Okerreko gorputzaren konkista

Okerreko gorputzaren konkista –

Manu Robles-Arangiz fundazioak sarean duen Kafeskistan hausnarketa foroan Miquel Missé soziologo eta trans aktibistaren ‘A la conquista del cuerpo equivocado’ liburua izan berri da aztergai.
Okerreko gorputzaren konkista

“Gure gizartean finkatuta dauden gizon eta emakume kategoriak hain dira zurrunak, jende asko kategoriotatik kanporatu egiten direla. Zaila da gizon maskulino edota emakume femenino izatea, eta pertsona askok porrot egin dutela sentitzen dute. Are gehiago, esango nuke ohikoa genero arauen betetzean porrot egitea dela”. Miquel Missé soziologo eta trans aktibistaren hitzak dira, A la conquista del cuerpo equivocado liburuan.

“Genero ondoeza sentitzea, ez da trans jendeak soilik bizi duen esperientzia minoritario bat, kontrakoa baizik. Ondoeza hedatua dago… trans esperientzia, hedatua dagoen ondoez hori kudeatzeko modu posibleetako bat da. Trans esperientzia ondoez bati aurre egiteko irtenbide posible bat baino ez da, eta gakoa ondoez horri erreparatze da. Ondoez hori dagoelako existitzen da transexualitatea, eta hori, genero-kategorien zurruntasunaren sintoma da”.

Genero ondoeza, trans pertsonek bakarrik ez, gutariko askok ere sentituko genuen: guk, zuk, nik, ondokoak… Oinarrizko zoru horretatik abiatuta Misséren liburuak badu bertute handi bat: berehala irakurlea, trans esperientziatik urrun bizi badu ere, berehala bereganatzen duela, interpelatua eta islatua sentitu delako. Liburu paragrafo horiek, ez al zaituzte harrapatu?

Begiz jota genuen liburua, eta autorea bera gonbidatu genuen joan den maiatzean Kafekistanera. Espazio hau, pandemiako itxialdi garaian, gai ezberdinen inguruan solasteko, edo elkarrekin aritzeko sortu genuen. Gozamenerako, hausnarketa pausatu eta konpartitutzeko eta elkar elikatzeko tartea pentsatu genuen. Online saioan, ohorea izan zen Missé gure artean izatea.

Kezka bizi batek eraman zuen Missé liburu hau idaztera: Trans esperientziaren inguruan azken urteetan nagusitu den pentsamolde mainstreamak, gorputzaren eraldaketan jartzen duela fokua gazte transexualei eskaintzen dien (ia) aukera bakarra, existitzen ez den eta eskuragarria ez den balizko gorputz idealaren bila, eraldaketa prozesua abiatzea.

Bide bakar hau desjabetze bat dela aldarrikatzen du Miquel Missék: norbere gorputzaren desjabetzea. Bere liburuan hori irauli eta gorputzak berreskuratu eta haien jabe egiteko deia egiten du Missék.

Zeintzuk dira gure edertasun ereduak? Zein ispilu eta erreferente? Missék trans ispiluak kontzeptua proposatzen du. Genero trantsizioaren prozesuan murgilduta dauden pertsonek, izan ditzatela trans ispilu-ak zeinetan begiratu. Ispiluaren beste aldean, ez dadila egon gorputz CIS (ez- transexual)  ideal bat; konplexurik gabe trans esperientziaren markak bistaratzen dituen ispilu bat baizik. Beste behin ere, Missék irakurlego zabalari egiten dio dei: trans pertsonez harago, trans ez diren pertsonei ere bai. Gorputz eredu hegemonikoaren atzetik bagabiltza, ez gara inoiz aseko. Sistemak ezartzen dizkigun ideal horiek ez dira ukigarriak, ez dira osasungarriak. Finean ez dira existitu ere egiten, eta gainera, gorputz ideal horretara gerturatuta ere, ez dira gure ondoezak konponduko.

Enpatiaren balioa

Kafekistan espazioan gai hauen bueltan hausnartzea zoragarria izan da: liburuaren irakurketa sakonagoa egiteko parada eman digu, era pausatuan hausnartzeko, aldamenekoaren sentsazioak entzuteko, lerro artean irakurtzeko… Liburuak galdera zaparrada planteatzen ditu, eta taldean partekatzen badira, galdera hauek biderkatu egiten dira. Azken batean, liburua norberak bere etxean irakurtzea baino askoz ere aberasgarriago izan da. Baita liburua irakurri gabe ere saioan parte hartzeko aukera izan dutenentzat ere.

