Sorgin Kosmikoaren auto kuttuna

Datorren urriaren 4an 45 urte beteko dira Janis Joplin hil zela, berrogeita bost! Kantari basak 27 urte zituen eta bost baino ez zituen behar izan mundu mailako rock legenda bilakatzeko, estatubatuetako kontrakulturaren izar.
Joplin Los Angeles hirian hil zen, bera zendu ondoren argitaratu zen “Pearl” -kantariaren lanik estimatu eta ezagunena- Sunset Sound estudioetan grabatzen ari zela.

Sorgin Kosmikoaren auto kuttunaGrabaketetara agertu ez eta bila joan zitzaizkionean, bere gelan gorpu aurkitu zuten Joplin; zaldi gaindosiz hila, antza -nahiz eta orratzak ez diren inoiz aurkitu izan-. Hotel atarian zen bere Porschea, hara eta hona erabiltzen zuena eta irakurri berri dugunez, aurki enkantean jarriko dutena.

Janis Joplinen autoa Porsche 356C 1600 Cabriolet-a zen, 1965ekoa, jatorriz zuria eta artistaren aginduz kolore anitzez margotua, garai psikodelikoei egokitzen zitzaien moldean, eguzkiz, ortzadarrez, izarrez eta bestez.

Bolidoa Cleveland-eko Rock&Roll-aren pasealekuan izan ei da ikusgai azken hogei urteotan, harik eta Sorgin Kosmikoaren familiak salgai jartzea deliberatu duen arte. Enkanteko arduradunen esanetan, 350.000 euro ingurutan saldu nahi dute.

 

Pearl

Sorgin Kosmikoaren auto kuttunaAzalean Barry Feinstein-en argazki ezaguna daraman “Pearl” Janis Joplin-ek bere izenarekin plazaratutako bigarren lana zuen, Full Tilt Boogie Band-ekin batera egin zuen bakarra -guztira lau baino ez zituen grabatu; bere diskoetxeak gerora makina bat bilduma eta zuzeneko plazaratu baditu ere-. The Doors-ekin lan egiten zuen Paul Rothchild-ek ekoiztu zuen eta Columbiak argitaratu, artista hil eta urte betera; sekulako arrakasta erdietsi zuen.

Joplin-en kantarik esanguratsuenetakoa den “Me and Bobby McGee” gordetzen du diskoak, Kris Kristofferson-ek ondua; antza zerrendetako lehen tokian paratu kantu bakarra. Ez da hau baina guk gaur nabarmendu gura duguna, lp-an honen segidan datorrena baino.

Biniloaren B aldeko hirugarren kantua rock izarrak hil baino lehen grabatu zuen azken kantua da, diskoetxeak a capella plazaratu zuena -elizako otoitza ematen du-, Joplin bera omentzeko asmoz. Michael McClure eta Bob Neuwirth poetekin batera idatzi zituen hitzetan -askok egin dio bertsioa, Taj Mahal, Elton John…- Jaunari kolorezko telebista bat eta… Mercedes-Benz autoa erosteko dirua eskatzen dio Joplinek, bere lagunek Porsche-ak dituztela eta, haien `mailan´ egoteko.

Kontsumismoa arbuiatu edo honen kritika gisa ulertu izan da “Mercedes-Benz” kantua. Eta Joplin familiak Janis zenaren Porschea enkantean jarriko duenaren berria irakurtzerakoan, berarekin akordatu gara.

Hemen duzue, ea irudietan zerbait ezaguna egiten zaizuen:

Sorgin Kosmikoaren auto kuttuna

"Mercedes-Benz", "Pearl", autoak, enkantea, Janis Joplin, musika, Porsche, Rock

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude