Oraingoz, estralurtarrik bakarrak geu gara

Oraingoz, estralurtarrik bakarrak geu gara –

Amatiñok bere blogean.

NASAk egitasmo bi ditu indarrean, aldi berean, estralurtar bila. Bata, Lurretik 1.500.000 kilometrora, 10.000 milioi dolarreko aurrekontuaz, galaxiak kirikatzen diharduena. Bestea, 100.000 $ besteko kontuaz, troposferatik (10-12 km.) ezertarako ateratzen ez dena. Paradoxa bada ere, iritzi publikoari bigarrena interesatzen zaio, plater hegalarik ba ote dagoen jakiteko.
OHE. Objektu Hegalari Ezezaguna, 1952

Mutikoa baino ez nintzen ni, 1957 urte inguruan -“ovnien”, martetarren eta bestelako estralurtarren bisitak joeran jarri zirelarik-, frantseseko irakasleak harakorik ulertzeko testua eman zigunean, irakurgai gisa. Tesia zera zen, frantsesez jakina: “Gizakiak sekula ez zuen plater hegalaririk behatu hegazkinak asmatu arte. Europako herri-tradizioaren mito eta ipuinetako animaliak, otsoak, hartzak, basahuntzak eta akerrak dira beti; sekula ez, ordea, lehoirik, jirafarik edo elefanterik, Eta basamortuetan barau egiten duten fraile bakartien amesgaiak, jan-edanak eta emakume biluziak baino ez dira izaten. Bakoitzak  ez du ikusten desio duena besterik, eta desiatzeko, aurrez desioa ezagutu behar da”.

Zazpi hamarkada geroago NASAk 100.000 $ besteko txostena egin behar izan du, bederatzi hilabetez, estralurtarren bisitaren ebidentziarik ez dagoela segurtatzeko. Nik uste dut, ordea, txostena egiteari hasi aurretik ere bazekiela horrenbeste. Estatu Batuetan jirafarik ez dagoena bezain seguru. Gauza bat da noizik behin, han-hemenka, sumatzen omen diren UAP-en (Aireko Fenomeno Ezezagunak) nondik norakoa aztertzea eta, beste bat, bizitza estralurtarraren itxaropenetan lorik ez egitea. Unibertso infinitoan, infinitoak dira bizitza estralurtarra izateko aukerak. Hartara, zentzurik izango luke 30.000 argi-urteko erradioan inor gehiago bizi ote den galdetzeak, baina ez du batere zentzurik baserri ondoko soroan lur hartuko ote duten pentsatzeak.

Une honetan, Ipar Ameriketako NASAk, Europako ESAk eta Kanadako CSAk indarrean (2005-2024) dute JWST egitasmoa (10.000 milioi $), James Webb espacio-teleskopioa Lurretik 1,5 milioi kilimetrora eguzki-orbitan jartzeko, hiru helburu nagusiz:

  • Nola osatu ote ziren galaxiak aztertu.
  • Gure eguzkia-sistematik kanpora, planeta bizigarririk ba ote dagoen jakin.
  • Eta ezagutu, Lurra planeta ote den bizirik duen bakarra.

James Webb teleskopioa 2021eko abenduaren 25ean jaurti zen espaziora, aurtengo otsailean zehar hasi zen lehen argazkiak bidaltzen, eta aurtengo udaberritik aurrera ari da sekulako argazki ikusgarriak eta informazio baliotsua igortzen.  Adibidez baino ez:

  • Esne Bidea galaxiatik atera gabe, Karina Izar-lainoaren (7.000 argi-urte) eta Kreazioaren Zutabeen (6.500 argi-irte) argazkiak.
  • 700 argi-urtera, gure eguzki sistemaren kanpoko karbono-dioxidoaren lehen froga.
  • Eta, Esne Bidea galaxia baino harago, Tarantularen izar-lainoaren (170.000 argi-urte) argazkia.

Hartara, bizitza estralurtarra aztertu dezaketen bi egitasmo ditu aldi berean NASAk. Hogeitaka urtez eta 10.000 milioi dolarreko aurrekontua duen JWST delakoa, batetik; eta bederatzi hilabetez, 100.000 dolarrez jardun dena, bestetik. Lehena Lurretik 1.500.000 kilometrora, eguzkiaren orbitan diharduena; eta bestea, segurutik troposferatik (10-12 km.) inoiz atera ez dena.

Paradoxa bada ere, lehenak, galaxiarik galaxia aritu arren, ez du oraindik bizitzaren aztarrenik aurkitu eta ez du azalpenik eman beharrik sentitu, ez baitu inoren eta inongo presiorik jaso. Bigarrenak aldiz, nahiz mendiz mendi eta hodeiz hodei baino ez jardun. bizitza estralurtarraren ebidentziarik ez duela topatzen aitortu behar izan du, zenbait hiritar ezjakin eta zazpikiren egonezina lasaitzeko.

Itxura guztien arabera, orain arte behintzat, estralurtar bakarrak gizakiak gara. Eta bestelako emoziorik nahi duenak hobe du Orson Wells-en “Munduen gerra” irratsaioa (1937) USBz deskargatu eta soinean eraman, martetarren abstinentzia-sindromea suspertzen zaionean lasaigarri gerta dakion.

Oraingoz, estralurtarrik bakarrak geu gara
Tarantula laino-izarra. 170.000 argi-urtera dago eta mila argi-urteko diametroa du

Oraingoz, estralurtarrik bakarrak geu gara Oraingoz, estralurtarrik bakarrak geu gara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude