Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, gaur dela 48 urte sortua

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa –

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa

Gaurko egunez, duela 48 urte, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zen. Urteurren horren harira, euren lurraldetik egotziak izan ziren sahararren egoera larria ekarri nahi dut gogora. Urte luze hauetan zehar Mendebaldeko Saharako Herriaren askatasunaren eta burujabetzaren aldeko aldarrikapen hori Nazio Batuen eta bere Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek eta aginduek sostengatzen duten arren, ez da oraino bete. Gainera, duela bi urte luze, berriz ere, Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko gerra berpiztu egin zen.

Sahararen historiaz eta gaurko errealitateaz liburu ezin interesgarriago bat idatzi berri du Lizarrako Kristina Berasainek, Sahara: Herri bat erresistentzian. Liburua asteazken honetan aurkeztuko dugu Nafarroako Liburutegian, arratsaldeko 7etan eta, Mendebaldeko Sahararen borroka zilegi eta zuzenaren aldeko gure engaiamenduaren adierazgarri, Berriako kazetari Kristina Berasainek berak eginen du.

Kristina Berasainek liburuaren hitzaurrean dioskunez, “Liburu guztiak bezala, hau ere bidaia bat da, erresistentzian ari den herri batera egindako bidaia. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago konturatzen zara zer gutxi dakizun, eta beti da xarmagarria elezahar berri bat entzutea, gerrako pasarte bat, exodoaren pasadizo bat edo oharkabean pasatu zaizun datu edo xehetasun bat”.

Sahara: Herri bat erresistentzian; ezinbesteko hitzordua dugu asteazken honetan, 7etan, Nafarroako Liburutegi Nagusian, zeren eta asko dugu sahararrengandik ikasteko.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko otsailaren 27koa]
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude