Nazionalismo norgehiagokak Europan (Ingalaterra) III

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Ingalaterra) III –

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Ingalaterra) IIIHirugarren artikulu honetan, Shakespeare eta Ingalaterra izango ditugu ardatz. Ingalaterraren gorazarre handi bat John of Gaunt Lancasterko dukearena (1340-1399) da. Nazionalismo humanisten topikorik ohikoena izan ohi da norberaren herri edo nazioak Erromari aurre egin izanarena; erromatarrek norberaren nazioa ez zutela menderatu edo behintzat haien parekoak izan zirela, haien aliatuak edo, arbasoak.

Ildo horretan, Shakespeare ez da ingeles nazionalismoaren aldarrikatzaile izateagatik famatua, baina Joxe Azurmendik haren obra guztiak irakurririk, haren idazlan askotan aurkitu ditu ingeles nazionalista sutsua izan zela frogatzeko aztarna ugari.

Cymbeline fartsan, kasu, Cunobeline “britoien erregearen” elezaharra baliatzen du Erromak inoiz menderatu ezin izan duen Ingalaterrari gorazarre egiteko. Nahiko katramilatsua da istorioa baina funtsa sinplea da: Erromak ingelesei tributua galdegin dienean, beste herri konkistatuei bezala, Cymbeline buruzagi britoia eta bere herria armetan altxatu dira eta uko egin diote mendekotasun aitortzari. Ingalaterra betidanik nazio burujabea izan baita. Hala bada, Erromak gogor eraso dio eta ingeles herriak ez du ezein jaun arrotzen nagusitasunik onartzen eta prest dago aberriaren alde bizia emateko. Gerran erakusten baita aberriaren maitasuna. Horrek berdin balio du zaldun edo oinezkoentzat, goi eta behe eta erdiko klaseak bat eginda baitaude arrotzen hiltzeko. Gainera, hiru ingeles adoretsu eta bipil nahikoa dira eurek bakarrik legio erromatarrei buru egiteko.

Zer da aberria? Ama da, nazioa familia bat. Ingeles guztiak anaiak dira, Ingalaterra guztia familia bat. Hizkuntza ere bada aberria. Ibiltzen garen lurraldean bizi garen bezala –sorlekuan–, darabilgun hizkuntzan bizi gara. The Famous History of King Henry the Eight-ean, Katalina erreginak, sortzez espainola izanagatik, Ingalaterrara etorririk ingelesa ikasi du eta ingelestu da, eta ez du nahi artzapezpikua latinez mintza dakion, baizik eta bera bizi den hizkuntzan (“the language I have lived in”).

Beste obra batzuetan bezala, King Henry V-en bigarren mailako pertsonaiak ageri dira, figura komikoak. Errege ingelesaren zerbitzuan mertzenario eskoziarrak, irlandarrak, galestarrak dabiltza euren hizkera lardatsekin (good morrow, gud-day…) ingelesez gaizki mintzatzen direlako tontotzat hartuak (Cervantesen bizkaitarrak, euskaldunak, bezala). Baina Shakespeare ez da sinplista. Tropa ingelesean diluituak egon arren, eskoziarrak, irlandarrak, galestarrak, beren nazio bereziaz harroxko sentitzen dira nonbait!

Shakespeare baitan sumatzen den Ingalaterra modernoaren kontzientzia nazional/nazionalista (Ernazimentukoaz ari garela) inguruko nazioen kontrakarrean mamitua da: Eskozia, Gales, Irlandaren, eta Frantzia eta Espainiaren aurka. Hala, Ingalaterraren bikaintasuna “bestearen” gutxiespenarekin biribiltzen da.

Obra bat dago frantsesen topikoak modu bihurrian jorratzen dituena: King Henry VI draman. Nazionalismo frantsesaz trufatzeko Joana Arc-ekoaz burlatzen da. Shakespearen antzezpenean, Joana Arc-ekoa frantsesentzat gerran, oroz lehen, euren buruzagia da, zeruak igorritako salbatzailea, birjina, santua, San Dionisioren (Saint-Denis) tokian Frantziaren patroitzat har daitekeena. Ingelesentzat, aldiz, Joana, Frantzia eta frantsesen izaera errepresentatzen duena, anbiguotasunez josia: birjina, sexu limurtzailea, emagaldua, sorgina, abertzale frantsesa eta ingelesen etsaia beti.

Shakespeareren idazlan lotsagabeki nazionalistena Azurmendirentzat, King Henry V drama da. Agincourt-eko (edo Azincourt) guduaren gorazarrezkoa (1415, Ehun Urteko Gerraren baitan, ingelesek Frantzia Iparraldean frantsesei irabazitako gudua), harrokeria ingelesaren laudorioa burutik burura, eta, batez ere, batere legitimaziorik gabeko Frantziaren inbasio ingelesaren zilegiztapen guztizkoa da, argumentu juridikoak omen direnekin bezala, artistaren baliabideekin eta obraren konposizio moldearekin. Errege inbasorea guztiz idealizatzen da. Eliza santuaren lagun egiatia da, aditu handiekin eztabaidatzeko gai den jurista trebea, historian oso ondo informatua, teologoa eta buruzagi militar paregabea.

Ingelesak (erregea bezala soldaduak) apal, jator eta sanoak deskribatzen dira. Frantsesak harro fanfarroiak.

Agincourt, Shakespearek mito bihurturik, identitate nazionalaren sinbolo historiko nagusietakoa da. Garaiezina zirudien handiaren txikiaren garaipena. Ingalaterra txikia da, baina “a band of brothers” da (nazio ingelesaren definizioa). Mundu guztia menderatzen du. Bera da egiaz garaiezina.  Mundu Gerra bietan, teatroak eta filmografiak lagunduta, Agincourten oroipenak propaganda nazionalista asko berotu zuen Alemania inperialaren, lehenik, eta gero, naziaren aurka. Normandiako eta Flandriako fronte gogorretan soldadu ingelesak “a band of brothers” sentitu dira. Westminster abadiako elizan Royal Air Forces-en kapera dago, 1940ko uztailetik urrira aireko gudu erabakigarrian (“The Battle of Britain”) Luftwaffe-ren bonbardaketei aurre egiten eroriei eskainitako oroigarri moduan. Beiratean, Shakespeareren testuko hitz famatu hauek ikusten dira grabatuta: “We few, we happy few, we band of brothers”. Gutxik askori buru egin zienekoa. Identitate ingelesaren marka.

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Ingalaterra) III

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude