[Venezuela 5] Venezolarren migrazioa

Venezuela –

[Venezuela 5]

Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina

Venezuelako krisi ekonomikoaren ondorioetako bat venezolarren migrazioarena da. Izan ere, Venezuelako prozesu eraldatzailearen kontra burgesiaren komunikabideek erabilitako gai nagusietako bat migrazioa izan da, Venezuelatik Kolonbiara ateratzen ari ziren familien ilaren irudiak ugaritasunez erabilita. Izan ere, bertako oligarkiak, inperialismo yankiak eta, hedaduraz, gainerako burgesiak (hemengoak ere; PNVren Venezuelarekiko jarrera eta bere kontrolpeko komunikabideen joera ideologikoa ikusi besterik ez dago) prozesu bolivartar eraldatzailearen suntsiketa bilatzen dute. Venezuelako afera ez baita gobernu bat edo beste bat, presidente bat edo beste bat, baizik eta sistema kapitalistaren logikatik kanpo garatu nahi den prozesu herrikoi bat, eta, Kubarekin gertatzen den bezala, beste herriekiko eredu arriskutsua izan daitekeena.

Venezuela
Arg: CIDH Flickr

Ez dugu ezer berria esaten Venezuelaren aurkako gerraren eremu garrantzitsuenetariko bat (des)informazioa dela azpimarratzean. Kanpora begira zein barrura begira. Zentzu horretan, Venezuelatik jendetza ateratzearen atzean arrazoi ekonomikoak daude nagusiki. Ziurtasun gabeko etorkizunak eta eguneroko estutasunek eta zailtasunek (herria “salbatu” nahi omen dituztenek eraginda, nagusiki…) erabaki zail hori hartzera bultzatu dituzte venezolar asko. Baina ezin da saihestu Venezuelatik ateratzeko zergati horiek hedabideen gezur eta dei alarmistekin ere nahasten direla. Izan ere, migratzaile batzuk egoera sozioekonomiko txarrago batera abiatzen dira, kasu gehienetan jakin gabe. Ez dira gutxi izan alboko herrietatik (Peru, Ekuador, Txile, Kolonbia…) Venezuelara bueltatu direnak, bilatzen zuten paradisua errealitate gordinago bilakatuta edota errefusatze eta xenofobia pairatuta.

Azken urteetan Venezuelatik joandakoen datu ofizialak ez badaude ere, bi eta hiru milioiren artean izan direla kalkulatzen da, 28 milioiko populaziorako ia % 10 suposa zezakeena. Estimazioak nork ematen dituenaren arabera zifra horiek 4 milioietaraino heltzen dira. Zaila da jakitea. Migratzaileen artean familia osoak baita jende gazte asko dago. Azken hauen kasuan faktore ezberdinak nahasten dira: aipatutako estutasunak, etorkizun nahasia, gazteengan ohikoa den kanpora joateko eta beste bizipenak izateko grina baita kontsumismo-ametsa ere. Hain zuzen ere, joaten diren gazteen proportzio handi batek “mente Nutella” dauka: Venezuelatik atera eta beren norako berriaren zentro komertzial batera joan Nutella poto batekin argazkiak egiteko sare sozialetan konpartitzeko. Funtzezkoa ez denaren mirespena, merkantilismoarekiko itsukeria, kontsumismoaren idealizazioa azken finean. Venezuelaz gain, munduko herri gehienetan gertatzen den fenomeno alienatzaile bera, Venezuelako kasuan askatasun falta eta miseria bezala irudikatuta.

Edozein kasutan, maila pertsonal eta familiarrean suposatzen duen traumaz gain, migrazio ugari honek arazo handi bat suposatu du Venezuelako herriarentzat. Izan ere, joandako gazte asko, bereziki, kualifikatuta edo oso kualifikatuta daude, kasu gehienetan unibertsitate publikoetan formatuta. Heziketa maila altua izanda Venezuelako soldatak ez dira batere erakargarriak gazteentzat eta, Gobernuak maiz soldatak nabari handitu arren, merkatu librearen produktuen prezioen igoerak berehalako uzten dituzte ezertan soldata-hobekuntzak. Honek erraztu du asko prozesu bolivarianoarekiko atxikimendu baxuko gazte andana kanpora joatea, hondatutako ekonomiarentzat beharrezkoak diren profesionalen kopurua nabarmenki afektatuz. Adibide zehatz bat jartzeagatik, Apure Estatuko Guasdualitoko ospitalean zeuden 60 medikuetatik 17 joan dira atzerrira (haien artean 5 anestesista) baita 47 erizain, ia guztiak ospitalean bertan formatutakoak. Joandako gehienak gazteak dira, etorkizun batean erreleboa eman beharko lituzkeenak. Honi gehitzen badiogu medizina eta medikuntza-ekipamenduekin dauden eskasiak, imajina dezakegu zein lan erraldoi eramaten duten aurrera geratu diren profesionalek; kasu zehatz honetan, 2019ko maiatza eta abuztua bitartean 14.000 laguni osasun-harrera emateko.

