Saharako errefuxiatuen kanpamentu guztietan, bibliobusak eta liburutegiak

Saharako errefuxiatuen kanpamentu guztietan, bibliobusak eta liburutegiak –

Saharako errefuxiatuen kanpamentu guztietan, bibliobusak eta liburutegiakSaharako errefuxiatuen kanpamentuetan liburutegiak eta bibliobusak martxan jartzea du helburu Bubisher proiektuak, orain dela hamabost urte sortu zenetik. Bubisher, izatez, basamortuko txori txiki bat da, itxaropenaren ikur, sahararrek biziki maite dutena. Bubisher Sahararen aldeko idazleek ez ezik, liburuzain, irakasle, maisu-maistra eta bestek ere osatzen dute, betiere Saharako Herriaren behar eta esanetara.

Hasieratik beretik, liburuz hornitutako bibliobusek oso harrera ona izan zuten errefuxiatuen kanpamentuetan, batez ere, ume sahararren aldetik. Duela zazpi urte, Bubisher txoriak pausatzeko tokiak edo habiak behar zituela eta, Nafarroan, Saharako Kabiak izeneko elkartea sortu zen, Bubisher osatzea, laguntzea eta sustatzea helburu duena. Hartara, Euskal Herrian Saharako Kabiak-en bidez lortzen den diru osoa bideratzen da errefuxiatuen kanpamentuetara.

Bubisherren urteko asanblada orokorra egin berri da Segoviako Balsain herrian, eta biltzarraren abaroan liburuak aurkeztu ziren, besteak beste, Iturrama Institutuko ikasleek lagundu duten Amalurra Tirisen izeneko poema-liburua, Lehen Hezkuntzarako gida didaktiko bat euskaraz sortua eta gaztelaniara itzuli dena, baita Kamishibai tailer bat ere.

Saharako kanpamentuetan umeei kontatzen zaizkien kamishibai-ipuinak Segoviako Balsain herrian erakustea eta kontatzea hunkigarria izan zen, euskaraz gozatuz giro ederrean maisu-maistra, liburuzain, idazle eta Sahararen aldeko ekintzaile horien aitzinean… Segovian ere,  euskaraz!

Beraz, badugu zer ospaturik; gainera, azken hilabete hauetan Aaiungo errefuxiatuen kanpamentuan falta zen bibliobusa martxan jarri da jada, eta bertan liburutegi bat eraikitzen eta hornitzen bukatu da, urrian zabalduko eta Pilar Bardem izena izanen duena. Hori horrela, errefuxiatu kanpamentuen Wilaya edo herrialde bakoitzean bibliobus eta liburutegi bana izatea erdietsi da, hamabost urteren bueltan.

Lana, baina, ez da amaitu. Aaiungo habia berria zabalduta ere, Bubisherrek hegan jarrai dezan lanean jarraitu behar, errefuxiatuen kanpamentuetako egoera latza arinduko badugu behintzat. Euskalerria Irratiko uhinen bidez, Saharar Herriarekiko gure engaiamendua, horren erakusgarri.

Saharako errefuxiatuen kanpamentu guztietan, bibliobusak eta liburutegiak

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude