[Venezuela 8] Komunak

Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen –

     0.Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean

v

[Venezuela 8]

Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen

 

VenezuelaVenezuelako Errepublika bolivarianoan bi konfrontazio nagusi bizi ari dira azken bi hamarkadetan. Lehena, Venezuelako herriaren eta inperialismo yankiaren artekoa; alde batean bide propioa egin nahi duen herri bat eta, aurrean, eredu eraldatzaile batekin bukatu eta, Monroe doktrinari eutsiz, “atzeko patioa”-ren baliabide naturalak bereganatu nahi duen  inperialismo yankia. Menpean hartua izatearen aurrean Venezuelako independentzia nazionala defendatzeko saiakera. Bigarren konfrontazioa, gainditu beharreko Estatu eredu baten eta eraikitzeko dagoen estatu berri baten arteko lehia izango litzateke. Lehenengo talkari dagokionez, chavismoaren indarrak batuta aritzen dira inperioaren kontra eta kanpoko interbentzioa txalotzen duten eskuineko indarren kontra (eskuina baino, ultraeskuina izendatzea aproposagoa izango litzateke; aipatu behar da eskuineko sektore batzuek kanpoko interbentzioa ez dutela babesten). Prozesuaren garapenari buruz ezkerreko eragileek (gobernutik erakunde-aniztasuneraino) irakurketa ezberdinak izan arren, desadostasun ideologikoak nabarmenak izan arren, eta gobernu eta erakundeetako kargu batzuen kontra ustelkeri eta klientelismo salaketak oso presente egon arren, chavistak oso kontziente dira batasunaren garrantziaz eta era neurtuan jokatzen dute. Izan ere, esan eta egin beharrekoak esaten eta egiten dira, baina eremu publikoan eztabaida mugatzen saiatuz. Gobernuaren eta instituzioen kargu batzuei, baita PSUV alderdiaren kide batzuei ere, kritikak eta salaketak egiten zaizkie (ez hainbeste Maduro presidenteari, chavisten artean sostengu oso zabala daukana), baina klase-etsaiak bere probetxurako ez erabiltzeko kontu handia izanez. Chavismoaren sektore eta eragile ezberdinek badakite gobernua mantendu behar dela prozesua salbatzeko. Gobernu chavista jarraitzea ezinbestekoa da sozialismoaren eraikuntzarekin aurrera egin ahal izateko baita eragile iraultzaileek Estatuaren errepresioa jaso gabe lan egiten jarraitzeko. Hein handi batean, esan daiteke kanpoko eraso bortitza dela momentu honetan chavismoaren batasuna mantentzen duena. Era berean, esan daiteke Maduro dela chavismoa baturik mantentzen duena.

Hots, bigarren talka hori, chavismoaren barruan gauzatzen dena, benetako klase borroka da ere, jendarte sozialista eraiki nahi duten iraultzaileak alde batean eta erreformistak eta burguesak beste aldean. Chávez presidentearen lehenengo urteetan hasi zen jada boliburgesiaz hitz egiten: gobernuan bertan eta Estatu aparatuan inkrustatuta zeuden pseudochavistak. Burokrata hauek, diskurtso chavista ahoan eta franela(kamiseta) gorriaz jantzita, beren botere-posizioetaz baliatzen dira etekin pertsonalak ateratzeko, proiektu bolivartarrean eta sistema eraldatzean sinestsi gabe. Are gehiago, sistema eraldatzeak beldurra ematen die, beren pribilegio egoera galduko luketeelako. Beste prozesu eraldatzaile batzuetan gertatu den moduan, chavismoaren gorakada geldiezina ikusita, proiektura gehitu ziren goranahiek eta oportunistek karguak okupatzen dituzte gobernu azpiegituretan, Estatu mailan, departamentuetan, alkatetzetan eta beste administrazio-gune askotan. Horietako batzuk beren negozioak egiteko aritu dira botere guneetatik, beren influentzia erabiliz, eta burgesia berri bat osatu dute. Hauekin nahastuta, mugimendu soziopolitikoaren militante ohi batzuk daude ere, boterea kudeatzean eroso sentitzen direnak, gaizki ulertutako pragmatismo batetik jarrera kontserbadorearekin arituz, prozesua erradikalizatzeko oztopo bilakatuta. Sektore eta jokabide hauek ahultzen dute prozesuaren garapena, baita kargu politiko eta administratiboetan dauden beste militante iraultzaile askoren lan zintzo eta saiatua ere. Chavismo garaiaren hasieratik presente egon badira ere, Chávezen figuraren desagerpen fisikoarekin eta azken urteetako egoera zailarekin indartu egin dira gobernuaren barruan jarrera desbideratzaileak eta erreformistak. Izan ere, Madurok aurre egin beharreko testuingurua benetan zaila izan da. Chávezen desagerpenari lotutako etsipen emozionalari, krisi ekonomiko larriari, eskuina faxistaren eraso eta guarinbei, atentatu saiakerei, desitxuraketa mediatikoari eta mota guztietako eraso inperialistei aurre egin behar izan die presidenteak, denbora eta arreta handia horri emanda. Gainera, segurtasun arrazoiak direla medio, bere mugikortasuna Venezuelan zehar mugatua izan da azkenaldian. “Desde que ha llegado no le han dejado descansar; le han dado duro al tipo” (“Heldu denetik, ez diote atsedenaldia hartzen utzi; gogor eman diote”) esaldiak, militante chavisten ahotan, aitortzen du Maduroren paper zaila eta aurrera jarraitzearen meritua, baita kritikoen artean Madurorekiko atxikimendu zabala.