Venezolarrekin izandako solasaldietan sarritan azaleratzen da langile kualifikatuen atzerriratzeagatik dagoen kezka. Ekonomiaren eta herriaren egituraketaren kontrako eraso hau agian ez da hain agerikoa baina oso eraginkorra da, enpresa askoren funtzionamendu normala oztopatzen baitu eta pertsona horien formazioan inbertitutakoa galarazten baitu. Kubatarrek badakite zerbait higadura mota honi buruz…

Hala ere, era berean, goraipatu behar dira estutasunei eta zailtasunei aurre egiten dieten gazte chavista asko, sektore politizatu eta kontzienteenen parte, beren herrietan eta beren lanpostuetan mantendu direnak. Gobernuarekiko atxikimendu hurbilago edo urrunagotik, baina Chávezek markatutako proiektuaren defentsan, gazte askok lanean diraute kontsumismo-ereduaren itsaslaminaren kantuen aurrean, beste milioi herritarrekin batera.

Fenomeno mingarria bada ere, Venezuelako Errepublika Bolivarianoaren migrazioaz aritzen garenean, bere testuinguruan jartzea ezinbestekoa da. Alde batetik, bultzatutako ondorio bezala kokatu behar da, hau da, gerra hibrido baten ondorio bezala; Kubak izan ezik, Abya Yala / Latinoamerika osoan beste herri batek pairatzen ez duen kanpoko eraso baten ondorio bezala. Bestetik, Latinoamerikako estatuen migrazio ekonomikoaren fenomenotik ezin da guztiz aldendu. EEBBetara, baita Latinoamerikako beste herri batzuetara, etengabeko migrazioa konstante bat izan da azken hamarkadetan. Oraindik gertu geratzen zaigu EEBBetara heltzeko asmoz Hondurasetik atera zen karabana jendetsua. Izan ere, adibide bat jartzeagatik, hedabideetan Venezuelako “exodoaz” mintzatzen bada ere, gutxitan aipatzen da salvadortarren laurden bat kanpoan dagoela (nagusiki EEBBetan).

Horrez gain, saihetsezina da Venezuelarekin muga konpartitzen duen herri baten egoera berezia aipatzea: Kolonbia. Izan ere, Kolonbian milioi bat eta erdi eta 2 milioi arteko venezolar egon daitezkeela kalkulatzen bada estraofizialki, Venezuelan 2 milioi pertsona baino gehiago Kolonbian jaiotakoak dira edo Venezuelara joandakoen ondorengoak. Venezuelarako migrazio hau aurreko hamarkadetan garatu da eta bi jatorri nagusi izan ditu: ekonomikoa eta jazarpen politiko-militarra. Kolonbiar asko joan ziren Venezuelara baldintza ekonomiko hobearen bila, eta beste asko Kolonbiako gerratik ihesi, batez ere paramilitarren sarrasketatik. Venezuelara heldutako horietako asko ez zeuden Venezuelan erregistratuta. Egoera irregular horri buelta emateko eta ofizialki herritartzat aitortuak izateko, Chávezek Misión Identidadderitzona martxan jarri zuen 2003an. Programa horren onuradunen artean milioi bat kolonbiar baino gehiago zeuden, Venezuelako nazionalitatea (identitate-zedula) jaso zutenak. Halako datuak ez dira hedabide pribatu handien propagandan aipatzen.

Ez dira aipatzen ere Kolonbian bertan indarrez lekualdatutakoak ere. ACNURek jasotzen duenez, 2018an 7.816.500 pertsona barne desplazatuak ziren Kolonbian, munduko lehen postuan hain zuzen ere. Venezuelari aipu eginez, hedabide nagusietan migrazioa, giza eskubideen urraketa eta hondamendi humanitarioa entzutean, lazgarrien eta lotsagarrien egiten dena Kolonbiako triskantza ezkutatzea da. Izan ere, demokrazia bezala saltzen digute terrorista bezala kalifikatu daitekeen Estatu bat, non 82.998 pertsonak desagertuta darrai (centrodememoriahistorica.gov.co/desaparicion), non gerra irekia edo zikina eguneroko ogia den, non Fiskaltza Orokorrak berak 2.248 “positibo faltsu” aitortu duen (Ejerzitoak hildako gazteak gerrilari bezala aurkeztea, igoerak edota ordainsariak jasotzeko), eta non FARC-EP-rekin bake-akordioa sinatzetik 158 gerrilari ohi eta 780 militante sozial erail dituzten, inpunitate osoz kasu gehienetan. Kolonbiako gobernua lasai dago, jakin badaki joku-taula honetan “demokraziaren eta giza-eskubideen Munduko zaindari”-engandik neurririk edota blokeorik ez duela jasoko. Aldi berean, Venezuelaren kontrako erasoaren eragile latinoamerikar oldarkorren bilakatu da aspaldidanik Estatu kolonbiarra.

 

[Venezuela]

     0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
  8. Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen

Venezuela

Venezuela

Iñaki Etaio

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude