Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak

Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak –

Dagoeneko egiaztatu da atmosferako CO2 kontzentrazioa emendatzeak Lurreko bizitzan eragin handia duela eta, besteak beste, aurtengo Fisikako Nobel saria irabazteko haina garrantzia eman zaio ikerketa-lerro horri. Lurreko izaki bizidun askoren prozesu biologikoetan eragiten du gas honen kontzentrazioa igotzeak, baina bada bereziki CO2-arekin erlazio oso estua duen erreinu bat: Landareen erreinua.

Landareek CO2 gasarekiko menpekotasun handia dute, haren kontzentrazioaren baitan baitago haien fotosintesi-tasa eta ondorioz, hazkuntza, nutrizio-balioa eta baita biziraupena ere. Pentsatu izan da, landareek fotosintesia aurrera eramateko airetik CO2 gasa hartzen dutenez, atmosferan CO2 kontzentrazioa handiagotzeak eragin positiboa izango lukeela haien fotosintesi tasan eta, ondorioz, landareen garapen eta ekoizpenean. Errealitatea, ordea, ez da hain sinplea.

Frogatu ahal izan denez, landareen barneko prozesu biologikoak hori baino dibertsoagoak eta konplexuagoak dira eta, ikusi da, besteak beste, aireko CO2kontzentrazioak, maila batetik gora, landareentzat ere toxikoak izan daitezkeela. Badira, ordea, CO2 kontzentrazio altuei etekina ateratzeko ahalmena duten landareak: horietako bat da Parthenium hysterophorus espezie toxikoa. Nature plants aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi duenez, espezie honetako indibiduo batzuk beren toxikotasuna emendatu dute atmosferako CO2 kontzentrazioa handitzearekin batera, eta horrela, lehiakorragoak eta inbaditzaileagoak bilakatzen ari dira.

Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak
Parthenium hysterophorus landarea. (Argazkia: Forest & Kim Starr – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Parthenium hysterophorus landarea Amerikako eremu beroetakoa da jatorriz eta Estatu Batuetako hegoaldetik Argentinaraino hedatzen da, Ertamerika barne. Azken urteotan, alabaina, espezie inbaditzailea bihurtu da Afrikako eremu batzuetan, bai eta Australian eta Indian ere. Kasu berezia da landare honena. Izan ere, espezie honen bi biotipo ezberdin sartu ziren Australian 1950eko hamarkadan, baina horietatik bakarra izan zen lurralde berrian loratzeko gai. Zertan datza, beraz, bi biotipo hauen arteko desberdintasunak? Julie Wolf landare-fisiologoak du galdera honen erantzuna.

Lehenago aipaturiko ikerketan, atmosferako CO2 kontzentrazioaren emendioaren eta bi biotipoen aldaketa biokimikoen artean erlaziorik egon ote den aztertu zuten. Emaitza erabat interesgarriak lortu zituzten inolaz espero ez zituzten landarearen ezaugarrietan. P. hysterophorus espezieak parterina izeneko karbonozko toxina bat sortzeko ahalmena du, bere inguruan beste landareen hazkuntza oztopatzeko helburua duena. Gizakiotan asma eta larruazaleko narritadura ere sor dezake. Gauzak honela, substantzia honek arrakasta handiz ugaritzeko gaitasuna emango lioke biotipo bati, ikertzaileen ustetan. Izan ere, frogatu ahal izan dute biotipo inbaditzaileak toxina gehiago ekoizten dituela gaur egungo CO2 kontzentrazioaren menpe, gas honen maila aurre-industrialekin alderatuta. Biotipo hau gehiago hazten da eta toxina kantitate gehiago ekoizten du karbono-eskuragarritasuna handitu ahala eta, ondorioz, lehiakorragoa bilakatzen da, beste landare espezieak ordezkatzen ditu eta bere hedadura handitzen du.

Landare toxiko honen kasuak CO2 kontzentrazioaren handipenari erantzuteko moldaera bat erakutsiko luke eta horrek esanahi handia du biologoentzat: alegia, etorkizunera begiratzeko beharrik gabe, jada aldaketa biologikoak gertatzen ari direla ondoriozta daiteke emaitza hauetatik, eta gas honen ugaritzea, beraz, hautespen naturalaren eragile bat dela esan daiteke.

Landare toxikoagoak alde batera utzita, beste ikerketa batek CO2 kontzentrazioaren handipenak laborantzetan izan dezakeen eragina aztertu zuen eta, ondorioztatu zutenez, landareen tamaina handitzen bazen ere, nutrizio-balioa gutxitu egiten zen gasaren kontzentrazio altuagoetan. Besteak beste, gariak eta arrozak proteina eta mantenugai gutxiago erakusten zuten, ale bakoitza handiagoa bazen ere. Etorkizunean, ikerketa gehiago egin beharko lirateke landareen nutrizio-balio murrizpena zer punturaino eta zer espezietan hedatuko litzatekeen argitzeko, gaur egun ez baitago horren inguruko informaziorik.

Wolf ikertzaileak espero du espezie toxiko honen kasuak gizartean alarma piztea, gai honen inguruko ikerketak bultzada jaso dezan. Moldaera berri hori oso interesgarria dela dio, baina, zoritxarrez, gerta liteke hura erakusten duten landareak gizakiarentzat onuragarrienak ez izatea, eta horrek arazo larriak sortuko lituzke. Etorkizuneko uzten mantenugai eskasiak, bestalde, erlazio estua erakusten du ezberdintasun sozialekin, gariaren eta arrozaren kalitate-murrizpenak eragin sakonagoa izango baitu uzta hauen menpekotasun handia duten gizarte-taldeengan askotariko elikadura eskura dutenengan baino, eta areagotu du horrek gizarte-ezberdintasuna.

.

Erreferentzia bibliografikoak:

Samuels, Fiona. M. D. (2021). Famine weed becomes more toxic, invasive in carbon-rich atmosphere. Eos, 102. DOI: https://doi.org/10.1029/2021EO163272.

Ebi, Kristie L. et. al. (2021). Nutritional quality of crops in a high CO2 world: an agenda for research and technology development. Environmental Research Letters, 16 (6), 064045. DOI: https://doi.org/10.1088/1748-9326/abfcfa

Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-14 16:45

    Ur arrean, lotsagabea nagusi.

    Aspaldi igarri zioten erleek, eta gure eremuetatik ihesari eman.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude