Otsailak 4: No War on Iran

Guztion begien aurrean pelikula anker eta odoltsu baten gidoi ezaguna antzezten ari dira berriro. Baina aukera honetan odola pantailatik ateratzeko eta, gutxienez, gure ikusle aurpegia zipriztintzeko arriskua dago.


Afganistan, Irak, edo Libiarekin bezala, gidoia era mimetikoan errepikatzen ari da Iran eta Siriarekin. Pelikula honen amaiera zein izan daitekeen guztiok dakigu; egungo Irak, Libia edo Afganistan ikustea besterik ez dago. Irak suntsitu eta ?erdi arora? eramango zutela esan zuen agintari estatubatuar batek eta zentzu horretan arrakasta handia lortu dute.

Baina ez gaude Irak, Afganistan eta Libia inbaditu zuteneko baldintza berberetan. Orain inbasio horiek mundu mailako gatazka bilakatu daitezke; Errusia eta Txina ez daude prest besoak gurutzatuta itxaroteko haien aurkako inguratzea Europar Batasunak eta Estatu Batuek estutzen duten bitartean.

Osagai horri beste bi aldagai kezkagarri gehitu ahal zaizkio; batetik arma nuklearrez gainezka eta, dakigun bezala, basakeri guztiak egiteko prest dagoen Israelek edozein unean Irani eraso egiteko borondatea agertu du, eta bestetik, egunez egun larriagotzen ari den kapitalismoaren krisiari ondo etorriko litzaioke guda handi bat. Dena (edo ia dena) suntsitu ia dena berreraikitzeko. Azken munduko guda gogoratzea besterik ez dago; krisia, inperioen arteko lehiak eta iraultzari beldurra ziren beren osagairik nagusienak.

Afganistan, Irak edo Libiarekin ez bezala, honetan era ez ofizialean jada hasi den eraso honek bere ondorio nabarmenak izango ditu gure artean laster. Europar Batasunak (hau da, gure herriek hautatutako gobernuek) Iranen aurkako gudaren prestaketan emandako azken urratsak, Irango petrolioari blokeoa egiteak, gure poltsikoan kolpatuko du. Iran Espainiako bigarren hornitzailea izanda (Errusia eta gero) eta Espainiaren menpekoak garen aldetik, erregai eta beste kontsumo-gaien salneurriak igoko dira gehiago. Baina hau gaitz txikia izango da, hasieran behintzat, Irango edota Siriako herritarrek nozituko dutenarekin alderatuta.

Guzti hau dela medio, otsailak 4 mundu mailako mobilizazio eguna antolatu dute gudaren aurkako antolakunde batzuk, prestatzen ari diren Iranen aurkako salaketa egiteko. Hutsuneak dauzkan deialdia iruditzen zait (nire ustez Iran baino lehenago Siria izan daiteke erasota) baina Europako eta Euskal Herriko erakunde internazionalisten eta ezkerrekoen aldetik gai arriskutsu honekin dagoen geldotasuna ikusita aurrerako urratsa iruditzen zait.

Ez dut deialdirik entzun Euskal Herrian, baina ondo legoke, dagokigun ardurari eusten, kontzientziazioa eta mobilizazioa lantzen hastea, inbasioak hasi baino lehen. Gaur egun inperialismoaren erasorik gogorrenak eta sarraskirik basatienak Afrikan eta Ekialde Ertainean gertatzen ari dira, Latinoamerikatik urrun.