Badatozela Bardoak!

bardoak2Bardoak omen datoz Nafarroara (inoiz joan baziren!). Baina zer edo nor dira bardoak? Wikipediaren arabera, bardoa edo koblari zelta Europako historia klasikoko pertsonaia da, euren herrien gertakizunak abesten dituena. Gartxot filmean ezagutu ditugu, berriki. Gurean, berriz, ohikoak izaten dira besta, kultur ekimen, ekitaldi politiko eta bertzelakoetan. Bertsolari izenaz ezagutzen ditugu egun.

Nafarroako Bertsozale Elkartearen ekimenez, bi urtean behin etortzekoak dira. Orain arte, urtero-urtero antolatzen zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Iaz, baina, iragarri zuten aurrerantzean ez zela urtero eginen, bi urtetik behin baizik. Eta beraz, aurten ez da Nafarroako Bertsolari Txapelketarik izanen. Eta hark utzitako hutsunea betetzera dator Bardoak ekimena.

Taldekako bertso ekimena da Bardoak. 17 talde eta 99 parte hartzaile ariko dira, horietatik 51 bertsolariak. Talde bakoitzean 3 bertsolari, gai jartzaile bat, antolatzaile bat (edo gehiago) eta epaile bat ariko dira, herriz herri ibili ere. Otsaila eta martxoan zehar 24 saio eginen dituzte, bertze hainbertze herritan.

Saioak puntuagarriak izanen dira, sailkapena egonen da, baina ez du txapelketa izaera izanen. Ekimenak bukaerako saio berezi bat ere izanen du, Leitzan jokatu dute hiru taldek, martxoaren 31n.

Saioen, parte hartzaileen, eta ekimena beraren gaineko informazio guztia dago Bardoak-en webgunean.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.