New York Times (1899) euskaldunei buruz: “Askatasunaren maitasun kartsuagatik dira ezagunak”
New York Times (1899) euskaldunei buruz: “Askatasunaren maitasun kartsuagatik dira ezagunak”
New York Times-eko berriemaile batek -ez da izenik agertzen- 1899 urtean Euskal Herria gurutzatu zueneko kronika argitaratu zuen egunkariak 1899ko irailaren 3an. Euskaldunen izaera, paisaien berezia, euskararen zailtasuna, foruak… batzuetan zehatz, bestetan topikoz blai, hamaika kontu idatzi zizkien New Yorkeko irakurleei.
Entziklopeia bailitzan, “Euskal probintziak”, titulatu zuen NYT egunkariko kazetariak kronikari hasieran emateko. Bigarren mailan, “Biztanle historikoen etxeak eta ohiturak. Pirinioetako zaindariak”, gehitu zuen idatzitakoaren aurrerapen gisa.
Euskal lurraldeetara zeharka heldu zen idazlea, Santiago bidea lagun batekin ekitear zela. Donostian hartu zuten trena 1899ko udazkenaren atarian, “hiru euskal probintzietako hiriburuetako batean”. Amorebietan zuen helmuga. “Espainiako modako treneko” lehiatilatik begira, Kantauri isurialdeko paisaia menditsuek eta basoek harritu zuten kronikaren idazlea: “Eskozian bezala, soberako txilar eta ote zurien edertasunean”.
Euskal jendea definitzeko erabiltzen duen lehen esaldiak “aurreztaileak” direla dio, izan ere “beraien lurrak gehienezkoraino landatzen dituzte”. Nekazarien txapel urdinek eta mendi puntako baratzeek irudi “pintoreskoa” osatzen dutela iruditzen zaio. Iruditerian gordeta dugun Euskal Herri idiliko hura deskribatzen du idazleak. Trenaren trikili-trakalarekin aurrera, karlisten kontrol-dorre suntsituak ikuskatu zituen.
Aurreztaileak izanagatik, oparotasunean bizi dira euskaldunak: “errespetuzko jende duinak diren menditarrak”. Euskararen berri izan zuen kronikagileak, baina zerbait ikasteko ahalegina egin baino hizkuntzaren zailtasun deabrutiarrean jarri zuen azpimarra. “Asiar tipokoa” dela idatzi du, horrek zer esan nahi duen zehaztu gabe. “Euskaldunek sinisten dute Eden-eko lorategietan hitz egiten zen hizkuntza dela”, aipatzen du, “eta 25 euskalkitik gora ditu”. Idazlearen iritziz, “hain da zaila ikastea, ezen George Borrow berak muga handiekin hitz egiten zuela”. Euskara ikasle batek hizkuntza ikasteko “borroka” ere kontatzen du. “Solomon idatzi eta Nebuchadnezzar ahoskatzen dute”.
Hizkuntzaren mistizismoarekin segiz NYTko berriemaileak zera dio: “Euskaldunek indarraren bertutea hain hizkera marmartiarekin lotzen dute”. Antza, deabrua berak ere ezin izan zituen lau hitz ikasi, zazpi urtez ikasten saiatu eta gero. “Bizitza osoa euskara ikasten egongo bagina ere, ezingo genuke deabrua baino azkarragoa izatea espero”.
Euskal Askatasunen Galera
“Euskaldunak ezagun egiten ditu haien askatasunaren maitasun kartsuak”. Egudonko laudorio ohoretsuarekin ekiten dio New York Timeseko kazetariak erreportajearen bigarren atalari. Horrela zehazten du hurrengo lerroan askatasunaren erreferentzia: “Nekazaria bere baserriaren jabea da, eta bere era tradizionalean lan egiten tematzen da”. Foruen galeraz eta Gernikako arbolaren esanahiaz aritzen da zati honetan. Lehenbiziko paragrafoko kontakizuna itzultzeko modukoa da; euskaldun burugogorra bere gordintasunean:
“Ingeniari ingeles bat Araban zehar trenbidea jartzen ari zela, gizonek saski bete lur buru gainean motel eta nekez mugitzeko teknika albora zezaten gogor saiatu zen. Gau batean, saski guztiak kendu zizkien eta haien lekuan eskorgak jarri. Baina, euskaldun aldaezinek eskorgak buru gainean jarrita mugitu zuten zama, lotsatuta, [ingeniari ingelesak] saskiak itzuli zizkien arte”
Amorebietako geltokian jaistearekin batera Gernikaranzko bidea hartuko zuen trenean sartu ziren. Han, Espainiako erregeek nola Foruei zin egiten zieten kontatzen du. “Foruek errepublikar konstituzio bat bermatzen zuten, ia demokrazia ideala, Espainiari zergetatik libre eta zerbitzu militarrik gabe”. 1899an idatzitakoak oso hurbil zuen Foruen 1876ko deuseztapena. Kazetariak, gatazkaren luzapena iragarriz, Alfontso XII. erregeak hirugarren karlistaldi bat hastea kontuan beharko lukeela dio. “Zalantzagarria da inoiz Foruak Gernikako arbolaren habira itzuliko ote diren”, asmatu zuen.
(Lehenbiziko zatia. Jarraipena izango du)
New York Times (1899) euskaldunei buruz: “Askatasunaren maitasun kartsuagatik dira ezagunak”
New York Times (1911): “Euskaldunak, urteetan portutik igaro diren atzerritar arraroenak”