Liburua eraikitzailea, iraultzailea, kitzikagarria, pedagogikoa eta zentzu batean terapeutikoa ere badela esango nuke, sendagarria. Trans esperientzia jendartearen bazterretatik, erdigunera dakar binarismoaren deseraikuntzan aurrerapausoak emateko indar gisa, genero egiturak beraiek auzitan jarriz.

Liburuak planteatzen dituen gaietako batzuk, mundu sindikalera ere ekar litezke, mundu sindikalaz ere hausnartzeko. Missék, enpatia oinarrizko ezaugarria delako uste du, trans esperientzia besarkatzeko. Hau da, enpatia gaitasuna duenak, trans mundua ulertzeko gaitasuna du azken batean.

Enpatia duen gizon heterosexualak, beste gizonekiko desioa sentitzen ez duen arren, desio hipotetiko hori irudikatzeko gaitasuna daukan bezala. Eta honenbestez, gay pertsonen mundua ulertzeko.

Enpatia, ezinbesteko bertutea da ere mundu sindikalean. Planeta, pertsonak, emakumeak, bizitza, migratuak azpiratzen dituen sistema zoro honek, inbidualtasuna elikatzen du egunetik egunera. Kapitalismoak bere burua berrasmatzen dut egunetik egunera, mundu gero eta indibidualizatuagoa produzituz. Sindikalismoa horri aurre egiteko tresna bat da: indibidualismoaren aurrean, klase identitatea, klase elkartasuna erdigunean jarriz. Enpatia duen langileak, bereak ez diren minak ere, bere sentituko ditu: garbiketa lanetan dabiltzan emakumearenak, lan karga gogorrenak jasaten dituen etorkinarenak, behin-behinekotasunean bizi den funtzionarioarenak, hitzarmenik ere ez duen langilearenak, azpikontrata batean baldintza oso prekarioetan lanean ari denarenak…

Azken batean, Misséren liburuak enpatia bezalako gaitasun bat balioan jartzeak, ez da makala!

Okerreko gorputzaren konkista

ELA sindikatua

Zer duzu buruan “Okerreko gorputzaren konkista”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-09-24 13:57

    Erreseina honetan esan denetik, Miquel Misséren pentsamenduari ikusten diodan alde ona da bera behintzat ez dela ibiltzen transexual batek lor dezakeen “passing”ari buruz expektatiba irrealak sustatzen. Hori behintzat ongi dago.

    Bestalde: “Binarismoaren deseraikuntza”… klaro baietz:

    Sexu-dimorfismoa ez da ideologia, ez konstrukto sozial, ez antzeko ezer. Sexua binarioa da: faktore biologiko-kimiko anitzen ondorioa, baina binarioa. Gure gorputzen zelula bakoitza sexuatua da, gure sexu berekoa.

    Jaiotzen garenean edo, lehenago, ekografian, ez digute sexu bat “esleitzen”, baizik begibistan dena ikusi. Genital anbiguoen kasuan (kasu urri-urriak), badira teknikak jaioberriaren sexua jakiteko.

    “Intersexualitate” delakoa ez da hirugarren sexu bat edo hermafroditismo mota bat, baizik eta sexu-garapenaren nahasmendu multzo ikaragarri zabal eta askotarikoen ondorioa. Mota anitz dira, batzuk ondorio larririk gabekoak eta beste batzuk, berriz, bizitzarekin bateraezinak.

    Sexualitatea, aldiz, ez da binarioa, inondik ere. Hala ere, sexu-erakarmena ezin liteke gorputz sexuaturik gabe ulertu.

    Miquel Missek, kafe-tertulia hartan arestiko guztia entzun izan balu, beharbada begiak zuri-zuri jarri eta putz egingo zukeen; ze jende zaharkitua eta demodé, la mare de deu.

    Miquel Missék transexualen genero-disforia, ondoeza, disgustua parekatu du gizon-emakume guztiok, gutxi-asko, gure gorputzarekin dauzkagun desenkontru eta disgustoekin. Finean, denok daukagu disforia. Jakina. Batek liposupzioa egin nahi du eta besteak bularrak ebaki.

    Honenbestez, ni Injustoa, zitala, astazakila izaten ari al naiz transexualitatea, genero-disforia, “trans experientzia” demagun, anorexia eta bulimiarekin parekatzen badut?

    Erretorika dekonstruktibista eta queer artean, azkenean aitortu ote dio Miquel Massék bere buruari, bera, ziurrasko, emakumeak gustatzen zaizkion emakume bat dela eta kitto?