Ezkontzetako fauna

http://alteretaego.wordpress.com

 

62_negu gau bateko ametsa

Argazkia: Negu gau bateko ametsa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840px (3:2)
Sortze data: 2013/11/02
Latitudea: 43º 20,524´ N
Longitudea: 2º 41,057´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 70-200mm f/2.8L IS II
Distantzia fokala: 90 mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/15″
Sentikortasun eskala: ISO 2500
Flasha:

Alter dixit.

Noizean behin jasotzen du Alter-ek ezkontzetan argazkiak ateratzeko enkargua. Askotan, ni etxean nagoela egiten ditu ateratako argazki edo bideoak editatzeko lanak. Gehienetan, mota horretako lan bati atera dakiokeena baina zuku gehiago ateratzen dio. Beti, album ofizialean sartuko ez den argazkiren bat da ezkontzako izpiritua ondoen islatzen duena. Testu hau laguntzen duena, adibidez.

Bitxia da, oso, ezkontzen mundua. Adin bat dugunok -ez asko, ez gutxi, baina bai ezkontza dezentetan egon garela esateko adina- fase denak pasa ditugu. Lehenengoak, nobedadearen hautsak zipriztindu dituenak, parranda itzelak izan ohi dira. Norberarena, noski, desberdina da. Hortik aurrerako dozena erdia edo, normalean, konparazioen iturri. Azken boladan izandakoak, aldiz, hasierakoetara bueltatze bat bezalakoak dira, nahiz eta beste prisma batetik bizi. Dena baita ziklikoa bizitza honetan. Lerro zuzenean ibiliz, ezin da bat oso urrutira heldu.

Atentzioa ematen dit orain, neskek batez ere, egun handi hauetarako prestaketetan zenbat inbertitzen duten. Eta ez diot, bakarrik, arropa dendan edo ile-apaindegian uzten duten diruagatik. Larunbatetako loa luzatzea gustuko dut; horregatik suertatzen zait, agian, hain deigarri egun osoko parranda bat goizeko zortzietan Begoren ile-apaindegian hasteko batzuk duten borondatea. Hori bai, normalean emaitzak merezi du. Desertuak duen xarma da, edozein lekutan, putzu bat ezkutatzen duela.

Badut lagun bat, nik beste ezkontza bizia dagoena, lehen aipatutako faseak igaro gabe izango dituena. Beti bakarrik joan da eurotara, nik gogoratzen dudanez behintzat. Parrandaren prismatik enfokatzen ditu beti datozkionak. Jaioa da, dena den, desertuko putzuen kokaleku zehatza miaketako lehen begirada batean antzematen. Inoiz tokatu izan zait, patxadan elkarrekin botatako zigarro baten aitzakian edo, une batez behintzat ezkontzari berearen antzeko ikuspuntu batetik begiratzea. Azaroko gau argi batean izarrak ikustera doan baten arretaz ikusi izan dut, behin baino gehiagotan, goiz jaiki direnei so. Neure buruari galdetzen diot izarrak ez ote diren pizten, egunen batean, bakoitzak berea aurki dezan.

Harreman sozialak jorratzeko leku egokia dira ezkontzak. Nik, adibidez, denbora luzez ikusi ez ditudan lagunen kontuez egunean jartzeko probestu izan ditut, maiz. Oparirako adina diru bildu duenak, baina astebururokoan nahi beste trago luze edateko heltzen ez zaionak, barra librea probestuko du, bere bizitza igandean bukatuko balitz bezala. Harrapari profesionalak, aldiz, hain ondo joan ez den denboraldia salbatzeko probestuko ditu. Inoiz ez zaie loreei aditu behar: so egin eta usain hartu bakarrik.

Printze Txikia eta Harrapari Profesionala, funtsean, ez dira hain desberdinak. Desertuetako putzuak, izarrak, loreak… denak dira bat.

– Eta zertarako nahi dituzu izarrak zeure egin?
– Aberatsa izateko balio dute.
– Eta zertarako nahi duzu aberatsa izan?
– Izar gehiago erosteko… Papertxo batean idazten dut zenbat ditudan. Eta gero, paper hori, giltzadun tiradera batean gordetzen dut.
– Eta hori da dena?
– Nahikoa da horrekin!
– Dibertigarria da…

Ego dixi.