2014rako lau hipotesi, Kataluniaz

estelada arraroaPere Cardus (@perecardus) kazetariak, “irudimen grinez”, Katalunian galdeketa deitu osteko lau hipotesi idatzi ditu. Ariketa hori egitearekin batera etorkizuna iragartzearen zailtasunaz jabetuta zera dio: “Ez dut geroa asmatzeko gogorik, barregarri gelditzera kondenatuko nintzatekeelako”. Asmatu ala ez, erakargarria da olatu independentistaren aparretatik heltzen diren ideietan begirada jartzea. Hau dena ironia puntu batekin gatz eta pipertu du idazle independentistak. Ea lau hipotesietatik baten bat egingarria iruditzen zaizun.

“Quatre hipòtesis per al 2014” izena du artikuluak, VilaWeb-en argitaratu du. Jarraian nahieran egindako euskarazko laburpen-itzulpena daukazu:

2013ko abendua

Independentziaren erreferendumerako galdera eta data zehaztuko dute CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP-ek. Galdera hau izan daiteke: Kataluniak herrialde independientea izan behar luke? Data: 2014ko irailaren 14. Bi osagai hauek zehaztutakoan, zein egoera etor daiteke?

Lehenbiziko hipotesia

Rajoyk erreferendumak egiteko gaitasuna utziko dio Kataluniari, Duran i Lleidak eta Navarrok egindako negoziazioei esker. Galdera ere haiek erabakiko dute: “Zein etorkizun nahi duzu Kataluniarentzat?” a) hobea b) oraingo bera c) okerragoa. Politikariak hausnartzen ari diren bitartean herritar uholdeak legebiltzarra eta Generalitatearen jauregia okupatu eta independentzia aldarrikatuko du. Ondoriozko egoera kudeatzen zaila izango da, baina zer egingo diogu ba!

Bigarren hipotesia

Espainiak Mas presidentea eta diputatu independentistak gaitasungabetzeko prozesua martxan jarriko du. Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Gorenean epaituko dituzte parlamentariak. Ehunka milaka lagun aterako dira kalera auzipetuei elkartasuna adieraztera. Nazioarteko hedabideetan oihartzuna izango du gaiak. Mas presidentearen gaitasungabetzearen ondorioz mundu osoko gobernuek Espainiari atzera egiteko eskatuko diote, eta erreferendum bat onartzeko. Katalanak plazetan bilduko dira protestatzeko.

Hirugarren hipotesia

Erreferenduma deitzen denean autonomia bertan behera uztearekin mehatxatuko du Espainiak. ANCk mobilizazio handia antolatuko du Bruselan, Europako instituzioen parean. Haiek Espainiari negoziatzeko deia egingo diote. Azkenean, erreferenduma 2016an egitea proposatuko dio Espainiak Kataluniari, hauteskunde orokorrak eta gero. Pilota katalanen teilatuan egongo da.

Laugarren hipotesia

ERCk Generalitatean sartzeko CiU erreferenduma egitera behartuko du, Espainiaren erreakzioa gorabehera. CiUk hauteskunde plebiszitarioak egin nahiko ditu erreferenduma ez bada Rajoyrekin adostu. ICVk bigarren galdeketa bat egiteko eskatuko du, Espainiarekin federatu nahi duten galdetzeko. CUPek estatuaren sorketa prozesua auzoz auzo eta herriz herri “behetik gora” egiteko eskatuko du. Batzuen eta besteen baldintzek haien arteko mesfidantza hauspotuko dute, galdeketa eta independentzia aukera oro pikutara bidaliz. Madrilen begira egongo dira, irribarrez.

Ondorio gisa

Umore guztia kaxoian gordeta zera dio amaitzeko Pere Cardusek.  Gure aldetik hipotesi guztiak zabalik dituen eskema behar dugu.  Poeren paradoxak dion bezala, ‘jakinduriak ustekabekoa den guztia hartu behar du kontuan’. Gaur gauden puntuko kasuistika hain da zabal eta konplexua, gertatzen dena gertatzen dela, une bakoitzean erantzun egokiena eman beharko dela. 2014 urtea ez da katalanontzako erraza izango. Orain arte asmo eta mehatxu adierazpenak besterik ez dira gertatu. Abendutik aurrera, alderdiak erreferenduma ezin adostuta barregarri gelditzen ez badira, egitateen ordua helduko da. Datozen hamabi hilabeteetan askatasuna irabaziko dugu edo herri bezala desagertu”.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “2014rako lau hipotesi, Kataluniaz”-ri buruz

  • Gorka Salces 2013-11-19 09:50

    Uste dut litekeena bigarren hipotesia dela…baina laugarrena ere izan daiteke, tamalez.