotan entzun arren EZ sinestekoakInternet baino toki aproposagorik ez da gezurrak zabaldu eta behin eta berriro errepikatzearen poderioz, hauek egia bihurtzeko. Baina Internet da sinismen faltsuak gezurtatzeko eta ezeztatzeko tokirik egokiena ere. Horixe da Snopes atariak ingelesez egiten duena 1995a geroztik.

Guk okerrak zuzentzen lagunduko diegu, euskaraz. Pasa den astean gorputzari buruzkoak ekarri genizkizuen eta, jarraian beste hamar sinesmen faltsuko zerrenda osatu dugu, asko oso hedatuak direnez gero, jada barneratuak ditugunak.

 

Sinesmen faltsuak

1.- Txinatar guztiek batera salto eginez gero, Lurrak dar-dar egingo luke. Daniel Closa i Autet-ek “100 mitos de la ciencia” liburuan jasotzen duenez,  “Lur azalean garen biztanle guztiok baino  hamar bilioi aldiz gehiago pisatzen du planetak”, eta beraz, nekez eragingo lukete Lurraren errotazioan txinatarrek, jauzia ondo sinkronizatuta ere; “euli bat kamioitzar baten gainean pausatzea bezalakoa litzateke”.

 

2.- Ez da sekula sonanbulo bat esnatu behar. Horrela eginez gero, seguruenera nahastuta eta gaitziturik esnatuko da; gutxi gorabehera besteok lo sakonetik esnatzen gaituztenean legez. Baina desatsegina izan arren, ez dago bihotzekoak jotzeko ez bestelako arriskurik, eta balego, gomendagarria litzateke esnatzea, ea ez den estropezu eginda hankaz gora erortzen! Alta, komenigarriena sonanbulora berriro ohera laguntzea da, esnatu behar izanik gabe.

 

3.- Lurrera erori den janak bost segundo behar ditu kutsatzeko. Zenbat eta denbora gutxiago egin lurraren kontra, orduan eta bakterio gutxiago izango ditu txokolateak, dio Scientific American-ek. Eta janaren kutsatzean zerikusia du, jakina, zoru motak -egurra ei da okerrena- eta bestek ere; jakia hezea den… Baina segundo bat zein hamabost segundo, ukitzen duen gainazala kutsatua badago, jana ere kutsatuko da.

 

4.- Txertoek autismoa eragin dezakete. Ez da txantxetan ibiltzeko kontua. Andrew Wakefield doktoreak txerto hirukoitza (elgorri, errubeola eta hazizurriaren kontrakoa) autismoarekin lotu zuen The Lancet aldizkarian 1998an; hortik sinesmena. Itxura denez, datuak faltsutu zituen, 1,3 milioi haurrekin geroago egin zen ikerketa batek argitu zuenez.

 

5.- Egiaren gazura edo sueroa badabil. Egia da tiopentato sodiko-ak, besteak beste alkoholak bezala, desinhibitzeko balio duela, sugestionagarriago egiten gaituela. Baina hortik egia esatera… bada tartea. Ez ei du apenas eraginik aurretik ere ezer kontatu gura ez duenarekin erabilita. Ez sinistu zineman ikusten duzun guztia; gazurra erabili arren, ez da egia.

 

6.- Isilgailuarekin tiro eginez gero txistu bat baino ez da entzuten. Armaren araberakoa da kontua, baina tiroa entzun entzungo da, apalago bada ere. Beraz, isilgailua ez da sikarioaren lagunik onena; zineman horrela ematen duen arren. Akziozko filmak fikzioa dira, lagun.

 

7.- Kontuz, ez egin txiza piszinan, osagai kimiko bati esker ura gorritu egingo da-eta. Snopes-ek dioenez, 1958an jada bolo-boloka zebilen kalean sinesmen faltsu hau; ez baita oraino txizan baino eragiten ez duen osagai kimikorik aurkitu. Gunitec piszina saltzaileen blog-ean, Marcos Gisbert-ek aitortzen du ditxosozko likidoagatik galdetu izan diela hornitzaileei; ez ei du inork saltzen. Beraz, lasai egon, txiza eginez gero ez da ura gorrituko eta. Baina ez egin, faborez!

 

8 Ura argi-indar eroalea da. Egia esan, ur garbia isolatzaile ona da, baina izaten duen ezpurutasun eta zikinkeriak dira eroaleak, gatzak esaterako. Eta normalean ura ez denez aratza izaten, tentuz ibiltzea da hoberena. 

 

9 Hobe argi fluoreszenteak piztuta ixtea, aurrezteko. Egia da energia kontsumo handiagoa dutela piztuak izatean (piztu eta itzaltzeak argien bizitza laburtzen du), baina ez denboraz piztuta mantentzeak beste; ez da aurrezten.

 

10 Txikle bat irentziz gero, zazpi urtez duzu gorputz barruan. Umeei sarri horrelakoak esaten zaizkien arren, ez da egia; txikleak ez dira tripa barruan hesteei itsatsita gelditzen, ez. Snopes-ek dioenez, bidean “aldaketa handirik izan gabe kanporatzen” dira. 

Beste 10 uste, askotan entzun arren EZ sinestekoak

hamar, Sinesmen faltsuak, usteak, zientzia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude