Anari: “Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino”

Anari: "Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino"
Anari eta Pello Ramirez Garoan – Juan G. Andres

Kanelarekin eta limoiekin egositako Glühwein ardo beroa eta erroskilak atarian zain, musikazaleak gerturatzen hasi ziren Zarauzko Trinidade kaleko 7 zenbakira, ordu erdi falta zela oraindik Anariren emanaldia hasteko. Garoa liburudendan ardoaren eta paperaren usaina nahasten zihoan sototik zetorren akordeoi hotsarekin. “Dena oso europarra da hemen”, bota zuen Anarik, azken ñabardurak gertu utzi eta Pello Ramirezengana jaitsi aurretik. 10 urte inguru ez zutela elkarrekin jotzen.

Amen batean egin zuen gainezka dendak. Lehen aldiaren ezinegonaz, luze egiten ari zen Anarik sotoko lehen eskilaran hanka jarri zuen unetik lehen akordea jo behar zuenerako tartea. “Esperientzia kolektibo gisa planteatu  ditugu Paperezko Kontzertuok. Gu denok biltzeak ematen dio zentzua honi”, azaldu zuen Imanol Agirre liburu dendariak, moderatzaile Jon Eskisabeli hitza eman aurretik. Artistak liburu bati eskeini behar dio emanaldia Paperezko Kontzertuetan, eta Anarik Coetzee-ren ‘Desgrace’ hautatu zuen igandeko saioan.

Anari: "Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino"
Natxo Escobar soinua grabatzen – Juan G. Andres

‘Ihia’-rekin hasi zuen kontzertua Ramirezen txeloak sotilki lagunduta. Artista 2 metro eskasetara dena da hezur haragizko, dena bene benetakoa. “Asko gustatzen zait mikrofonorik eta anplifikadore gabe jotzea”, aitortu zuen Anarik saioan zehar. ‘Amua’ izan zen bigarren pieza, oraingoan Amelie filmeko soinu banda gogora zekarren akordeoi doinuz bustita. Anariri ez zitzaon nabaritu bezperako laringitisa une batean ere, bere berea duen ahots dardarati ederraz.
Real Madril edo FC Barcelona, Fairy edo Mistol, Dylan edo Cohen… beti zara batena gehiago bestearena baino, edo hala esan zuen behintzat Anarik: “Lehen gehiago nintzen Cohenena. Orain aldiz, esango nuke, gehiago naizela Dylanena akorde menorretatik maiorretara emandako bideagatik-edo”. Zarautzen ospatzen den Rockumenatalaken saio baterako prestatu Girl from the north country (Dylanen bertsio euskaratua) izan zen hirugarren kantua. Estrainekoz jo zuena, gaixotuta ezin izan baitzuen Rockumentalak-en egon. Okasio honetan Ramirezek erruz harritu gintuen mugikorreko piano aplikazio batekin lagundu baitzion azkoitiarrari. Ederra zinez.
Azken bertsio honek solasaldiari urratu zion bidea. Eskisabelek gidatuta, liriken eta, honenbestez, abestien iraungitze dataz, zein, disketxeez eta autoekoizpenaz mintzatzeko, besteak beste. Liburuek zelatatuta, hizketaldi mamitsuaz gozatu genuen bertaratutako musika zaleen eta artistaren beraren eskutik. Eta unanimitatez hala eskatuta, Aingura hegodunak jo zuen saioa borobiltzeko.

Anari: "Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino"
Garoa eskaparatetik – Juan G. Andres

Paperezko Kontzertuak ez dira paper eta kartoizkoak, bene benetakoak baizik, hezur haragizkoak. Hala bizi izan genuen igandean, eta hala biziko dugu hilabetero. Aurki igoko dugu hemen bertan lehen saioko bideoa. Inbidia piztu badizuet, badakizue, hurrengo hiruhilekorako erosi zuen sarrera, merezi du eta.

Paperezko Kontzertuak I: Anari
Azaroaren 17an 11:30ean Zarauzko Garoa liburudendan

Anari: “Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino”

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Anari: “Orain gehiago naiz Dylanena Cohenena baino””-ri buruz

  • Gutar zuetar bat 2013-11-18 22:10

    Zorionak, animuak eta besarkadak North Countrytik, aixkidiok. Egurra.