PSE-EE eta 6. distrituaren estrategia

PSE-EE eta 6. distrituaren estrategia –

“Gose Jokoak” (The Hunger Games) filmean distritu bakoitzeko bikote bat guduzelai batean sartzen dute, behartuta, eta bertatik pertsona bakarra irten daiteke bizirik. Joko horien edizioetako bat 6. distrituko ordezkariak irabazi zuen. Bere estrategia? Ezkutatuta egon, eta beste bat soilik geratzen zela jakitean atera eta segada bat egin.

PSE-EE eta 6. distrituaren estrategia

Ez da lehen aldia pertsonai hau eta PSE-EE buruan gurutzatzen zaizkidala. Zaldibarreko kasuaren inguruan ere berdina gertatu zait. PSE-EE desagertuta dago. Desagertuta dago, bere alderdiko jendeak ardurak dauzkanean guzti honetan, Ahoztar Zelaietak zehazten duen gisan:

Hedoi Etxartek aipatu zuen duela gutxi Euskadi Irratian: zergatik uzten diote PSE-EEri bigarren planoan egoten? Ze kaka piloa dago hemen alfonbra azpian? Luizia erortzetik arduradun batek hitz egin arte egunak pasa ziren. Urkullu, Erkoreka, Jaurlaritza eta EAJ higadura bat jasaten ari dira espazio publikoan; dauzkaten erantzunkizunen neurrikoa ez, ziur, baina higadura bat. PSE-EE ordea ez dago fokuan. Zergatik? Zeren truk?

Urteetan zehar saldu dizkigute ordena publikoko arazo gisa gatazka politikoak direnak, eta afera zehatz honen bueltan saldu nahi digute “istripu” edo “ez-behar” zehatz bat gertatu dela, arrazoi tekniko batzuetara mugatzen dena, eta Jaurlaritzak errua enpresari botako dio, eta enpresak Jaurlaritzari. Baina ez. Arazo politiko bat dago.

Euskal Herriak bizi duen kontraesan erraldoi bat azaleratzen du Zaldibarko kasuak. Zeren eta suposatzen da gizarte baten iparra ahalik eta gehien murriztu, berrerabili eta birziklatzea izan behar dela. Baina politika konstante bat izan da zabortegi publikoak itxi eta pribatuetara jotzea; eta zabortegi pribatu bat negozio bat da, eta zabortegiko jabeak zabor asko sartzea nahi du. Eta zabortegiko jabeen, hedabide batzuen eta alderdi batzuetako kideen artean harremanak badaude, hiruki hori zeharo arriskutsua bihurtzen da osasun publikoarentzat.

Klientelismo sare zabal bat dago EAEn, eta zabortegiena atal bat besterik ez da. Hori da auzitan jarri behar dena. Gardentasun falta eta sare horiek egin dituzte posible Zaldibarrekoa gertatzeko baldintzak. Mahai gainean dauden osagai guztiek bilatu dute auzi hau berezi eta bakar: Alberto eta Joakinen heriotzak, haien gorpuak oraindin aurkitu ez izana, familien mina eta informazio falta, A-8a, zabortegiak, hondakinen kudeaketa, kutsadura, informazio falta, langileekiko begirunerik eza (salbamendukoak aminatoarekin lanean), futbol partidu bat jokatzeko baldintzarik ez dela esan baina herritarrei astebetez egia ezkutatzea, ustelkeria eta klientelismo zantzuak…

78ko erreformatik duela gutxi arte nafar erregimenak ezaugarri batzuk izan dituen bezala, bada mendebaldeko erregimen bat ere. EAEn badago politika egiteko modu bat, eta horri une honetan eusten dion dikea da EAJ-PSEren arteko harremana. Agian norbaitek pentsatuko du PSEk ez badu Zaldibarrengatik fakturarik ordaintzen, burubiko ituna bere tokian mantenduko dela. Batek daki.

Hemen guztiek dauzkate erantzunkizunak, bai EAJk, eta bai PSE-EEk.

 

PSE-EE eta 6. distrituaren estrategia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.