Venezuela

Gobernuko sektore batzuetatik ikustarazten da enpresa pribatuak efizienteagoak direla eta, ekoizpena handitzea lehentasuna den garai honetan, apostua egiten da enpresa pribatuei bidea zabaltzeko, esku pribatuetatik berreskuratutako lurrak bueltatuz, finantzazioa erraztuz edota negozio batzuen kudeaketa bideratuz (kanpoko produktuen inportazioa kasu). Estatuak bereganatutako enpresa batzuekin egondako esperientzia txarrek neurri hauek hartzea errazten dute. Kapitalistei egindako kontzezio hauen zati garrantzitsu bat boliburgesiaren eskuetara doa. Modu honetan, gobernuan bertan txertatuta dauden sektore sasichavista boteretsu hauek (asko Indar Armatuei lotuta ere) atzerapausoak ematen ari dira ekonomiaren sozializatzean, burgesiari kendutatu hainbat esparru ekonomikoak burgesiari bueltatuz.

Testuingu horretan kokatu behar dira Wilmar Castro Soteldok, Nakazaritza eta Lurren Ministroak, erabilitako kontzeptu berria, kontraesana bera barruan daukana: “burgesia iraultzailea”; barne ekoizpena handitzeko prest dagoen burgesia, hain zuzen ere. Mota askotako produktuak eta zerbitzuak lortzeko estutasun egoeraren aurrean, enpresa kapitalisten bidez ekoizpena eta Venezuelan ekoizten ez diren produktuen inportazioa handitzeak hornikuntza arazoa leuntzen lagunduko luke, behintzat gobernutik ondo kudeatzen bada, era planifikatuan, saltzeko prezioak kontrolatuta eta herriaren beharrei erantzuteko bideratuta (berez, gaur egungo Venezuelan oso zaila hautematen dena). Ikuspegi honetatik, prozesuaren erradikalizazioan ez luke lagunduko baina, erasoaldiaren testuinguru honetan, prozesua babesteko lagungarria izango litzateke, gobernuari arnasa emanez eta herriaren sektore apal zabalen egoera zaila arinduz. Erresistentzia fase honetan, tresna kapitalisten erabilera kontzesio bezala uler zitekeen, prozesua bizirauteko asmoarekin. Pauso bat atzera, etorkizunean bi pauso aurrera eman ahal izateko. Hala ere, hori onartzetik irabazi tasa handitzeko eta kapitala biltzeko logika kapitalistan aritzen den burgesia bati “iraultzailea” deitzera tarte bat dago, venezolar iraultzaile askok adar-jotze hutsaz hartu dutena.

VenezuelaGobernuaren barruko sektore burgesak egitura komunala ahultzen saiatzen dira ere, modu kolektiboan aritzen direlako lurrak lantzeko, elikagaiak eraldatzeko eta banatzeko edota zerbitzu batzuk eskaintzeko (gas-bonbonen betetzea eta banatzea, kasu). Izan ere, beste eredu bat posiblea dela erakusten dute, Chávezek markatutako bidea era praktikoan aldarrikatzen. Asmoa, beraz, komunen efizientzia eta zabaltzea oztopatzea da, nahiz eta publikoki ezin aitortu. Paradoxa erreala da. Gobernuko ministerio batzuetatik sostengu materiala eta ideologikoa jasotzen den bitartean, beste ministerio eta instantzia batzuetatik komunen kontrako jarrera gauzatzen da, gobernuaren barruko interes eta asmo kontrajarrien borroka isila plazaratuz.

Honen aurrean, komunetan antolatuta dauden sektore chavisten erronka garrantzitsuenetarikoak koordinatzea, komunean aritzea eta sektore gehiagotara heltzea dira, Venezuelako jendartean gero eta presentzia eta botere handiago izateko. Modu honetan, beste eragile eta sektore kontzienteenekin batera, aurre egin ahal izango diote burgesia tradizionalak eta boliburgesiak gobernuan duten eraginari. Bakarrik horrela chavismoaren proiektuan egon den atzera-martxa graduala geldituko dute eta prozesua erradikalizatuko dute. Horretarako nazio mailako komunen egitura sortzen saiatzen ari dira, esperientzia eta borroka isolatuetatik proiektu orokor batera pasatzeko, Chávezek irudikatutako Estatu komunalaren egitura osatzeko.

 

[Venezuela]

     0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
  8. Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen

Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen

[Venezuela 8] Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen

Komunak

Iñaki Etaio

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude